Aldarrikapenak beltz Sañoa gainean

Aitziber Arzallus 2024ko api. 29a, 10:27

Aterki beltzekin miru bat irudikatzen duen mosaikoa osatu zuten Sañoa gainean bildutako dozenaka herritarrek. Aldarrikapenei festa giroan eman zieten jarraipena, iluntzera arte luzatu zuten bazkariarekin.

Eguraldi paregabeak lagunduta, dozenaka lagun izan ziren atzo Sañoako egunean. Adarraren soinuak hasiera emanda abiatu ziren herritarrak Azpeititik, Zestoatik, Errezildik eta Etumetatik Sañoa gainean bat egiteko. Goranzko bidean, Sañu Bizirik taldeak banderolekin markatuta zituen bost aerosorgailuak joango liratekeen puntuak; Sañoa gaineko saletxean, berriz, Txillarramendi auzo elkarteko kideek bezperatik prestatutako jan-edana zain zuten herritarrek. Udaberriko eguzkia epel bazen ere, salda eta pintxoa ederki sartzen zirela baieztatu zuten bertaratutakoak; hori guztia Maialen eta Ane trikitilarien doinuek lagunduta.

Jarraian, aterki beltzekin mirua irudikatzen zuen mosaikoa osatu zuten han bildutako guztiek. Horren ostean, Sañu Bizirik taldeko kideetako batek proiektuaren egungo egoerari buruzko azalpenak eman –proiektua hirugarren aldiz aurkezpen publikoan aurkitzen da, aurkezpen akatsen ondorioz–, eta udalei beren jarrera argi adierazteko garaia iritsi zaiela adierazi zuen hark. "Eskumen ezaren atzean ezkutatzeari utzi, eta gaur gozatzen ari garen  ingurune ederra babesteko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen hasteko ordua dute". Horren ostean, iluntzera arte luzatu zen auzotarren bazkariarekin eman zitzaion amaiera Sañoako bigarren egunari.

Sañu Bizirikeko kideek datorren urtean hirugarren Sañoako eguna egiteko asmoa adierazi dute, "aldarrikapenetik haratago, ospakizun eguna izango den itxaropenarekin, albiste ona izango bailitzateke hori, mendietan zentral eolikoak eraikitzeko asmoak bertan behera utzi izanaren seinale".

(Argazkiak: utzitakoak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide