23. Korrika

23. Korrikak baditu kanta eta bideoklipa

Erredakzioa 2023ko abe. 12a, 16:18

Eibarren aurkeztu ditu gaur AEK-k 23. Korrika girotuko duen Harro Herri abestia eta haren bideoklipa. Mursego kantariak ondu du abestia, eta Amaia Badiolak, bideoklipa.

Martxoaren 14n hasiko den Korrikaren 23. edizioak baditu kanta eta bideoklipa. AEK-k gaur aurkeztu ditu Harro Herri abestia eta haren bideoklipa Eibarren (Gipuzkoa), Juan Gisasola musika eskolan. Abesti horrek girotuko du, beraz, martxoaren 14an Irunen (Gipuzkoa) hasi eta hamar egunera, martxoaren 24an, Baionan bukatuko den 23. Korrika.

Maite Arroitajauregi Mursego kantariak ondu du abestia, baina hark nabarmendu du "pertsona askok" egindako lanaren emaitza dela abestia. Arroitajauregik adierazi du kantuak 6-7 zati dituela, kantaren barruan hiru kanta daudela eta "minisintonia moduko zerbait". Horiek horrela, kantu "berritzailea" iruditzen zaio.

Bideokliparen ekoizpenaz Amaia Badiola arduratu da, eta hark Korrikaren aurreko aldietako artxiboko irudiekin osatu du ikus-entzunezkoa. "23 aldik eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere", azaldu du Badiolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide