Domusa Teknik 40 MLK egitasmoaren bueltako lankidetza hitzarmena berritu dute Lagun Onak MBk eta Domusa Teknikek

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 27a, 18:15

Arantxa LarraƱaga, Nagore Alkorta eta Jon Makibar atzo arratsaldean, udaletxean. (Aitziber Arzallus)

Domusa Teknik 40 MLK egitasmoan beste hiru urterako lankidetza sinatu dute Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknik kooperatibak, eta bide horretan babesa emango diela ziurtatu du Azpeitiko Udalak.

Domusa Teknik 40 MLK egitasmoaren bi sustatzaile nagusiek, Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknik kooperatibak, lankidetzarako hitzarmena berritu dute, Azpeitiko Udalaren babesean. Atzo arratsaldean udaletxeko bosgarren solairuan egindako agerraldian eman zuten horren berri, hitzarmena sinatu duten bi aldeetako ordezkariak eta udal ordezkariak bertan zirela. Hitzarmenarekin, gutxienez beste hiru urtez Domusa Teknik 40 MLK egitasmoaren bueltan elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.

Domusa Teknik 40 MLK probak hiru urteotan izan duen bilakaera nabarmendu zuen Arantxa Larrañaga Lagun Onak MBren lehendakariak. "Domusa Teknik 40 MLK ultra trail proba bat baino egitasmo askoz handiagoa da. Domusa Teknik 40 MLK urte guztia hori aurrera ateratzeko lanean ari diren boluntarioak dira; sare sozialetan 4.600dik gora jarraitzaile dituen influencerra da; gure inguruko ibilbideak eta ekoizle txikiak ezagutarazten dituen ekimena; Marea Urdinakekin elkarlanean, inklusiorako urratsak egiten dituen eragilea; eta trail munduan genero berdintasunaren alde lanean ari den ekimen sorta ere bai". Datozen hiru urteetan aurreneko hiruetan bezain ibilbide oparoa izaten badu, egitasmoa urrun iritsiko dela adierazi zuen Lagun Onak MBko kideak.

Jon Makibar Domusa Teknik kooperatibako lehendakariak ere, mendi lasterketa soil bat izatetik harago, Domusa Teknik 40 MLK egitasmoaren bueltan sustatzen diren balioak azpimarratu zituen beste guztiaren gainetik. "Domusa Teknik kooperatibaren balioak %100 betetzen ditu egitasmoak, eta datozen hiru urteetan gure babesa izango du", adierazi zuen, Lagun Onak MBri eta lanean aritzen diren boluntarioei eskerrak eman aurretik.

Bukatzeko, Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza, eta ildo beretik jarraitu zuen hark ere. Lagun Onak MBri eta Domusa Tekniki eskerrak eman zizkien, baina bereziki boluntarioen lana eskertu zuen. "Beti esaten dugu herri bat aurrera joaten dela bertako eragileek egiten duten lanari esker, eta egitasmo hau horren adierazle da". Emakumeak mendi lasterketetara bultzatzeko egiten ari diren ahaleginagatik txalotu zituen antolatzaileak, eta lanean jarraitzera animatu zituen, udalaren babesa izango dutela ziurtatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide