Goizaldeko lauretan ireki dute Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidea

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 15a, 10:09

Garabiak lanean, atzo arratsean, Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidean. (Utzitakoa)

Atzo goizaldean kamioi handi bat trabatuta gelditu, eta hura kentzeko lanean ari zirela gainean zeraman hondeamakina erori zen ondoren errepidera. Ondorioz, ia 24 orduz itxita egon da bidea.

Ireki dute berriro, azkenean, Errezil eta Bidania-Goiatz lotzen dituen errepidea. Atzo 05:00 aldera, garraio bereziko ibilgailu bat ez aurrera eta ez atzera gelditu zen GI-2634 errepidean, Errezilgo herrigunetik gora pare bat kilometrora dauden bihurguneetako batean, eta bidea erabat itxita gelditu zen. Kamioia ateratzera joan zirenean, berriz, horrek gainean zeraman hondeamakina irauli, eta makina hori gelditu zen Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidean zeharka, pasoa oztopatuz.

Arratsaldeko azken orduetan, bi garabi handi joan ziren hondeamakina kentzera, eta Ertzaintzak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dioenez, 04:00etan lortu dute, ia 24 orduz itxita egon eta gero, errepidea irekitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide