"Memoria, euskara eta transmisioa dira saioaren funtsa"

Erredakzioa 2025ko urr. 7a, 08:47

Mailo Oiarzabal eta Usua Garin Gukako langileak, Izarraitz atzean dutela. (Oier Arregi)

Dabilen harriari... saioaren bigarren denboraldia hastear da; gaur estreinatuko dute, 22:00etan, Guka telebistan. Mailo Oiarzabal eta Usua Garin saio hori gauzatzeaz arduratzen den taldeko kideak dira, eta haiek eman dituzte sasoi berriari buruzko gakoak.

Bigarren sasoia prestatzen ari zarete buru-belarri. Zer-nola doa grabaketa prozesua?

Mailo Oiarzabal: Lehen sasoiko lanak eta bigarrenekoak ia etenik gabe kateatu ditugula esan daiteke. Lehenengoaren emisioak bukatzerako, bigarrenerako lanekin hasi ginen.

Usua Garin: Lehen denboraldiko esperientziak lan dinamika zehazten lagundu digu. Ikasi dugu pertsona helduekin harremanak egiteak luze jotzen duela; izan ere, sarritan haien familiakoekin hitz egiten dugu aurrena. Kazetaritzaren egungo erritmotik aldentzen da saioa.

Zer dakar bigarren sasoiak?

M.O.: Lehenengoaren ildo beretik jarraitu dugu lanean. Eskualdeko herri bakoitzeko protagonista banaren lekukotzak jasota geldituko dira; 11 guztira. Adin batetik aurrerako pertsonek askotariko gaiez hitz egiten dute: lanbideari buruz, gaztaroko bizimoduaz, herriaren bilakaeraz, gertaera zehatzez...

U.G.: Indartsu dator bigarren denboraldia. Errezilgo Antonio Aldalur, Zumaiako Arritxu Bidasolo, Getariako Justo Silveti, Azkoitiko Maria Dolores Aranbarri... izango dira protagonistetako batzuk.

Nondik sortu zen saioa ekoizteko ideia?

M.O.: Zenbait errealitate nekez aldatzen dira eta beste batzuk guk nahi baino mantsoago. Baina, era berean, bizimodua, ohiturak eta hizkuntza bera hamarkada gutxitan izugarri aldatu dira. Aldaketa horiek bizi izan dituztenen lekukotzak herriz herri jasotzea eta gordetzea da Dabilen harriari...-ren funtsa. Memoria, euskara eta transmisioa, finean.

U.G.: Gure bailaran duela hamarkada batzuk euskaraz nola hitz egiten zuten, zer ohitura zituzten... ezagutzeko eta biltzeko beharra sentitzen genuen. Lan hori Gukak egin zezakeela eta, saioa sortzea erabaki genuen. 

Lehen denboraldiak zer harrera izan zuen?

U.G.: Orokorrean jaso dugun feedbacka oso positiboa izan da, eta saioek izan dituzten ikustaldi kopuruekin ere oso gustura gaude. Dena den, hobetzeko gauzak ere identifikatu ditugu bidean.

M.O.: Jaso duguna positiboa izan da. Saioaren ikusle gehienak ere adin batetik gorakoak izan direla esango nuke, eta horiek gustura hartu dituzte ezagunak zaizkien pertsonen istorioak.

Adinekoen ondarea jasotzea da saioaren helburua. Zergatik da garrantzitsua haien kontakizunak jasotzea?

M.O.: Kepa Alberdi historiazaleari lapurtuko diot erantzuna. Iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako egin nion elkarrizketan, aitona-amona bat hiltzen denean liburutegi bat erre izan balitz bezala dela esan zuen, eta hala da. Historia eta istorioak, handiak zein txikiak, kontatzea eta jasota uztea garrantzitsua da, ondarea ez galtzeko eta atzetik datozenek nondik gatozen ez ahazteko.

U.G.: Azken ehun urteetan bizitza izugarri aldatu da. Nire amamak, esaterako, gerra eta diktadura bizi izan zituen, ez zuen inoiz etxetik kanpo lan egin, oso sinesduna zen, lau seme-alaba izan zituen, ez zuen inoiz sakelako telefono bat izan, ez zuen gidatzen ikasi… Gure egungo bizitzatik oso urruti dagoen errealitatea da hori, baina nor garen ulertzeko behar-beharrezkoa da ondarea jasotzea, galtzen ari baita. 

Erraza egin al zaizue protagonistak bilatzea?

M.O.: Ez, horixe ari da izaten sail honen lanik zailena. Eta ez ez daudelako. Adinaren eta osasunaren gorabeherek ez dute beti laguntzen, eta batzuetan berandu iristen zaren sentsazioarekin gelditzen zara. Besteetan, betikoa: "Nik zer kontatuko dizuet ba?". Askori gertatzen zaie kontatzeko ezer ez dutela iruditzen zaiela, ez direla telebistarako elkarrizketa bat emateko bezain 'inportanteak'. Bestelako mugak ere baditugu: herri txikietan jende askoz gutxiago bizi da eta, beraz, neurri berean da zailagoa hautagaiak aurkitzea. Eta horri gehitu behar zaio geuk ere ez ditugula herri guztietako adinekoak ezagutzen. Beraz, Dabilen harriari... saioan lekukotza polita emango lukeen jendea ezagutuz gero, jo lasai gugana, gustura hartuko ditugu ekarpenak.

Hirugarren denboraldirik izango al du?

U.G.: Buruan daukagu hirugarren denboraldia egitea. Dena den, bigarren denboraldia bukatzean, atseden apur bat hartuko dugu, bi denboraldi oso jarraian egin ditugulako. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide