Euskara lehenetsiko dutela adierazteko, adierazpen instituzionala onartuko dute Uemako kide diren udaletan

Nerea Uranga 2023ko urr. 18a, 18:58

Uemako kide diren udaletako ordezkariak. (Uema)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udal Legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk bertan behera utzi ditu. Horren aurrean, Uemako kide diren udalek euskara lehenesten segitzeko "asmo sendoa" dutela adierazteko adierazpen instituzionala onartuko dute. Azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioarekin ere bat egingo dute udalek adierazpen horren bidez. Urola Kosta eskualdean bederatzi udal dira Uemako kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk, udalei hizkuntza politikarako ahalmena mugatuz. Horien bidez erabaki du udaletan ezin dela euskara lehenetsi. Atzoko epaia "euskararen biziberritzearen aurkakoa" ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada, Uemaren arabera, eta bertako kide diren udalei adierazpen instituzionala helarazi die, udaletan ahalik eta azkarren onartzeko. Adierazpen horren bidez, besteak beste, euskara lehenesten jarraitzeko "asmo sendoa" berretsiko dute udalek, lanean jarraitzeko ezinbestekoa duten "lege-orube sendoa" aldarrikatzearekin batera.

Urola Kostako eskualdeko 11 herrietatik, Aia eta Azkoitia kenduta, beste udal guztiak dira Uemako kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Azaroaren 4ko manifestazioarekin bat

Uemako kide diren udalek onartuko duten adierazpen horren bidez, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deituta duen manifestazioarekin ere bat egingo dute udalek.

Manifestazio horren helburua da atzoko ebazpenaz gainera, aurrez emandako beste hainbat euskararen kontrako epai salatzea. Mobilizazioa Bilbon izango da, eta 17:00etan abiatuko da Euskalduna jauregiaren aurretik, Bilboko udaletxearen aurrean amaitzeko. Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat izango da leloa. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek, eta Bilboko kaleak betetzera eta tokian-tokian mobilizatzera deitu dute. Uemak jakinarazi du udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ordezkaritza "nabarmena" izango dutela manifestazio horretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide