Ahazteko moduko asteburua Iraurgi saskibaloi klubarentzat

Andoni Elduaien 2025ko ots. 2a, 15:41

Insolac Caja 87 taldeko jokalari bat baloia eskuetan. (Insolac Caja 87)

ISBren talde nagusiek galdu egin dute asteburuan Andaluzian jokatutako partidetan. Gizonak baldar aritu dira gaur Sevillan, eta emakumeek ere ezina erakutsi zuten atzo Malagan.

Jipoi latza jasota itzuliko da Biele ISB Sevillatik. Iñaki Merinoren taldeak 97 eta 60 galdu du gaur, igandea, Insolac Caja 87 taldearen aurka. Duela bi asteburu Caceres Patrimonio de la Humanidad liderra mendean hartu zuen taldeak sailkapeneko bigarrena garaitu du gaur.

Azkoiti-Azpeitiko taldeak lehen laurdenean eutsi dio soilik aurkariari. 20-15 amaitu dute lehia lehen hamar minutuen ondoren, baina bigarrenean gauzak okertu baino ez dira egin otsoentzat. Joko ona erakutsi dute Sevillakoek beraien zaleen aurrean, eta aldiz, ISBri gauzak ez zaizkio nahi eta behar bezala atera.

Bederatzi puntu baino ez dituzte saskiratu Merinorenek bigarren laurden osoan, eta kontrara, etxekoek nahieran lortu dituzte puntuak; horren erakusgarri da, esaterako, atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian Sevillakoek hiruko saskiratze bat lortu izana. Hala, etxeko taldeak markagailuan hamazazpi puntuko abantaila hartu du atsedenaldirako (41-24). Insolac Caja 87 taldeak denboraldiko minutu onenak jokatu ditu bai erasoan, bai defentsan.

Bi arerioak asmo guztiz kontrajarriekin kantxaratu dira aldageletatik buelta eginda: Sevillako taldeak ISBri garaipenagatik borroka egiteko betarik ez ematea izan du helburua, eta alderantziz, ISBren asmoa izan da ahalik eta lasterren markagailuan hurbiltzea. Egoera aurrez txarra bazen, hirugarren laurdenean zeharo trakestu da Azkoiti-Azpeitiko taldearentzat norgehiagoka. Hirugarren laurdeneko lehen minutuetan 24-8ko partziala eskuratu du Insolac Caja 87 taldeak, eta azken laurdenean, ordurako galduta zuen partida jokatu behar izan dute otsoek (71-40).

Azken laurdena tramite hutsa izan da, baina etxeko taldeak are gehiago gozarazi ditu-eta bere zaleak. Neurketaren hondarrean otsoek pilatutako puntu urri batzuek ekidin dute bakarrik jipoia are handiagoa izatea. Kavon Lamar Godwin izan da ISBko saskiratzaile onena Sevillan. Hamabost puntu saskiratuta, balio bereko balorazioa eskuratu du hark, baita Oier Inda gazteak ere. Datorren igandean, Rioverde Clavijo taldea jasoko dute Merinorenek, Azpeitiko kiroldegian (18:00).

Emakumeek ezin Malagan

Domusa Teknik ISBk aukera ederra bezain erronka zaila zuen atzo, zapatua, Malagan (Espainia). Lehia hasi aurretik, Andaluziako taldea ISBk baino garaipen gehiagorekin zegoen sailkapenean, eta Luis Agirre Katxirenek aukera ederra zuten haiek menderatu eta sailkapeneko onenen multzoan kokatzeko.

Hala eta guztiz ere, ezinezkoa egin zitzaion ISBri etxeko taldea estu hartzea. Malagako taldeak indartsu ekin zion lehiari, eta aurreneko minutuetan etxekoek ezarri zuten erritmoaren ondorioz, garaipena lortzeko bidea ezarri zuten haiek. Egoera ikusita, aulkia mugitu zuen ISBko entrenatzaileak, baina ez zuen lortu Malagakoen erasoa defentsarekin geldiaraztea. Lehen hamar minutuak jokatuta, 11 puntuko errenta lortu zuen Unicaja Mijas taldeak (28-17).

Perimetrotik min egiten jarraitu zuten etxekoek bigarren laurdenean ere, ISBren defentsa behin eta berriz kolpatuz. Malagoek saskiratutako bi hirukorekin, gainera, aldea handitu egin zuten, garaipen gero eta erosoagoa marraztuz; nabarmentzeko datuen artean, Malagakoek hiruko lerrotik egindako jaurtiketen ia erdiak saskiratu zituzten –33 jaurtiketa egin eta hamabost saskiratu zituzten–. Erasoan horren zital arituta, eta defentsan lan ona eginda, lehia irabazteko aukera ia guztiak galdu zituen Azkoiti-Azpeitiko taldeak atsedenaldirako; izan ere, ISBk 11 puntu baino ez zituen lortu bigarren laurdenean, eta hala, aldea bikoiztu zuen Unicajak (57-28).

Alazne Lizundia etxekoen eraso bat defendatzen. (Unicaja)

Horren abantaila handia izanda, erritmoa zertxobait jaitsi zuten etxekoek aldageletatik bueltan, baina inoiz ez ziren haiek garaipena arriskuan sentitzera ailegatu. Hori bai, ISBren itxura hobea izan zen aldageletatik bueltan; bereziki, saskiaren aurreko estatistikak hobetu zituen Katxiren taldeak bigarren erdian. Bigarren zatiko bi laurdenak irabazi zizkion ISBk Unicajari, aurrez bi taldeen artean zegoen aldea bederatzi puntu murriztuz. Nolanahi ere, ahalegin guztiak gutxi izan ziren otsoentzat, errenta inoiz ez baitzen hogei puntukoa baino txikiagoa izan. 

Hemezortzi partida jokatuta, sailkapeneko zazpigarrena da ISB gaur-gaurkoz, hamar garaipen bilduta eta zortzi porrot jasota. Ez gora ez behera daude orain otsoak, lasaitasun postuetan. Datorren zapatuan, hilak 8, Sernova Renovables Real Canoe izango dute aurkari Katxirenek Azpeitiko kiroldegian (18:00).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide