Erniarraitz bertsozale elkarteak mende laurdena bete du, eta urteurren borobil hori aintzat hartuta, hainbat belaunalditako bertsozalek eta bertsolarik Erniarraitzen 25. urteurrena ospatuko dute irailaren 20an, Azkoitian. Data berezi horren bueltan, elkartearen ibilbideaz, bertsozaletasunak Urola Erdian izan duen eboluzioaz eta aurrera begira dituzten erronkez mintzatu dira hiru belaunalditako zenbait kide, eta haien bizipenak, lorpenak eta hausnarketak bilduko ditu Gukak datozen egunetan plazaratuko duen bideo erreportaje batean.
Elkartea hastapenetatik ezagutzen dute Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Manuel Agirretxek, eta ondo gogoan dituzte orduko kontuak. Azkunek kontatutakoa da 1999. urteko Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa amaitu ostean, sariketaren antolaketan ibili ziren zenbait kidek egindako afari baten bueltan atera zela elkartea sortzeko lehen ideia. "Imanolek [Lazkanok] erronka bota zigun han bilduta geundenoi, eta horrela hasi zen guztia". Hain zuzen, 2000. urtean sortu zuten elkartea, bertsozaletasuna sustatzeko asmoz. "Ez dakit nik proposatu nuen edo ez, baina bai garai hartan gure artean geneukan giroa oso erosoa zela. Esango nuke azken ehun urteetan Azpeitia eta Errezil inguruetan bertsolaritzak izan duen indarra nabarmena izan dela", dio Lazkanok.
Eten ez den soka
Gaur egun badira txapelketetan lehiatzen diren Erniarraitzeko bertsolariak, punta-puntara iritsi direnak, hala nola Eneritz Artetxe azkoitiarra. Haren belaunaldi-kidea da Haritz Etxeberria Ministro azpeitiarra. Belaunadi-kide dira, baita ere, Jon Gurrutxaga, Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak eta Naia Arrizabalaga zein Julene Iturbe azkoitiarrak. Belaunaldi gazteko kideen artean ere, aurrekoan bezalatsu, nabariak dira gazteen eta are gazteagoen arteko desberdintasunak. "Garaiak aldatu dira, baita bertsotarako plazak eta moldeak ere, eta, noski, bertsolari gazteak lekua hartzeko gogoz datoz", dio Gurrutxagak. Gesalaga eta Azpillaga duela gutxi hasi ziren txapelketetan, eta haiek aurreko belaunaldiari "guzti-guztia zor" diotela nabarmendu dute.
Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek maitasunez gordetzen dituzten bi koadro dauzkate jasota haien lokalean, elkartearen ibilbideari estu lotuta daudenak. Koadro horietako batean, 1999. urtean Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren bueltan atera zuten argazki bat ikus daiteke, baita irudian agertzen diren bertsolari hainbaten sinadurak ere. Tartean daude joan zirenak –Joxe Agirre eta Joxe Lizaso–, eta oraindik oholtzetan ez bada ere, bertsotan jarraitzen dutenak: Imanol Lazkano, Xebastian eta Beñat Lizaso edota Ministro. Emakume bakarra: Leire Ostolaza. Bigarren koadroan, berriz, 2009. urtean ateratako beste argazki bat ikus daiteke. Horretan emakume gehiago agertzen dira, eta azpeitiarrez gain, Azkoitiko, Errezilgo eta Zestoako kideak ere badaude. Nabarmen jendetsuagoa da argazkia, elkartearen eboluzioaren erakusgarri.
Aurten, hirugarren argazki bat ateratzea daukate buruan, eten ez den sokaren adierazle. "Argazki horiek ikusi, eta hirugarren bat falta dela datorkit burua", dio Gurrutxagak, nostalgia ukitu batekin. "Gu ere elkartearen parte garela adierazteko modu bat izango da", gehitu du Arrizabalagak.
Urtemuga festa, prest
Bertsoa oinarri eta ardatz hartuta egingo dute elkartearen urtemuga festa hil honen 20an Azkoitian. Aurrena, 12:30ean plazatik abiatuta, bertso poteoa egingo dute Erniarraitzen eskolako zenbait bertsolarik girotuta, eta ondoren, Joseba jatetxera joko dute. Han egingo dute urteurren bazkaria. Ondoren, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan.
Bazkaritara joan nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 635 00 73 37 telefono zenbakira mezu bat bidalita.
Ikasturte berria, ate joka
Ikasturte berriarekin batera hasi dira bertso eskolak antolatzen Erniarraitzen. Urtero bezala, urrian zabalduko dituzte ateak Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan. Haurrentzat zein helduentzat eskainiko dituzte eskolak, eta izen-ematea irekita dago. Interesa dutenek erniarraitz@gmail.com helbidera idatz dezakete.