Kudeaketa Aurreratuaren brontzezko ziurtagiria eskuratu du Urolako Komunikazio Taldeak

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 19a, 20:05

Jaurlaritzako ordezkari baten eskutik jaso du saria Uxua Ostolaza UKTko zuzendari kudeatzaileak.

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu ditu gaur Gasteizen, eta "pozik" jaso du aitortza Uxua Ostolaza UKTko zuzendari kudeatzaileak. Sari banaketarekin, praktika aurreratuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu ditu gaur, asteartea, Gasteizko Europa jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. Aurtengo sari banaketan, brontzezko ziurtagiria jaso du Urolako Komunikazio Taldeak (UKT).

Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak, eta 2020an bide horretan lehen urratsa egin zuen UKTk: hain zuzen ere, diploma eskuratu zuen. Orain, brontzezko ziurtagiria eskuratu du, eta kooperatibako arduradunak "pozik" daude kudeaketan aurrerapauso hori eman ahal izan dutelako. Gainera, erakundeko ordezkariek azaldu dute bide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa dutela. Gaurko ekitaldian, Uxua Ostolaza Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari kudeatzaileak jaso du oroigarria. 

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea. Sari banaketarekin, praktika aurreratuak dituzten eta beren interes taldeen asebetetze orekatuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak. "Sarien helburua da kudeaketan aurreratuenak diren erakundeak identifikatzea eta aintzat hartzea, era horretan Euskadiko sare sozioekonomikoa Kudeaketa Aurreratuak lehiakortasunean duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko", adierazi dute sariaren sustatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide