Gure Eskuk Euskal Herriaren burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldeko lanean aurrera jarraitzen du. Hainbat urtetako lana atzean utzita, iazko martxotik Herri libre bat lelopeko fasean murgilduta dago herri dinamika, eragile soziopolitikoen eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan sakondu nahian. Subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jartzea da, batik bat, egungo asmo nagusia. "Maila sozialean egin dezakegun ekarpenik eraginkorrena herri gisa, lurralde bakoitzaren estatus politikoan eta guztien arteko lankidetzan aurrerapauso esanguratsuak emateko baldintzak, giroa eta beharrezko ilusioa piztea izango da. Herri Libre Bat dinamikak emozioa sortu behar du", azaldu dute Urolako batzordeko kideek.
Bi urteko erronka hartu zuen iaz herri dinamikak, "erabakiaren bidea elkarrekin" egiteko. Herritarrak Herri Libre Bat dinamikaren barruan kokatzeko, aurkezpen batzar irekiak ari dira egiten. Hain justu, datozen egunotan egingo dituzte Urola Kostan. Bihar, asteazkena, 19:00etan, Urola bailarako herritarrei zuzendutako aurkezpena egingo dute Azpeitiko Azoka Plazan (19:00), eta hilaren 12an, kostaldeko herritarrei zuzendutako hitzordua izango dute Zumaiako Oxford aretoan (18.30). Dinamikaren hurrengo ekinaldien nondik norakoak azalduko dituzte, baita hurrengo pausoak zein izango diren ere. "Herriak erabakiaren bidean martxan jartzea da helburu nagusia, eta herri libre bat eraikitzeko aurrerapausoak ematea".
Gure Eskuk hainbat herri galdeketa bultzatu zituen Euskal Herrian, baita Urola Kostako herrietan ere, herriz herri sortutako taldeek bultzatuta. Guztira, 208 herritan antolatu zituzten bozketak, eta 218.000 lagunek parte hartu zuten. Galdeketa haietatik zenbait urte igaro badira ere, Gure Eskuk dio Euskal Herriaren burujabetza prozesuan aurrerapausoak emateko "abagune egokia" zabaltzen ari dela: "aurrerapausoak emateko beharra dago, herri gisa erronka handiak baitaude, eta erantzun egokiak emateko baliabide berriak behar dira".
Euskal Herria badela, euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela, eta horregatik, "herritarren garaia" dela aldarrikatu nahi dute. "Zazpi lurraldeko herria gara, eta herri gisa mundu mailan dauden erronka globalei erantzuteko burujabetza osoa behar dugu. Parez pare dugun aukera probestu eta herri gisa jokatzeko unea da", azaldu dute. Horren harira, Bilbon du jarrita hitzordua Gure Eskukk ekainaren 7rako. Euskal Herriko "festa handi bat" egin nahi dute egun horretan han. Horretarako, norbere herriko festetako onena Bilbora eramateko eskatu diete herritarrei; izan ere, mobilizazioaz gain, egun osoko egitaraua osatuko dute ordurako. "Bilboko Autonomia kalea euskal ikurrez betetzea da helburuetako bat", azaldu dute.
Taldea indartzea xede
Dinamikaren berri emateaz gain, eskualdeko batzordeak "berritzea eta indartzea»" da orain Gure Eskuren nahia. Hori horrela, aurkezpen batzarretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. "Batzarraren asmoa da batzorde indartsu bat eratzea; taldea sendotu eta indarberritu nahi dugu", diote Urolako batzordekoek. Halaber, ekainaren 7ko hitzordura begira, "lanak banatzea" eta egitasmo desberdinekin "elkarlanerako bideak zabaltzea" nahi dute.
Euskal Herriko herri guztiak "ikusgarri" nahi dituztela azaldu dute haiek. "Herri guztietako kide guztiek dinamikan parte hartzea nahi dugu. Euskal Herriak bere burujabetzan sakondu behar du. Horren aukera, eta, era berean, beharra ere sentitzen dugu".