Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak Azpeititik Bidaniari, Urraki gainetik, doan GI-3740 errepideko seinaleztapena hobetzeko proiektua onartu du, eta orain Bide Azpiegituretako sailak lizitaziora aterako du. Azpeitia, Errezil eta Bidania Goiatz udalerrien arteko errepidean seinaleak eta balizak egokituko dituzte, errepide zati horren segurtasuna hobetzeko. "Seinale bertikalak eta baliza-panelak aldatuko dira, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta, era horretan, ibilgailuen zirkulazioa errazteko", azaldu du Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramaileak. Gainera, aurrerantzean enborreko zirkulazioaren gehieneko abiadura 70 km/h-koa izango da, "trazaduraren ezaugarrietarako egokiagoa". Aurreikusi dute lan horiek egiteko hamabost hilabete beharko direla, eta aurrekontua 327.343 eurokoa (BEZa barne) dela.
Egunero 1.200 ibilgailu inguru
Lantegien sarrera eta irteera orduetan Azpeitia eta Bidania artean trafikoaren intentsitate handia izaten dela adierazi du erabakiaren berri ematerakoan foru bozeramaileak. "Oriako eta Urolako bailaretako industrialdeetako langileen sarrera eta irteera orduetan, zirkulazio intentsitate handia erregistratzen da errepide zati horretan, 1.200 ibilgailu inguru egunean. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezkotzat jo du jarduketa hori egitea", azaldu du Berasaluzek.