Urrutira joan gabe saioa Oikian izan zen atzo. Erlo Guka Telebistak ibilbide baten berri eman zuen hirugarren denboraldiaren bigarren atalean. Mireia Galarza kazetaria Arantxa Ugarte oikiarrarekin elkartu zen Oikiako Mantzisidor zubian, eta elkarrekin igarobidean hasitako ibilbidea han bertan amaitu zuten. Gaur, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) ikusgai jarri du atzoko saioa eskualdeko bere tokiko hedabide guztietan.
Urrutira joan gabe saioaren beste lau atal eskainiko ditu UKTk datozen lau asteazkenetan, 21:00etan hasita. Datorren astean, Ibai Angulo Domusa Teknik Team taldeko mendi korrikalari azpeitiarrarekin egingo du Galarzak mendi ibilaldia. Saioa telebistan jarraitu ezin dutenek UKTren webgune guztietan ikusi ahal izango dute saioa, gaur bezala, ostegunean.