Mendietan haize errotak jartzearen aurka dauden zenbait taldek Sañu Eguna antolatu dute igande honetarako: Sañu Bizirikek, Lagun Onak mendi bazkunak, Errezil Bizirikek, Anaitasuna mendi bazkunak, Txilarramendi auzo elkarteak, Agiro mendi klubak eta Sokaitz eskalada taldeak, hain zuzen. Iaz ospatu zuten lehen aldiz eguna, eta aurtengoa bigarren edizioa izango da. Sañoako gailurraren ingurura ibilaldiaz aparte, haurrentzako zein helduentzako jarduerak antolatu dituzte goiz osorako.
Hala, Sañoara ibilaldia eginez ekingo diote igandeari, eta parte hartzaileek lau puntu ezberdinetatik hasiko dute bidea: Errezildik 08:00etan abiatuko dira, Azpeitiko plazatik eta Zestoako Gurutzetik doazenek 09:00etan hasiko dute ibilaldia eta Etumetatik hasi nahi dutenentzat 09:30ean jarri dute hitzordua.
Gora heltzean indarrak berreskuratu beharko dituzte mendizaleek, eta horretarako Sañoako saletxean prest izango dituzte auzotarrek prestatutako pintxoak –borondatearen truke izango dira horiek–. Horrez gainera, salda dastatzeko aukera ere egongo da.
Jarraian, 11:00 aldera, irteerara joan diren guztiek mosaiko bat osatuko dute, eta drone batekin aterako dute argazkia. Ondoren, bi auzotarrek zentral eolikoen inguruko zenbait azalpen emango dituzte, gainerakoek gaiaren berri izan dezaten. Haurrek ere izango dute jolaserako eta ondo pasatzeko aukera, askotariko jolasak egingo baitituzte. Maialen Larrañaga eta Ainhoa Gurrutxaga trikitilariek girotuko dute goiza. Antolatzaileek herritar oro animatu dute giro !alaian" goiz pasa egin eta "txikitu nahian dabiltzan altxorra pixka bat gehiago ezagutzera".
Mendien egunak bailaran
Sañu Eguñaz gain, bailaran ere mendien egunak ospatuko dituzte datozen asteetan, hala nola Kakutako Eguna maiatzaren 5ean, Indamendi Eguna eta Txalintxo Eguna maiatzaren 19an, Xoxoteko Eguna eta Kukuarri Eguna maiatzaren 26an eta Pagoeta Eguna ekainaren 2an.
Halere, egun horietarako prestatutako egitarauak aurrerago jakinaraziko dituzte.