Udan ez du etenik izango Gukaren jardunak. Abuztuaren 27ra arte Guka egunkaririk kaleratuko ez duen arren, datozen asteetan martxan izango dira Urolako Komunikazio Taldearen webgune guztiak, baita telebista ere, eta gainera, eduki berri eta freskoak kaleratuko ditu. Hain zuzen ere, aste honetan bertan hasita, 3, 2, 1 Guka umeentzako saioa eta Gure mazedonia udako saio berezia eskainiko ditu Gukak, bai telebistan, bai webguneetan.
3, 2, 1, Guka saioaren bigarren denboraldia izango da udakoa. Aste Santuan eta Pazko Astean hasitako bideari jarraituz, beste sei atal emango ditu Gukak abuztuan. Mireia Galarzak, Amaia San Vicentek, Iago Magoak eta Julene Sorarrainek gidatuko dute saioa, eskulanak, ipuin kontaketak, magia nahiz sukaldaritza gai hartuta. Umeei zuzendutako saioaren atalak asteazkenetan ikusi ahal izango dira, 10:00etan, Guka Telebistan, eta gero, Gukaren webgune guztietan ere bai, osorik zein zatika.
Gure mazedonia saioa, berriz, uda girokoa izango da. Udarekin zer ikusia duten ofizioetan aritzen diren hainbat lagun elkarrizketatuko ditu Mireia Galarza kazetariak, eta Ian Ruiz kalera aterako da, umore ukituarekin herritarren iritziak jasotzera. Iazko udako formatuari eutsita, bost atal eskainiko ditu Gukak datozen ostegunetan Guka Telebistan, 22:00etan hasita. Ostiral goizetan ikusi ahal izango dira saio horiek Gukaren webguneetan.