SEPEk aurrez aurreko zerbitzua emateari utzi dio Azpeitian, eta ez daki berreskuratuko al duen

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 9a, 16:14

Lanbidek eta SEPEk Azpeitian partekatzen duten egoitzaren sarrera, artxiboko irudian.

Bi administrari laguntzaile zituen Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak Azpeitiko bulegoan; batek erretiroa hartu du, besteak lanpostua utzi du, eta, momentuz, ez da agertu haien tokia beteko duen funtzionariorik. Gipuzkoako gainerako bulegoetan, telefonoz edota Internet bidez eska daitezke SEPEren zerbitzuak.

SEPEren –lehengo INEM– Azpeitiko bulegoa langilerik gabe gelditu da, eta Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak aurrez aurreko zerbitzua emateari utzi dio Urola kaleko 6. zenbakiko egoitzan, Loiola 91 izenarekin ezagutzen den eraikinean. Lanbide euskal enplegu zerbitzuak, aldiz, toki berean jarraitzen du zerbitzua ematen.

Aste Santu aurretik eten zuen SEPEk aurrez aurreko zerbitzua Azpeitian. Azalpen ofizialik ezean, bulegoa itxi egin dutela zabaldu da azken asteotan. SEPEren iturriek gaur baieztatu diote hedabide honi bertan behera utzi dutela Azpeitiko bulegoan ematen zuten zerbitzua, eta arrazoiak azaldu dituzte. Bi administrari laguntzaile zituen Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak Azpeitiko bulegoan; batek erretiroa hartu du, besteak lanpostua utzi du, eta, momentuz, ez da agertu haien tokia beteko duen funtzionariorik. Karrerako funtzionarioa zen jubilatu den langilea, eta bitarteko funtzionarioa, berriz, beste lanpostu bat hartzeko Azpeitikoa utzi duena. Aipatutako iturriek azaldu dute "karrerako funtzionarioek" bete behar dituztela Azpeitiko bulegoko lanpostuak. Horrek esan nahi du SEPEn aritzeko oposaketak gainditu dituztenek aukeratu beharko luketela Azpeitiko bulegoa bertan lanean aritzeko, baina halakorik ez da gertatu orain arte; hutsik gelditu diren lanpostuak noiz beteko dituzten ez dakite zerbitzuaren arduradunek, ezta betetzera iritsiko al diren ere.

Azpeitian zerbitzua berreskuratzea "ez dago gure esku", adierazi dute SEPEren iturriek. Horrekin batera, eta hainbat erabiltzaileri sortutako kaltea alde batera utzi gabe, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren iturriek azpimarratu nahi izan dute Gipuzkoako "beste edozein bulegotan", telefonoz zein Internet bidez jaso dezaketela herritarrek SEPEren zerbitzua.

Azpeitiko biztanleentzat ez ezik, Azkoitiko,, Zestoako, Errezilgo eta Aizarnazabalgo herritarrentzat ere erreferentziazko bulegoa izan da Azpeitikoa. Zarautzen, Eibarren eta Zumarragan, besteak beste, jarraitzen du aurrez aurreko zerbitzua ematen SEPE.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide