Maskara nahitaez erabili behar da gaurtik osasun etxeetan

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 10a, 14:12

Maskara baten irudia.

Azken egunotan eztabaidagai izan ostean, maskararen erabilera derrigortzea erabaki du Espainiako Osasun Ministerioak. Hego Euskal Herriko osasun etxeetan eta ospitaleetan nahitaez erabili beharko da maskara gaurtik; ez, ordea, farmazietan eta osasunarekin zerikusia duten bestelako zentroetan.

Azken egunotan eztabaidagai izan ostean, dagoeneko hartu du erabakia Espainiako Osasun Ministerioak: maskara erabiltzera derrigortuko ditu herritarrak osasun etxeetan eta ospitaleetan. Astelehenean Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean kontrako iritziak jaso zituen ministerioak. Besteak beste, kontra agertu ziren Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; maskararen erabilera gomendatzearen alde egin zuten horiek eta beste hainbat erkidegok, baina derrigortasunaren aurka agertu ziren. Ondoren, ministerioak gaur arteko epea eman zien erkidegoei bere proposamenari ekarpenak egiteko, baina hasierako erabakiari eutsi dio ministerioak: Efe eta Europa Press albiste agentziei aurreratu dienez, eguerditik aurrera derrigorrezkoa da maskara erabiltzea Espainiako Estatu osoko osasun zentroetan, baita Hego Euskal Herrikoetan ere. Iturri horien arabera, gutun bidezko ohartarazpena bidaliko die ministerioak erkidegoei xehetasun gehiagorekin.

Aipatutako albiste agentziek argitaratu dutenaren arabera, neurria ez da Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean agertuko: Espainiako Osasun Sistemaren Kalitaterako eta Kohesiorako Legearen 65. artikulua aplikatuko dute. Artikulu horrek ekintza koordinatuak egitea ahalbidetzen dio Osasun Ministerioari estatu guztian.

Neurri berria indarrean sartuta, Hego Euskal Herriko osasun etxeetan eta ospitaleetan nahitaez erabili beharko da maskara gaurtik; ez, ordea, farmazietan eta osasunarekin zerikusia duten bestelako zentroetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide