'Parean eta pareko'

Identitatea estilo handiz

Intza Trula, Urtzi Oteiza eta Gorka Eizagirre 2025ko eka. 30a, 10:00

Modak uste baino garrantzi handiagoa izan dezake herritarrentzat. Norberak zer janzten duen, zer orrazkera daraman, makillajea, bitxiak… Batzuentzat ondo sentitzeko edota aldarrikatzeko modu bat da; beste batzuek, aldiz, besterik gabe egunerokoaren parte den zerbait dela deritzote. Kristina Isastirentzat eta Maialen Urangarentzat, berriz, ogibidea da. Intza Trula kazetariak Guka taldeko ekaineko aldizkarietarako egindako elkarrizketa da honakoa. 

Pertsona baten nortasunaz asko esan dezake soinean daraman arropak, baita outfit hori atontzeko erabilitako bitxiek ere. Janzkera deigarriak dituzte batzuek nahiago, gainerakoengandik nabarmentzeko eta jendearen begiradak bereganatzeko. Beste batzuk, aldiz, xalo jantzita doaz, itxuraz arropari aparteko garrantzirik eman ez baliote bezala. Baina soiltasun horren atzean, ondo aztertutako estetika konbinazio bat dago: gutxiago gehiago da filosofia, alegia.

Gaztea izanagatik ere, Kristina Isastik (Zarautz, 2002) argi du modaren munduan jarraitu nahi duen bidea: diseinatzailea da, eta moda jasangarria bultzatzeaz aparte, arropa neurri eta mota guztietako gorputzentzako dela aldarrikatu nahi du. Maialen Urangak (Orio, 1989) urteak daramatza irudi aholkulari izaten. Haren lanaren helburua da jendeak norbere burua ezagutzea, eta nortasun hori janzkeraren bitartez lau haizetara zabaltzea.

Irudiak geroz eta pisu handiagoa duen garai honetan, garrantzitsua da norberak bere izaerarekin eta gustuekin bat doan estiloa aurkitzea. Modaren munduan sartuta zaudete biok, diseinatzailea eta moda aholkularia baitzarete. Azken finean, modak ez du kanpoko itxura bakarrik erakusten, hori baino askoz ere gehiago da, ezta?

Maialen Uranga: Hori baino askoz ere gehiago da. Niretzat, moda nortasuna da, eta ez da soilik kanpoko itxurara mugatzen den zerbait. Norberak bere egoera eta izaera ditu, eta hori gehiago erakusteko modu bat ere bada, esaterako. Kanpotik ikusten denaz haratago doa, alegia.

Kristina Isasti: Modak beste zerbait esan nahi du; niretzat, pertsonalki, barruan ditudan ideiak kanporatzeko erabil dezakedan modua da.

Moda goi joskintzarekin lotu behar al da? Hau da, dirudunek egindako eta kontsumitutako zerbait da ala kaleko herritar arrunt guztiak izan daitezke tendentzia baten sortzaileak eta jarraitzaileak?

M.U.: Nik uste dut modak ez duela zertan ahalmen ekonomikoari lotuta egon behar, bakoitzaren nortasunari lotuta doan zerbait da. Tendentziak jarraitzeak eta diruak ez dute loturarik modan egotearekin; horri lotuta, esan beharra daukat askotan lotzen ditugula moda eta tendentziak, eta ez dutela zerikusirik.

K.I.: Gaur modan egoteko diru asko eduki behar ez baduzu ere, antzinan nahiko ezberdina zen egoera. Esango nuke, duela urte batzuk, egoera ekonomiko hobean zeuden pertsonek jarrai zitzaketela tendentziak; ordea, gaur egun ez da horrela. Estiloa duenak estiloa du, berdin dio txiroa izan ala aberatsa izan. Nonahi ikus daitezke estilorik gabeko aberatsak, eta horrek garbi uzten digu gauza batek ez daramala bestea eskutik helduta.

Kristina, modaren munduan sartu den diseinatzaile gazte bat zara, eta, esaterako, Zarauzko Gazte Ekintzaileen Azokan erakutsi berri duzu zure bilduma. Nondik datorkizu mundu honekiko interesa?

K.I.: Umetatik asko gustatu izan zaizkit eskulanak, eta gogoan dut nola hasi nintzen josten, Zarautzen ireki zuten tailer batean. Hasi bezain laster harrapatu ninduen joskintzaren munduak, eta berehala izan nuen argi nire ikasketek eta ogibideak ere bide hori jarraitu behar zutela. Lehenengo Iruñera joan nintzen, Moda Diseinu ikasketak egitera, eta orain Bilbon ari naiz Jantzien Diseinuko masterra egiten.

Maialen, modan zure egitekoa bestelakoa da. Irudi aholkularia zara, eta, besteak beste, kolorimetria azterketen bidez jendeari hobeto datorkiona bilatzen saiatzen zara. Zerk bultzatu zintuen horretan lan egitera?

M.U.: Betidanik gustatu izan zait moda eta horrek zekarren guztia. Hori dela eta, gaztaroan urte pila bat igaro nituen arropa denda batean lanean, saltzaile eta arduradun lanak egiten. Urte horiek balio izan zidaten ohartzeko ez zitzaidala saltzea gustatzen, baizik eta pertsonekin hartu-eman handiagoa izan nahi nuela. Halere, esan beharra daukat probageletan lan handia egiten dela jendearekin, eta bertan ohartzen zarela bakoitzak behar zehatz batzuk dituela. Ziurtasunik eza ere ikusi ohi dugu batzuetan. Kolorimetria azterketek azken boladan indar handia hartu dute, baina hori aholkularitzaren zati txiki bat besterik ez da, askoz ere esparru gehiago lantzen baititugu bezeroekin.

Zeri erreparatzen diozu zure azterketetan?

M.U.: Garrantzi handia ematen diot bezeroa entzuteari, eta kontuan izaten dut zer arazo dituen; hau da, goizean esnatu eta ispiluaren aurrean jartzen denean zerk kezkatzen duen. Kolorimetriaz aparte, morfologia lantzen dugu, gorputz ereduei erreparatzen diegu, bisagismoa egiten dugu, guztiaren artean oreka bilatzen saiatzen gara… Irudi aholkulari naizen heinean, nire helburua da jendeak bere burua ondo ezagutzea eta daukagunari probetxua ateratzen ikastea. Egoten naizen pertsona bakoitzari egunerokotasunean balioko dioten aholkuak ematen saiatzen naiz, norbera ahalik eta ondoen ikus dadin, eta, noski, barruan daraman nortasun hori kanpora atera dezan. Askotan aipatzen dut nortasuna, baina niretzat horretan oinarritzen da moda, barneko segurtasun hori kanpora ateratzea baita.

Sare sozialak ere erabiltzen dituzue zuen lana ikusarazteko. Zer-nolako pisua du lanabes horrek zuentzat?

K.I.: Uste dut, egun bizi dugun teknologiaren garai honetan, guztia direla sare sozialak gure lanari dagokionez. 

M.U.: Zortea ere badela esango nuke, tresna oso potenteak baitira, eta guretzat erakusleiho handia. Erreminta horiei esker askoz ere errazagoa da gaur egun jendearengana heltzea.

K.I.: Erakusleiho handia direla garbi dago, baina lan handia eskatzen dute, eta agian hori kanpotik ez da ikusten edota ez da nahikoa baloratzen. Lan eskaera guztiak sare sozialen bitartez jasotzen ditugu orain.

Kristina, zure bildumak aurkezteko erabili izan al dituzu sare sozialak?

K.I.: Sareetan erakutsi izan ditut egindako zenbait proiektu, baina onartu beharra daukat lan gehiago egin behar dudala alderdi horretatik, ez baitzaizkit asko gustatzen. Izan ere, sareetan zerbait partekatu dudan aldi bakoitzean nabaritu dut interakzioa nire orrialdeetan, eta horrek garbi uzten dit gehiago erabili beharko nituzkeela.

Sare sozialak mintzagai hartuta… Tendentzia berri bat sortzen da egunero. Nola jakin dezakete kontsumitzaileek modan dauden ala ez, joerak etengabe aldatzen ari badira?

M.U.: Arazoa da azkarregi doala guztia, baita tendentziak ere. Ez diet kulpa guztia sare sozialei botako, beren alde onak zein txarrak baitituzte, baina egia da etengabeko tendentzia berritze hori sare sozialek sorrarazitako zerbait izan dela. Duela urte batzuk ez genituen sare sozialak, eta beste erritmo bat zuen guztiak. Publizitatea ere ezberdin egiten zen, bai aldizkarietan, bai telebistan… Orain erritmo biziagoa dugu, orokorrean, eta oso arriskutsua izan daitekeela iruditzen zait.

K.I.: Influencer-ek ere eragina izan dute horretan, etengabe produktu berriak saltzen saiatzen ari baitira beraien kontuen bitartez. Eduki sortzaile horiek jarraitzen ditugu gehienok, eta, beraz, astero zerbait erosteko edota probatzeko nahia daukagu, hori baita sarean ikusten duguna.

M.U.: Ni ez naiz moda azkar horren aldekoa, eta beti esaten diet bezeroei modan egoteko ez dela beharrezkoa azken-azkenengo tendentzia hori zure etxeko armairuan edukitzea.

Alde horretatik begiratuta, sare sozialak kaltea eragiten ari al dira modan?

M.U.: Neurria hartu behar zaie, gauza guztiekin egin behar den bezala. 

K.I.: Ikusgarritasuna emateko oso egokiak dira, bereziki marka txiki bat duzunean, baina kontuz ibili behar da.

Azken hamarkadekin alderatuz, nola aldatu dira moda kontsumitzeko moduak?

K.I.: Moda azkarra aipatuko nuke bereziki, horrek aldatu baitu asko gure kontsumitzeko modua. Baina, gero, zenbat denbora irauten digute erositako arropa horiek? Bi, hiru, lau urte gehienez? 

M.U.: Moda azkarra kontsumitzearen arrazoietako bat lotuko nuke lehen aipatutako tendentzien azkartasunarekin. Izan ere, modan dagoen hori erosi nahi baduzu, marka eta kalitate oneko produktuak erosteko sekulako inbertsioa egin behar duzu.

K.I.: Halere, gazte asko saiatzen dira moda azkar hori alde batera uzten, baina zaila da, baliabide falta izaten baitute gehienetan. Pena da, baina hori da askoren errealitatea.

Kontsumitzeko modua ez da aldatzen ari den gauza bakarra. Duela ez oso gutxira arte nahiko homogeneoa zen aldizkarietan eta pasareletan ikusten zen gorputz mota. Gaur egun abaniko hori zabalagoa al da?

M.U.: Ari da abaniko hori zabaltzen, baina oso-oso mantso doa, eta asko daukagu egiteko oraindik. Sare sozialen alde on bat da hori; alegia, gaur egun geroz eta gorputz mota gehiago ikusten ditugu sareetan, eta eskura ditugunez, gero eta gehiago ohitzen ari gara horietara. Hala eta guztiz ere, gorputz ez-normatibo horiek normaltzat hartzeko aldaketa hasi bakarrik egin da.

Kristina, diseinatzailea zaren aldetik, garrantzia ematen al diozu pasarelan neurri guztietako modeloak egoteari?

K.I.: Nire lanak jendaurrean aurkezten ditudanean mota guztietako gorputzak ikus daitezen saiatzen naiz. Alde horretatik, eskolan mugatu egiten gintuzten, eta, gehienez, 34 edo 36 neurriko arropak egitea eskatzen ziguten. Ni beti saiatzen nintzen nire lanak eskatutakoa baino zertxobait neurri handiagoan egiten, edonork erabiltzeko modukoak izatea nahi nuelako.

M.U.: Hori arazo handia da, eta gero arropa dendetan islatzen da. Modeloek, gehienez, neurri hori izan behar dute desfileetako arropan sartzeko. Oso zaila da patroi horiekin bat egitea, eta, nire ustez, alderantziz izan beharko luke.

Inoiz bizi izan al duzue gertutik horrelako zerbait?

M.U.: Ni ez naiz gizarteak normaltzat hartzen duen gorputz eredu horretan sartzen, eta arropen neurriekin lotuta bizi izan ditut zenbait egoera dendetan. Gaur egun duela hamabost urte baino errazagoa da neurri egokia topatzea, baina lan handia dago egiteko oraindik.

Zuen ustez, modeloen kanon horiek kalte handia eragin al dute gizartean? Modeloak aipatzean oraindik ere jendeari pertsona argalak eta altuak datorzkio burura.

M.U.: Kalte ikaragarria eragin dute, zalantzarik gabe. 

K.I.: Jendeak ez du gorputz ez-normatiboa duten modeloen erreferenterik. Goi joskintzako desfileak ikusi besterik ez da egin behar: Balenciaga bezalako marka handi baten desfilean modelo argalak eta altuak egon ohi dira; ez dira sekula eredu horretatik ateratzen. 

M.U.: Ashley Graham da erreferentea modelo ez-normatiboei dagokienez. Sare sozialen bitartez jende asko ari da gorputz mota guztiak ikusarazteko lan egiten, eta zoriontzekoa da, ez baita edonor ausartzen hori egitera. Pertsona asko sentitu gara epaituak kanon horietan ez sartzeagatik. Adin kontua ere bada, gazte bati askoz ere gehiago eragingo baitio denda batera joan eta bere neurrikoa den ezer ez topatzeak. Ez zara zure lagunen parekoa sentitzen, ezberdina zarela iruditzen zaizu…

Nola alda daiteke ikuspegi hori?

M.U.: Apurka-apurka ari gara gauzak aldatzen, baina desfileetatik haratago joanda, markek daukate egiteko asko, eta guk ere bai, hori guztia defendatzeko.

K.I.: Ni Gazte Ekintzaileen Azokan eta antzerako ekitaldietan saiatzen naiz gorputz mota guztien alde egiten, eta desfile hori osatzeko sare sozialen bidez egin nuen modeloentzako deialdia. Desfilatzeko gogoa zuen edonor zen ongietorria, berdin zuen zer neurritako arropa erabiltzen zuen.

Eragileoi dagokizuenez, zaila al da modaren munduan zuen tokia egin eta aitortza lortzea?

K.I.: Oso zaila daukagu gazteok modaren munduan murgiltzea. Beste esparru askotan gertatzen den moduan, ikasketak amaitu bezain pronto lanean hasi nahi dugunean, esperientzia eskatzen digute, eta guk ez daukagu hori. Horregatik, jende askok beste bide batzuetatik jotzen du. Nik orain nire marka sortu nahi badut, ezinezkoa izango nuke.

M.U.: Agian beste adin bat daukadalako pentsatzen dut hau, baina nik uste dut zure nortasuna galdu gabe lana eginda, zerbait izatera irits zaitezkeela. Zure estilo hori gogor defendatu, eta aurrera!

Moda kontsumitzen al dute gaur egungo gazteek?

M.U.: Moda asko kontsumitzen dute gaur egungo belaunaldiek, baina modarena baino gehiago tendentzien jarraitzaileak dira. Etengabe doaz azkena atera den gauza berri horren bila.

K.I.: Ez nuke esango zehazki moda gustatzen zaiela eta kontsumitzen dutela, baizik eta beraien erreferenteak diren Tiktok aplikazioko pertsonaia horiek erakusten dutena eduki nahi dutela. Hau da, pertsona ezagun horietako batek galtza zabalak eta jertse bat janzten baditu, nik ere bai, eta gazteen artean azkenaldian hori ari da bihurtzen moda. Denak janzten dira berdin, eta gazteek dituzten baliabideekin, agian ezin dute herriko denda txiki batera joan eta 200 euroko jertse bat erosi.

Ahalmen ekonomiko kontua da hori, ala agian jendea ez da ausartzen benetan gustatzen zaion hori janztera?

M.U.: Nik hor ikusten dudan arazoetako bat da, agian, ez garela nahikoa ezagutzen. Uste dut gazte horiek guztiak ez direla jarri beraien buruak, estiloa eta egunerokotasuna aztertzen. Baliteke soinean daramaten arropa horrekin eroso ez sentitzea, baina modan hori dagoela ulertzen dute, eta horrek balio die. Lotsak ere badu eragina, eta besteek gutaz esango dutenak. Nire lanaren parte bada jendeak bere burua ezagutu eta ondoren ideia horiek defendatzea; azken finean, soinean daramazunarekin eroso bazaude, hori islatu egingo da. Azkenengo tendentziei jarraituta jantzi bazara, baina ez bazara erabat zu sentitzen, hori ere nabaritu egiten da.

K.I.: Duela urte batzuk jendea askoz ere gehiago ausartzen zen janzteko orduan, eta kaletik joatean estilo ezberdinetako jendea ikus zitekeen. Orain, ordea, denok estilo bera dugu.

Uda gainean den honetan, zer aholku emango zeniekete kontsumitzaileei?

K.I.: Bakoitzak nahi duena janzteko esango nieke, eta influencer-ei kaso gutxiago egiteko. Eroso egotea da helburu nagusia.

M.U.: Ez konparatzeko inorekin. Uda garaia nahiko arriskutsua izan daiteke, arropa gutxiago daramagu, eta asko konparatzeko joera dugu. Norberak bere estiloa jarrai dezan eskatuko nieke, nortasun hori galdu gabe, eta gogoan izan dezatela ez dutela zertan azkenengo tendentzia hori jarraitu behar modan egoteko. Izan zaitez zu, eta kolore asko erabili! 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide