Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 600.000 euro bideratuko ditu eskualdeko energia planak indartzeko eta trantsizio energetiko "justu, jasangarri eta herritarrengandik hurbil baterantz aurrera" egiten jarraitzeko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Gipuzkoako eskualdeetako ordezkariek sinatu dute hitzarmena, tartean Urola Erdiko eta Urola Kostako ordezkariak.
Urola Erdiko Iraurgi Lantzen garapen eskualdeko elkarteko presidentea eta Azkoitiko alkatea den Ana Azkoitiak eta Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) lehendakaria eta Zarauzko zinegotzia den Ion Arozenak parte hartu dute akordioa izenpetzeko hitzorduan. Akordioan jasotakoaren arabera, eskualdeko garapen agentzia bakoitzak 60.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du bere testuingurura egokitutako jarduera espezifikoak garatzeko.
Akordioaren helburua da Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia "indartzea" eskualdeko plangintza eta ekintza sare baten bidez, udalerriek energia trantsizioan laguntza teknikoa eta tresna eraginkorrak izan ditzaten. Eskualde bakoitzak ekintza espezifikoak garatuko ditu bere beharrei eta lehentasunei erantzun ahal izateko. Urola Erdiaren kasuan, energia aurrezteari eta eraginkortasunari lotutako ekintzak dinamizatuko ditu, eta energia araudiari buruzko prestakuntza saioak antolatu. Urola Kostak, berriz, udal datu energetikoen kudeaketa koordinatuan eta aholkularitza gune baten sorreran lan egingo du.
Asensio diputatuak azaldu du Gipuzkoan "trantsizio energetiko justu, jasangarri eta hurbilekoa sendotzeko urratsak ematen" jarraitzen dutela. "Eskualdeko energia planak bultzatzeak kontsumoaren gainean zuzenean jarduteko aukera ematen du, tokiko eremutik energia berriztagarrien aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatuz. Eredu energetiko demokratiko eta bidezkoago baten aldeko apustua egiten dugu, eta hor eskualdeak protagonista dira herritarrekiko duten hurbiltasunagatik".
Aldundiaren arabera, bateratutako lan ildoek "indartu" egiten dute agentziek beren eskualdeetan energia erreferente gisa duten zeregina, eta horretarako, udalekiko elkarrizketa teknikoa, eskualdeko energia mahaien dinamizazioa eta Gipuzkoako Energia Jasangarriaren Lurralde Mahaian "aktiboki integratzea" sustatu nahi du erakundeak. "Tokiko gobernantzaren eskemak koordinatuta aritzea errazten du, lurraldearen ezagutzan eta pertsonekiko hurbiltasunean oinarritua, eta pobrezia energetikoa, autokontsumo berriztagarria edo eraikin publikoen eraginkortasunari modu partekatuan heltzeko aukera emanez", adierazi dute.