GUTUNA

Euria ere bizia delako

Txillarramendi auzo elkartea 2023ko api. 24a, 19:31

Txillarramendi auzo elkarteko kideak eta beste hainbat herritar, atzo, Sañu Egunean. (Txillarramendi auzo elkartea)

Sañu Egunaren biharamunean, honako gutun hau plazaratu du Txillarramendi auzo elkarteak atzo eskualdeko herrietatik Sañoara bertaratutako pertsona guztiei esker ona adierazteko. Atzokoa festa eguna ez ezik, aldarrikapen eguna izan zela adierazi dute auzo elkarteko kideek, eta "indarrak hartuta", lanean jarraitzeko prest agertu dira.

"Azken astea bizia izan da, hainbeste hilabetez euri eske, eta orain... Ahots baxu-baxuarekin "Igandean ateri eutsiko balio..." eginez. Bada, ez; euria egin zuen, eta kanpoa irabazian!

Entzuna genuen Sañoan, Bentatxoko zelaian, erromeria egin izan zela. Arauntzakoek kontatzen ziguten, urte gutxi iraun bazuen ere, Arroitan San Ferminetan erromeria egiten zela. Kontatzen digute, Arauntzatik Aittola Berrira erromeriara joaten zirela, edo Iturriotzera, eta han ze sestra izaten zituzten errezildarrek eta aiarrek... Garai hartan, oinez, bakoitzak etxeko (baserriko) lanak garaiz egin, auzotarrak elkartu, eta denak batera erromeriara nola joaten ziren kontatzen digute.

Horrelako zenbat istorio entzun izan ditugun! Miresmenez beti, eta inbidiaz askotan. Garai hartan, baserriak jendez, umez, aiton-amonez beteta zeuden, ez ziren osaba-izeba mutilzahar edo neskazaharrak falta, umeen maitagarri. Batzuetan haserre, besteetan triste; lanean, jolasean, dantzan edo bertsoak kantatuz (auzo honetan bazen bertsolaririk, ez pentsa!). Bizirik zeuden baserri eta mendiak.

Atzo, lehen Sañu Egunean, hori guztia berreskuratu genuen. Jende asko etorri zineten, Azpeititik, Zestoatik, Errezildik, Aizarnatik, Zarauztik...

Gure auzoa txikitzat daukagu, bakoitza bere txikitik aritu izan gara, bertan bizi gara, bertatik ere bai. Mendi gainak "bixitu" izan gaitu une askotan, hango eguzki, euri, elur eta laino, hasi Arroitatik, Sañoa, Munomendi, Artzai Gaina eta Etumetaraino. Aurrekoen lan eta izerdiari esker iritsi da inguru hori dagoen moduan gaurdaino, eta horrela irits dadin nahi dugu ondorengoen eskuetaraino.

Atzo ikusi genuen, ordea, txikiak izanagatik, bat eginda gauza izugarriak egiteko gai garela, auzolanean. Atzokoa festa eguna izan zen, baina atzetik lan handia eginda. Auzokoei esker, ardientzako saletxea sukalde bihurtu zen. Hango suak berotu zituen, salda, pintxo eta inguruetako sagardo eta zukuari esker, bertaratu ziren guztien barruak. Hildakoak bizira ekartzeko modukoa zegoen salda, baita bizirik dagoena indartzeko modukoa ere. Bertako eta bertaratutakoak, kontu-kontari, barrez, jolastuz, eskulanak eginez, dantzan... gozatu genuen; eta infernuko hauspoak segi zuen arratsaldean ere sua hauspotzen.

Atzokoa festa eguna izan zen, baina aldarrikapen eguna ere bai. Atzo indarrak hartu genituen, Sañoa bizirik sentitu genuen, eta bizirik segi dezan lanean jarraituko dugu. 

Mila esker denoi!".

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide