Oporrak bakean eta giro onean igarotzen ari dira ume sahararrak

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 12a, 10:49

Hamabi haur etorri dira Urola Kostara Oporrak Bakean egitasmoa tarteko. Beste hemezortzi haur Bakelekuetan dabiltza. Udalek diruz lagundu dute proiektua. 

Martxan da Oporrak Bakean programa, eta aurtengoan ere asko izango dira uda Euskal Herrian igaroko duten haur sahararrak. Batzuek harrera familiekin igaroko dute uda, eta beste batzuek, berriz, Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetan. Modu horretan, errefuxiatu sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo pasatzeaz gain, Euskal Herriko familiek herri sahararra lagundu eta beste kultura bat ezagutzeko aukera izango dute.  

Aurten, Urola Kostara hamabi haur saharar etorri dira guztira, Zarauzko Saharautz eta Zumaiako Darahli elkarteen bitartez. Saharautz taldearen bidez, lau haur bertaratu dira uda igarotzera: bat Getariara, bi Zarautzera eta beste bat Oriora. Darahli elkartearen bitartez, berriz, zortzi ume etorri dira Urola Kostara. Darahli elkarteko Samuel Ruizek azaldu duenez, hasiera batean bederatzi haur ziren etortzekoak, baina, azkenean, zortzi bertaratu dira. Azkoitian bi haur izango dira uda igarotzen, Azpeitian lau eta Zestoan bi. Horiek guztiek harrera familiekin elkarbanatuko dituzte datozen asteak. Zumaian, aldiz, azken urteetan ez bezala, ez da errefuxiatu sahararrik izango; izan ere, "azken uneko arazoak tarteko", aurreikusten zuten bederatzigarren haurra ezin izan da etorri.

Uztaileko lehen astean iritsi ziren haurrak Euskal Herrira, eta Ruizek azaldu duenez, harrera familietan dauden haurrak «oso gustura» agertu dira: "Familiek kontatu digutenez, haurrak primeran egokitu dira etxeetara, eta asko gozatzen ari dira. Asteburuan, Bilbon elkartuko gara harrera familietako eta Bakelekuetako haur eta kide guztiak. Etorri zirenetik elkar ikusiko dugun lehen aldia izango da".  

Bakelekuak

Aurreko urteetan bezala, Darahliko boluntarioen lanari esker, Bakelekuak antolatu dituzte Larrabetzun. Modu horretan, 10 urteko hemezortzi haur saharar han izango dira, bi hilabetez. Ruizek jakinarazi duenez, guztira, 55 bat boluntario arituko dira lanean Larrabetzun, gehienak zumaiarrak. Zestoarrak eta azkoitiarrak ere arituko dira antolakuntzan. Horiek guztiek eguneroko ekintzak kudeatzeko ardura dute –janaria, arropak garbitu, dutxak...–, kirol ekintzak eta tailerrak antolatzen dituzte, irteerak egin ere bai, eta haurrak mediku azterketara eramaten dituzte. Udalekuetako haurrak Zumaian izango dira uztailaren 26an. 

Erakundeen babesa

Errefuxiatu sahararrek Euskal Herrian zein eskualdean egiten dituzten egonaldien gastuei aurre egiteko, «ezinbestekoa» da erakundeen babesa. Hori dela eta, haurrak hartzen dituzten herrietako udalek diru partidak bideratzen dituzte Oporrak Bakean programara. "Udalek herrietara iristen diren umeen bidaia eta aseguruak ordaintzen dituzte.  Azkoitiko eta Zestoako udalek 2.000 euroko ekarpena egin dute aurten, eta Azpeitiko Udalak 4.000 eurokoa. Sobratzen den dirua zonaldean ekintzak egiteko erabiltzen dugu", azaldu du Ruizek. Era berean, azaldu du Zumaiako Udala dela diru partida handiena jartzen duena, baina aurten, oraingoz, ez dakite zenbatekoa izango den zifra hori. Bakelekuen gastuen erdia oraintzen dute Zumaiako Udalak emandako laguntzari esker. Darahlik urtean zehar askotariko ekintzak, sentsibilizazio kanpainak eta bidaiak ere egiten ditu Sahararen alde, eta horretarako ere baliatzen du dirulaguntza. Zarauzko Udalak Saharautz laguntzen du diruz. 

Oporrak Bakean programaren xedea, besteak beste, egonaldiekin haur sahararren osasuna eta haurren egoera pertsonala nahiz soziala hobetzea da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide