Eduki babestua

Debagoieneko Lanbide Heziketa publikoak 21 ziklo eta hiru espezializazio programa eskaintzen ditu

Erredakzioa 2024ko api. 8a, 10:00

Datorren ikasturteari begira daude dagoeneko ikasleak eta baita ikastetxeak edo formakuntza-zentroak ere. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak, esaterako, zortzi arlotan banatutako eskaintzak dituzte.

16 urtetik gorako gazte zein helduentzako prestakuntza eskaintzen dute Debagoieneko Lanbide Heziketako zentroek. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak etorkizuneko langileei zuzendutako kalitatezko, doako eta euskarazko zikloak dituzte; hain zuzen ere, 21 ziklo eta hiru espezializazio programa. Horiek guztiak zortzi arlo profesional barnebiltzen dituzte, eta lan mundura edo beste ikasketa batzuetarako bidea dira.

Aurrematrikula eta ate irekiak

Aurrematrikula egiteko epea maiatzean irekiko da, baina ikastetxeak eta haiek eskaintzen dituzten zikloak ezagutzeko, ate irekiak antolatu dituzte hiru zentroetan:

  • Oñati Institutua: apirilak 17 eta maiatzak 15.
  • Miguel Altuna Lanbide Heziketa: apirilak 13 eta maiatzak 7.
  • Aretxabaleta Lanbide Eskola: apirilak 10, apirilak 24 eta maiatzak 8.

Miguel Altuna Lanbide Heziketako makinetako batean lanean.

Formakuntza eredua, egokituta

Lanbide Heziketak duen abantailetako bat malgutasuna da, eta bakoitzaren beharretara egokitutako formazioa hautatzeko aukera luzatzen dute bailarako zentro publikoek.

Ikasleek eredu presentziala aukeratu dezakete, baina baita enpresako eta ikastetxeko jarduna lotzen dituen LH Duala ere: ikasleen %25 dago, hain zuzen ere, aldi berean ikasten eta lanean. Bestetik, praktikak inguruan edo atzerrian –Erasmus+ programaren bidez– ere egin daitezke: egun, zazpiehun ikasle baino gehiago daude era horretan.

EAEko lanbide heziketako zentroetan urtez urte goraka doa matrikulazio kopurua. %40 emakumezkoak dira eta %60 gizonezkoak, eta Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordearen arabera, horien guztien laneratze kopurua %92koa da. Are gehiago, emakumeen presentzia STEAM eta industria arloko lanpostuetan %12koa da.

Aretxabaleta Lanbide Eskolako ikasle batzuk praktiketan.

Oñati Institutuko ikasle batzuk bizikletan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide