Hiesa, 45 urte betetzear

Iraia Oteiza 2024ko aza. 29a, 13:08

Hiesaren aurkako xingola gorria Getarian, artxiboko irudian. (Aritz Mutiozabal)

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da igandean, baina birusaren borrokan egiteko "asko" dago oraindik. Kutsatuen kopurua igotzen ari da, pixkanaka-pixkanaka.

Igandean, abenduak 1, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta beste urte batez, zenbait jarduera antolatuko dituzte han eta hemen herritarrak gaitzaren inguruan informatzeko, sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko.

Espainiako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 134 pertsona kutsatu ziren birusarekin 2023an, aurreko urtean baino zortzi pertsona gehiago. 2024ko datuen faltan, orotara 3.300 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiesaren diagnostikoa eginda, baina ministerioaren arabera, diagnostiko berrien %57 berantiarrak izaten dira. Halaber, hiesa dutenen %10ek ez dakite birusa dutela.

"Hiesak jada inor hiltzen ez duenez, jendeak beldurra galdu du, eta prebentzioa ere nabarmen jaitsi da", dio Daniel Zulaika (Zarautz, 1951) Donostia ospitaleko mediku ohiak eta 30 urtez Eusko Jaurlaritzaren Hiesaren Aurkako Planaren arduradun izandakoak. "1980ko eta 1990eko hamarkadetan jendeak xiringak partekatzeari utzi zion, eta preserbatiboa erabiltzen hasi ziren denak, hiesaz kutsatzeko beldurrez. Birusa zer zen eta hark zer egiten zuen jakin genuenean, prebentzio neurri asko hartzen genituen, orain ez bezala", ohartarazi du.

Ongi baino hobeto oroitzen ditu Zulaikak Donostia Ospitalera aurrenekoz hiesa zuten gaixoak iristen hasi zireneko uneak. "Heroina kontsumitzaileak oso gaixo iristen ziren ospitalera, bihotzeko eta gibeleko infekzioekin edota hepatitisarekin. Hasieran ez genekien zer gertatzen zitzaien, baina hiesa agertu zen gero nazioarte mailan, eta gure gaixoak ere birus horrekin kutsatuta zeudela jakin genuen. Gogorra izan zen, gaixo bat bestearen atzetik hiltzen zitzaigulako, eta ez genekielako zer egin behar genuen", gogoratu du hark.

Hiesaren diagnostikoa egin eta hil aurretik batez beste 60 egun baino ez zuten irauten kutsatuek, tratamendu eraginkorrik oraindik ez zegoelako.

Sexu transmisioko gaitza

Zulaikak gogorarazi duenez, hiesa heroina kontsumitzaileen gaixotasun izatetik sexu transmisio bidezko gaitza izatera igaro da. Eta azken hogei urtean gertatu da aldaketa. "Heroina kontsumitzen zuten askok GIBa –Giza Immunoeskasiaren Birusa– zuten, baina sexu harremanak izaten jarraitu zuten, homosexualen zein heterosexualen artean. Hori dela eta, drogarekin inolako zerikusirik ez zuten asko kutsatu ziren gaitzarekin, inolako babes neurririk gabeko sexu harremanak izan zituztelako".

Gaur egun, kutsatze berrien %90 inguru sexu transmisio bidez gertatzen dira, eta hiesa sexu bidez kutsatzen den infekzio bihurtu da. 

Argi izpi bat

Hiesari 1982an jarri zioten izena; GIBari urtebete geroago, ikertzaile frantziar talde batek birus hori gaixotasunaren kausa zela frogatu eta gero. Baina artean, ezer gutxi zekiten gaitzaren inguruan.

Zulaikaren arabera, hasiera batean eta ezjakintasunak bultzatuta, ohiko infekzio baten tratamendu berarekin hasi ziren gaixoak artatzen. "Antibiral bat ematen genien, eta egun batzuetan funtzionatzen bazuen ere, laster egiten zuen gaixoak berriro okerrera. Zergatik? Birusak ugaltzeko gaitasun izugarria zuelako, eta berehala bihurtzen zelako antibiotikoekiko erresistente. Hori jakin genuenean, pauso bat aurrera egin genuen eta gaixoari antibiralak binaka ematen hasi ginen, emaitza hobeak lortuz. Azkenean, hiru antibiraleko tratamendua osatu genuen, birusaren aurka eraginkorra zena, eta gaixotasuna kontrolpean izateko balio zuena. 1996n izan zen hori, eta urte hartantxe hasi ginen hiesaren aurkako borrokan nolabaiteko argia ikusten. Orduz geroztik hiesa ez da hilgarria, baina bai gaixotasun kronikoa".

Hala ere, hiesa sendatzerik ez dagoela gogorarazi du Zulaikak: "Hiesaren birusa DNAn sartzen da, eta gaitza duenak bizitza osoan zehar hartu behar ditu botikak, egunero, tratamendua etenez gero birusa zeluletatik ateratzen delako berriro".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide