Ostiral arratsaldero bezala, baserritarren azoka egin zuten atzo Azoka Plazan, baina nobedade batekin oraingoan: Elikagunearen ekimenez, gazta dastatzeko aukera izan zuten herritarrek.
17:30etik aurrera, Errezilgo Ezama baserriko Urraki esnekiak eta Azpeitiko Sakona Komuntzo etxaldeko gazten dastaketa gidatua egin zuten, horretarako izena eman zuten 26 herritarrek. Gazten inguruko azalpenak eta produktuen ezaugarriak ezagutzeko aukera izan zuten mahaiaren bueltan bildutakoek. Horiez gainera, azokara bertaratutako erosleek ere gaztak eta gaztekin egindako jakiak dastatzeko aukera izan zuten. Izan ere, Koxinatuko Maitane Cabezak zuzeneko sukaldaritza saioa eskaini zuen, eta hark prestatutako pintxoak jateko aukera izan zuten azokara joandakoek.