Domusa Teknik 40 MLKen hurrengo entrenamendu saioa larunbatean egingo dute Errezilen

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 8a, 10:40

Sandra Sevillano mendi korrikalaria. (Utzitakoa)

Sandra Sevillano mendi korrikalari santurtziarrak gidatuko du saioa, eta parte hartzaileek hamabost kilometro eta erdiko ibilbidea egingo dute Azpeitia eta Errezil artean. Izen ematea zabalik dago Lagun Onak MBren webgunean. 

Maiatzaren 10ean jokatuko duten Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa prestatzeko emakumeei zuzendutako beste entrenamendu saio bat antolatu dute zapaturako, hilaren 11rako. Oraingo honetan, Azpeitia eta Errezil artean egingo dute saioa, Sandra Sevillano mendi korrikalari santurtziarra (Bizkaia) gidari dutela, eta parte hartzaileek 15,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute inguruko mendietan.

Korrikalariak 07:30ean geratuko dira Azpeitiko plazan, eta han motxilak utzi ostean, Errezil aldera abiatuko dira. Saioa Errezilgo udaletxe aurrean bukatuko dute, eta bueltatzeko bi aukera izango dituzte parte hartzaileek: autobusa hartu eta zuzenean Azpeitira itzultzea bata, eta dutxatu eta hamaiketakoa egin ostean bueltatzea bestea. Hala nahi dutenek, Errezilgo San Martin herri eskolako aldagelak erabilgarri izango dituzte, eta ondoren, Borondegin egingo dute hamaiketakoa.

Antolatzaileek parte hartzaileei eskatu diete irteerarako izena emateko garaian adierazteko hamaiketakora geldituko diren ala ez, alegia, "saioaren amaierako hamaiketakora gelditu zara?" galdera arretaz irakurtzeko eta erantzuteko, hamaiketakoa eta autobusak horren arabera antolatuko dituztelako. Zapatuko saioan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Lagun Onak mendi bazkunaren atarian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide