Piaspe proiektu eolikoa

Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik taldeek manifestazioa deitu dute, mendietan zentral eolikoak egitearen aurka

Ane Olaizola 2023ko mar. 4a, 12:42

Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez! taldeen agerraldia. (Ane Olaizola)

Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, manifestazioa antolatu dute Azpeititan hilaren 18rako. Taldeen esanetan, "arrazoi anitz" daude entral eolikoen eta energia trantsizioaren inguruan duten jarrera erakundeen aurrean azaltzeko, eta herritar guztiei dei egin diete mobilizazioan parte hartzera. 

Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik herri ekimenek agerraldia egin dute gaur eguerdian Azpeitiko Izarraizko Atea parkean, Oleta —Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio-Itsaso artean— zein Sañoa mendietan —Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan— jarri nahi dituzten zentral eolikoen inguruan azken asteetan jazo direnak azaltzeko zein hilaren 18an Azpeitian egingo duten manifestazioaren berri emateko. Egun horretan, 19:00etan egingo dute protesta, eta plazatik hasita, Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean zeharkatuko dituzte kaleak. Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik taldeen esanetan, arrazoi "anitz" dira zentral eolikoen eta energia trantsizioaren inguruan duten jarrera erakundeen aurrean azaltzeko, eta herritar guztiei dei egin diete mobilizazioan parte hartzera.

Capital Energyk Oletan eraiki nahi duen Buruzai proiektu eolikoari dagokionez, taldeek jakinarazi dute Azkoitiko Udalak bertan neurgailua jartzeko baimena eman diola enpresari. Bi taldeek azpimarratu dute "kezkaz" bizi dutela udalak enpresa bati "bere etekinak lortzeko ateak horrela zabaltzea"; "batez ere, udalaren esanetan, apenas informaziorik ez dutenean", gaineratu dute.

Bestalde, Sañu Bizirikek mozioak aurkeztu ditu Zestoako, Errezilgo eta Azpeitiko udaletan. Zestoan, udalbatzak aste honetan bertan landu du adierazpen hori, eta taldearen mozioa aurrera atera ez den arren, hark "interesgarritzat" jo du Zestoako Udalak "herritarren eta herriaren beharrak makroproiektuen aurretik" jarri izana. Azpeitiko Udalak datorren astearteko udalbatzarrean landuko du mozioa, eta Zestoako Udalak egin duen "gauza bera" egin dezala eskatu dio Azpeitikoari. "Bertan lan egin eta bizi diren bizilagunen beharrak lehenetsi eta landa eremuak industrializatzeko asmoak bertan behera laga ditzala".

Trantsizioa, "edonola" ez

Taldeek propio egin dute gaurko agerraldia Izarraizko Atean, hirietara berdeguneak eramatearen "ikur" ari delako bilakatzen espazio hori: "Udal agintariek baratzeak, espazio naturalak edota berdeguneak herrira eraman nahi dituzte, herritarrek horiez goza dezaten. Aitzitik, naturalki berdeak diren guneak industrializatu nahian dabiltza, energia burujabetzaren izenean, enpresa handien gosea asetzeko".

Haien arabera, klima larrialdiari aurre egiteko ezinbestekoa da, "komunitarioki eta bertatik hasita", energia trantsizio "sakona" egitea, baina azpimarratu dute klimarena ez dela mundu mailako krisi bakarra: "Hor ditugu elikadura krisia, baliabide naturalena eta biodibertsitate galerarenak. Ezin dugu ahaztu, ezta, gure bizimodu erosoak mantendu zein energia berriztagarriak sortzeko behar diren tratamenduak egiteko, Iparraldetik Hegoalde globalean eragiten ari garen mineralen eta lurren ustiapena".

Energia berriztagarriak erabiltzea "ezinbesteko" bihurtu zaio gizarteari, "edonork nahiko lukeena baino epe motzagoan". Baina taldeek adierazi dute energia trantsiziorako lana ezin dela egin "edonola". "Eraldaketa bide horretan, inguruneak eta bertatik bizimodua ateratzen duten baserritarrek ere, beste faktore guztien pareko garrantzia izan beharko lukete". Haien arabera, "orain" dago aukera "energia trantsizio eraldatzaile" bati ekiteko, baina martxan diren eredu "jasangarriago eta demokratikoei" jarraipena emateko ere.

Izan ere, manifestazioaren deitzaileen ustez, makroproiektuek proposatzen duten "sorkuntza-eredu zentratzaileak" hazkunde ekonomikoa helburu duen "orain arteko eskema" jarraitzen du. Eredu "diruzale eta suntsitzailearen" aurrean, mendiak "ordezkaezinak eta ukiezinak" direla azpimarratu dute taldeek, eta zero kilometro filosofia defendatu dute: "Zero kilometro energia hirian bertan sortzen dena da, ez menditik sare elektrikoaren bidez ekarri behar dena". Aldiz, zentral eolikoek kalte "berreskuraezin asko" eragiten dituela azaldu dute: "Ingurumenean, bioaniztasunean, erreka eta akuiferoetan, baserritarrei, mendizaleei, ehiztariei, ondare kulturalari eta arkeologikoari, turismoari...".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide