Sindikatuek beste bost greba egun deitu dituzte hezkuntza publikoan maiatzerako

Andoni Elduaien 2025ko api. 10a, 13:04

Bilbon egindako manifestazio bateko irudia. (ELA sindikatua)

Maiatzaren 12ko asterako deitu dute grebara ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenak ez die "egoki" erantzun sindikatuek egindako eskaerei, eta horregatik joko dute berriro grebara.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan beste bost greba egun deitu dituzte sindikatuek. Hain justu, maiatzaren 12ko asterako iragarri dituzte deialdiak ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek, maiatzaren 12rako, 13rako, 14rako, 15erako eta 16rako, zehazki.

Aurtengo ikasturtean bederatzi greba egun egin dituzte hezkuntza publikoko irakasleek, eta orain, beste bost egunetarako deitu dute. Sindikatuen arabera, joan den astean egindako bileran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "negoziaziorako egutegia baino ez" zien aurkeztu, eta atzo arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Dena den, sindikatuek adierazi dute proposamen horrek ez dituela "egoki" jaso egindako eskaerak, eta horregatik erabaki dute berriro grebara jotzea.

Bihar elkartuko dira berriro sindikatuak Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin proposamenaz hitz egiteko, baina sindikatuek adierazi dute ez dutela proposamen hori ontzat jotzen, "edukiak, zehaztapenak eta bermeak falta" dituelako. "Hezkuntza Sailak, horren jakitun izan arren, ultimatum gisa planteatu du proposamena, negoziaziorako aukera baztertuz. Biharko hitzorduak sinadura bakarrik dauka helburu", esan dute. Erabakia hartuta dutelarik, grebaren deitzaileak diren lau sindikatuek jakinarazi dute ez dutela Jaurlaritzaren proposamena sinatuko.

Irakasleek hamabost urte daramatzate lan hitzarmena eguneratu gabe. "Egindako grebetan langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta Hezkuntza sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak…", azaldu dute.

Sindikatuek, besteak beste, Hezkuntza sailari eskatu diote lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea; plantillen gazte-berritze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; jaiotza-tasaren jaitsiera aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio zein itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea; eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, Jaurlaritzari galdegin diote hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide