Domusa Teknik Team sortu dute, mendi lasterketetan lehiatzeko taldea

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 2a, 09:03

Aritz Egea Domusa Teknik Team-en ariko da. (Alex Berasategi / Domusa Teknik Team)

Domusa Teknik 40MLK probaren bueltako dinamikatik jaio da taldea. "Lagun talde baten ekimenez sortu" duten proiektuaren berri eman dute egunotan sare sozialen bidez. Talde berrian ariko diren lehen izenak ere jakinarazi dituzte: Aritz Egea urretxuarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Goar Lopetegi ibartarra.

Trail eta ultra trail erako mendi lasterketetarako talde berri baten sorrera iragarri dute egunotan sare sozialetan. Domusa Teknik Team izenarekin, trail munduan lehiatzen diren "Euskal Herriko kirolarien aldeko apustua" egingo du Domusa Teknik 40MLK probaren bueltako dinamikatik "lagun talde baten ekimenez sortu" duten taldeak.

"Proiektua aurrera ateratzeko, indartuz joateko eta euskal trail mundua eraldatzeko ilusioz" agertu dira proiektuaren sustatzaileak. "Talde bat baino gehiago da, trail mundutik sortu den familia bat", diote. Domusa Teknik Teamen ariko diren kirolari batzuen izenak ere aurreratu dituzte: Aritz Egea urretxuarra –Domusa Teknik 40 MLK-ren lehen edizioaren irabazlea–, Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Goar Lopetegi ibartarra dira jakinarazi dituzten lehendabizikoak. "Proiektuari forma ematen hasi ginenean ez genuen uste horrelako proiektu indartsua osatzea lortuko genuenik, baina oso harro gaude lortu dugun babesarekin eta, batez ere, korrikalariek erakutsi duten konpromisoarekin", adierazi dute talde sortu berriaren sare sozialetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide