Piaspe proiektu eolikoa

Piasperen bideragarritasun teknikoa ez dagoela bermatuta diote udalek

Nerea Uranga 2024ko mai. 22a, 11:52

Koldo Arzallus Errezilgo alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea. (Azpeitiko Udala)

Sañoarako Piaspe eolikoen proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioan, ingurumen inpaktuaren adierazpena eta hirigintza bateragarritasuna aztertu ondoren, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek elkarrekin alegazioak aurkeztu dituzte.

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek batera aurkeztu dituzte alegazioak Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailean Sañoa mendirako proposatutako Piaspe eolikoen proiektuaren gainean, eta adierazi dute proiektuaren txostenak aztertu ondoren, egitasmoak bideragarri izateko baldintza guztiak ez dituela betetzen. Gaur, Piaspe proiektuari alegazioak aurkezteko epea bukatzen den egunean eman dute beren erabakiaren berri hiru udalek.

Hirigintza ikuspegia kontuan hartuta, Piaspek udalez gaindiko eragina du Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurrei eragiten dien neurrian. Gaur egun indarrean dagoen Energia Eolikoaren LPS Lurralde Plan Sektorialak jasotzen du halako azpiegiturak "udal plangintzak eragozten ez duen eremuetan" soilik ezar daitezkeela.

Hiru udalek elkarrekin kaleratu berri duten oharrean diotenez, Zestoan indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera, parke eolikorako bidea eta parkea bera babestutako eremuan leudeke: Gailurrak Babesteko Eremu Berezia, Landa Inguruneko Babes Bereziko Eremua, Azaleko Urak Babesteko Lurzoru Urbanizaezina eta Landa Lurzoru Erkidea. Ondorioz, "aerosorgailuen erabilera bateraezina da Zestoan indarrean dagoen planeamenduarekin".

Azpeitiari dagokionez, udaleko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten teknikoaren arabera, "parke eolikoaren erabilera bateragarria da herriko plan orokorrarekin, baina ez da bateragarria korridore ekologiko eta paisaia intereseko baldintzatzaile gainjarriekin". Beraz, adierazi dute, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaz erabakitzerako orduan, Eusko Jaurlaritzak izango duela azken hitza.

Errezili dagokionez, azkenik, "antolamendu planean aldaketa puntuala egin beharko litzateke, proiektua bideragarria izan dadin".

Hirigintza ikuspegiaz gain, hiru udalek alegazioetan jaso dute azterketa gehiago egin beharko liratekeela proiektuak ingurumen, biodibertsitate zein fauna ikuspegitik izan ditzakeen eraginen inguruan; besteak beste, Piaspe eraiki asmo den eremua, Natura 2000 sarean kontserbazio bereziko izendatuta dauden guneen artean kokatzen delako: Pagoetako Parke Naturala, Izarraitz eta Hernio-Gazume.

Osagai horiek guztiak esku artean, Errezilgo, Zestoako eta Azpeitiko udal gobernuek aurkeztutako helegite bateratuetan ondorioztatu dute "ez direla betetzen proiektua bideragarri izateko beharrezko baldintza guztiak". Hala ere, hiru udalek berretsi dute trantsizio ekosozialerako ezinbestekoak diren energia berriztagarrien aldeko konpromisoa, eta Eusko Jaurlaritzari prozesu hori publikoki gidatzeko eskatu diote.

Esan dutenez, eskala horretako berriztagarrien proiektuak ordenatu ahal izateko, ezinbestekoa da berriztagarrien LPSa onartzea. Eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean adostutakoaren bidetik, deskarbonizazio prozesurako eta klima aldaketaren aurkako bestelako neurriak ere diseinatzea. Gaineratu dute udaletako ordezkariek, "eskala horretako trantsizioak eztabaida publikoa irekitzea eta kontsentsu zabalak lortzea eskatzen du, eta hori, ezinbestean, gidaritza publikoaren bidez egin behar da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide