Guka, aurrerantzean Mastodon sare sozialean ere bai

Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 08:00

Tokikom osatzen duten hedabideek sare sozial horretan kontuak zabaltzeko hautua egin dute, "hainbat komunitate txiki osatutako sare bat" delako, eta bere helburua "erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea". Gukak eta Gukaren hedabide guztiek ere kontu bana badute dagoeneko, eta Mastodoneko erabiltzaileek aukera dute haiek jarraitzeko.

Mastodon sare sozialean izango dira aurrerantzean Guka, martxan baitu @Guka@tkm.eus kontua, Tokikomek abian jarri duen tkm.eus zerbitzariaren bidez. Horrez gain, taldeko hedabide guztiek ere badute euren kontua: @AzkoitiaGuka@tkm.eus, @AzpeitiaGuka@tkm.eus, @OrioGuka@tkm.eus, @ZarautzGuka@tkm.eus eta @ZumaiaGuka@tkm.eus. Horrenbestez, Mastodoneko erabiltzaileek, nahi izanez gero, kontu horiek jarraitzeko aukera dute dagoeneko.

Tokikom osatzen duten hedabideek –tartean dira Urolako Komunikazio Taldea eta haren Guka hedabideak– ohar bidez azaldu dutenez, "aspalditik" dabiltza "kezkatuta sare sozial korporatiboek –X, Facebook, Instagram, TikTok, Youtube...– hartu duten norabidearekin", eta horregatik erabaki dute, hain zuzen ere, Mastodonera jauzi egitea. Haien hitzetan, "hainbat komunitate txikik osatutako sare bat da" Mastodon, eta haren atzean ez dago "korporazio multinazional gaiztorik, bere helburu bakarra erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea" delako: "Hala, Tokikomek tkm.eus zerbitzaria sortu du, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatua, eta bertan ireki dugu kontua taldeko hainbat eta hainbat komunikabidek".

Mastodoneko Gukaren kontuak jarraitu nahi izanez gero, Mastodoneko kontu batetik egitea da errazena. Dagoeneko Mastodon kontu bat baldin badaukazu, Mastodoneko bilaketa kutxan gure kontua sartu, eta berehala jarraitu ahalko duzu; oraindik ez baduzu, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran, eta haietan kontu berria irekitzea oso erraza da. Hain zuzen ere, mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus dira zerbitzari horiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide