Urak dakarrena

Larrialdi planak, bidean

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 26a, 13:07

Gune uholdagarria dela adierazten duen kartel bat. (Mailo Oiarzabal)

Arrisku egoerei aurre egiteko prestatuta al daude Urola Kostako herriak? Batzuek badituzte udal larrialdi planak, baina zaharkitu samarrak, eta zenbait hasi dira horiek berritzeko lanetan.

Larrialdi egoerak era askotako arrazoiek eragin ditzakete. Iragan asteburuan, esaterako, haizete handiengatik alerta horia eta laranja ezarri behar izan zituen Euskalmetek, eta ondorioz, hainbat neurri hartu behar izan zituzten tokian tokiko arduradunek: zuhaitzak erortzeko arriskua zegoen hainbat eremu prebentzioz itxi zituzten, aire zabalean egitekoak ziren hainbat kirol lehiaketa bertan behera utzi zituzten eta abar.  

Lekuan lekuko ezaugarrien arabera, era bateko edo besteko larrialdi egoerak bizitzeko aukerak handiagoak edo txikiagoak dira. Adibidez, Txinan, Indonesian eta Iranen lurrikara arrisku handia dute; aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa jarduera sismiko gutxiko eremutzat jotzen dituzte, eta lurrikara bat gertatzeko arriskua txikia da. Ez da hala gertatzen, ordea, uholde arriskuarekin; izan ere, arrisku naturalen artean, horixe da gehien gertatzen dena.  

Eusko Jaurlaritzak aurreikusgarriak diren hainbat arrisku egoeratarako larrialdi planak ditu: arrisku erradiologikoari aurre egiteko larrialdi plan berezia, baso suteetarako larrialdi plana, arrisku sismikorako larrialdi plana, larrialdi aeronautikoen plan berezia... eta denetan garrantzitsuena: Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia. Plan horren helburua da "Euskadiko lurraldeari buruz zein horrek izaten duen uholde arriskuari buruz ezagutzen dena modu tekniko-zientifiko eta funtzionalean erabilita, arrisku horrek sor lezakeen larrialdiari era azkar eta koordinatuan aurre egitea". Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2015ean onartu zuen egun indarrean den plana, 1999tik indarrean zegoen Uholdeen Plana ordezkatuz, eta azken plan horri hainbat aldaketa egin zizkion 2021ean, "desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta larrialdien aurrean egoera bereziki ahulean dauden beste kolektibo batzuentzako arreta hobetzeko, babes zibileko plangintzaren oinarrizko gidalerroen eta babes zibileko estatu-planen aldaketarekin bat etorriz".

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, udal batzuek ere badituzte larrialdietarako planak

Baina Jaurlaritzak ez ezik, udal batzuek ere badituzte larrialdietarako planak. Honela dio Jaurlaritzaren aginduak: "20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalek eta turistikoak direlako urtarotan biztanle kopuru hori baino handiagoa dutenek beren babes zibileko lurralde planak egin eta onartu beharko dituzte. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak bultza dezake lurralde planak egitea, onartzea eta mantentzea 5.000 biztanle baino gehiago dituzten euskal udalerrietan edo udalerriek dituzten berariazko ezaugarriengatik komenigarria denean".  

Azpeitiko Madalena parean Urola ibaia gainezka eginda. (Guka)

Urola Kostan, Zarautzek eta Zumaiak behintzat badituzte udal larrialdi planak. 2009an onartutakoa da Zarauzko Udalarena; 2019an beste bat egin zuten, baina oraindik onartzeke dute hura. Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren diagnostikoko Etorkizunera begirako joerak atalean jasotzen dutenez, udalak badu Larrialdi Plana onartzeko eta martxan jartzeko asmoa. 2022ko uztailean onartu zuten plan estrategiko horren ekintza plana, eta han, "lehentasun ertaina" aitortzen diote Larrialdi Plana onartzeari eta ezartzeari.  

Zumaiako Udalak, berriz, 2014an onartu zuen Larrialdi Plana. Pandemia kudeatzeko plan hori erabili zuen, baina orain hura berritzeko eta osatzeko asmoa adierazi du.

Uholdeetarako planak

Udal larrialdi plan orokor horiez gainera, Urola Kostako hainbat udalerrik badituzte uholde arriskua aurreikusten dutenerako larrialdi plan espezifikoak. Hain zuzen ere, Uraren Euskal Agentziaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana (2022-2027) txostenaren arabera, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak dituzte gisa horretako planak, baina guztiek ere zahar samarrak. Izan ere, txosten horretan bertan zehaztuta datorrenez, Zarautzek 1998an homologatu zuen bere plana; Azkoitiak eta Azpeitiak, 1999an; eta Oriok eta Zumaiak, 2002an.  

Uholde arriskua aurreikusten dutenerako larrialdi plan berria egiten ari dira Azpeitian

Horretaz ohartuta, Azpeitiko Udala oraintxe ari da uholde arriskua aurreikusten dutenerako larrialdi plan berria egiten. Ander Larrañaga zinegotziaren esanetan, "udalak bazuen larrialdi plan bat, baina oso zaharkitua zegoen eta ez zen gai gaur egungo errealitateari aurre egiteko, kolpetik etortzen diren euri jasa handi horiei eta", eta horregatik erabaki zuten plan berria egitea. Aurtengo otsailean izandako euritea eta gero hartu zuten erabakia. Orduko hartan, besteak beste, Urola ibaiak gainezka egin zuen Madalenan eta Ezkuztan, eta Azpeitia eta Zestoa arteko errepidea itxi egin behar izan zuten; ura sartu zen Enparan eta Jose Artetxe kaleetako hainbat garajetara; eta urak hartu zuen anbulatorioa ere. "Ezer larririk ez zen gertatu, baina balio izan zigun jabetzeko prestatu beharra geneukala hurrengo aldietarako; gutxienez, esku artean protokolo bat izan larrialdi abisuren bat iristen zaigunean zer egin eta nola jokatu jakiteko". 

Halaxe, segurtasun planak-eta egiten dituen Ondoan enpresarekin jarri ziren harremanetan, eta uholde arriskua datorrenerako larrialdi plana lantzen ari dira harrezkero. "Gainera, Udaltzaingoaren lantaldean bada kide bat larrialdi planen inguruko ezagutza duena, eta Ondoan enpresa egiten ari den lanketan parte hartzen ari da hura ere". Plana noizko bukatuko duten zehatz aurreikusterik ez daukan arren, plan horrek zer jasoko duen aurreratu du Larrañagak. "Planak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan; besteak beste, uholde arriskua iragarriz abisua iristen zaigunean udalak martxan jarri beharreko protokoloa zehaztuko du, alegia, hartu beharreko neurriak zeintzuk diren esango digu; eta horrez gain, uholdeak izan eta gero kalteak konpontzeko eta egoera lehengoratzeko zer esku hartze egitea dagoen ere zehaztuko du".

Udalek larrialdi planak izatea oso garrantzitsutzat jo du Sanz de Galdeanok

Larrañagak azaldu duenez, urak hartzeko arriskurik handieneko guneak zeintzuk diren nabarmenduko ditu planak, eta gune horietako bakoitzerako hartu beharreko neurriak zerrendatuko ditu. "Esate baterako, baldin badakigu hurrengo egunerako alerta eman dutela, udalak herritarrei ahalik eta azkarren jakinaraziko die eremu jakin batzuetatik autoak kendu behar dituztela, eta haientzako aparkalekuak egokituko ditu altuago dauden herriko beste eremu batzuetan; beste hainbat gune itxi egingo ditu herritarrak arriskuan jar ez daitezen; urpean gelditzeko arriskua duten garajeetan-eta kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen, hondar zakuak, ura ateratzeko bonbak eta beharrezko ikusten diren baliabideak jarriko ditu herritarren eskura eta abar. Eta neurriak hartzearekin batera, ezinbestekoa izango da herritarrei horien berri ahalik eta azkarren eta egokien ematea ere, gauzak ondo komunikatzea". 

Prestatzeko beharra   

Ildo horretatik, larrialdi egoera batean zein haren aurretik udalak zein udaltzainek emandako jakinarazpenei kasu egitearen garrantzia azpimarratu du Azpeitiko Udaleko zinegotziak. "Uholdeak izaten badira, zaila izango da horiek kalterik ez eragitea, baina denon eskura egongo da kalteak ahalik eta txikienak izatea; udalak arduratu beharko du gauzak garaiz eta egoki prestatzeaz, eta herritarren esku egongo da emandako irizpideak ahalik eta zuzenen jarraitzea".  

Urola ibaiak eta Ibaieder ibaiadarrak bat egiten duten puntuaren ingurua. (Guka)

Udalek uholde arriskua aurreikusten dutenerako larrialdi planak izatea oso garrantzitsutzat jo du Jose Mari Sanz de Galdeano Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen zuzendariak ere, nahiz eta ez den ausartu gaur egun indarrean dauden udal planak balioesten. "Gai hori gobernuaren babes zibilari dagokio, ni ez naiz horretan aditua, eta beraz, nahiago dut horretan ez sakondu. Esan dezakedan bakarra da udal batzuenak gehiago gustatzen zaizkidala besteenak baino".  

Hori bai, herritarrek larrialdi egoeretarako prestatuago egon beharko luketela uste du. "Herritarrak prestatuta izatea irakasgai bat balitz, uneotan ez dakit nahiko batera iristeko moduan ere bageundekeen, eta argi dago hori landu beharra dagoela. Valentziaren kasuan abisurik ez zuten eman, ez behintzat garaiz, eta abisua eman zutenerako jende asko zegoen hilda. Baina abisuarena aparte utzita ere, han gertatutakoa ikusita ematen duen sentipena da herritarrek ez dakitela nola jokatu behar duten horrelako egoera baten aurrean. Herritarrek, oro har, ez dakite eremu inundagarri batean bizi diren ala ez, larrialdi egoera bat bizitzeko arriskuan dauden ala ez, eta are gutxiago egoera horietan nola jokatu behar duten, eta nik uste dut denon artean –babes zibila, larrialdi zerbitzuak...– herritarrak prestatzen joan beharko genukeela edozein arrisku edo larrialdi egoeratarako".  

Herritarrek larrialdi egoeretarako prestatuago egon beharko luketela uste du Urakeko kideak

Gertatzen ari denaren aurrean begiak ixteak ezertan ez duela lagunduko deritzo Sanz de Galdeanok. "Muturreko egoera meteorologikoak geroz eta sarriago gertatuko badira, herritarrak horietarako prestatuta izateak sekulako garrantzia izan dezake. Egia da alerta bat dagoenean eta larrialdi egoera bat aurreikusten dutenean babes zibileko departamenduak udalei hainbat pauta ematen dizkiela eta hartu beharreko neurriak zeintzuk diren eta abar azaltzen dizkiela, baina nik uste dut beharrezkoa dela lan hori egitea ez bakarrik larrialdiko egoeretan, baizik eta herritarrak lasai daudenean ere bai, hurrengo baterako prestatuta egon daitezen eta zer egin eta nola jokatu garbi izan dezaten".  

Ibai garbiketa eta bestelako esku hartzeak

Arriskua benetakoa dela ohartzea bezalakorik ez dago neurriak hartzen hasteko, eta Valentzian gertatu denarekin ez, aurtengo otsailaren bukaerako euri jasak herrian bertan eragindako ondorioekin hasi ziren neurriak hartzen Azpeitian. Uholde arriskua datorrenerako larrialdi plan berriaren lanketa martxan jartzeaz gainera, udal ordezkariek Uraren Euskal Agentziara ere jo zuten herrian zer-nolako esku hartzeak egin ditzaketen aztertzeko.

Joanes Amenabar zinegotziaren hitzetan, "ibaia herriaren erdi-erditik pasatzen da eta mirari handirik egiterik ez dago, baina hobekuntza txiki batzuk egin daitezke". Haren esanetan, Uraren Euskal Agentzia aztertzen ari da Errezil eta Ibaieder erreken lotunean eta Ibaiederren eta Urolaren artekoan zer egokitzapen egin daitezkeen, eta horretaz aparte, badu asmoa zubiren batzuk altxatzeko eta zubien inguruak txukuntzeko ere. Era berean, ibaiaren garbiketaren gaia atera du mahai gainera Amenabarrek. "Gaur egun, ikuspuntu ekologikotik eta bioaniztasunaren aldetik, zoragarria dago ibaia, baina egia da zuhaitz batzuk ikaragarri hazten direla. Nahiz eta hori ere Uraken eskumena den, geure aldetik azterketa bat egiten hasita gaude zer egitea komeniko litzatekeen eta zer ez jakiteko. Dakien jendearekin lanean ari gara gero ahalik egokien esku hartu ahal izateko".

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide