Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egingo dituzte aurten ere. Aranzadi zientzia elkarteko kideak uztailaren 14tik 26ra ariko dira han lanean, Antxoka Martinezen zuzendaritzapean.
Halaber, hilaren 14an, astelehenez, auzolan saioa egingo dute. Egun horretan aztarnategia irekitzen eta lanerako prestatzen laguntzeko parada izango dute herritarrek. Auzolanean aritu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, Izaro Quevedo arkeologoari –iquevedo@aranzadi.eus– mezu bat idatzita.
Egun horretan 08:30ean elkartuko dira partaideak Abaraxka aterpetxearen atarian, eta boluntarioek goizez jardungo dute lanean. Lanak bukatzean hamaiketakoa egingo dute, eta ondoren, bisita gidatua. Parte hartzaileei mendiko botak eramatea gomendatu diete Aranzadiko ordezkariek, eta lanerako arropa egokia, zira eta eskularruak ere bai.
Aurtengoa hogeigarren indusketa aldia izango da. Munoaundin zazpi hektarea inguruko azalera duen herrixka gotortua izan zen duela 2.400 urte, eta jendea bizi izan zen han. Urteotan hainbat aurkikuntza egin dituzte han Aranzadiko kideek, baina oraindik ere badute zer ikertu aztarnategian; izan ere, oraindik ez dute hilerria aurkitu. Munoaundiren garaiko beste toki batzuetan aurkitu izan dituzte nekropoliak, baina Gipuzkoan ez.