Udaltzainen kontratazio bateratua egiteko prozesua jarri zuten martxan eskualdeko hiru udalerrik –Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek, hain zuzen– urtearen hasieran, eta prozesua aurrera doa. Izan ere, dagoeneko osatu dute onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda; Zumaia.eus webgunean kontsulta daiteke zerrenda hori, Zumaiako Udalak kudeatu duelako prozesua.
Udaltzainen kontratazio prozesu bateratuaren helburuada "konfiantza eta gertutasuna" oinarri dituzten udaltzainak kontratatzea. Izan ere, hiru udalerrietan aritzeko bost udaltzain kontratatu nahi dituzte lehen deialdian: hiru Zumaiarako, eta bana Azpeitirako eta Getariarako. Azaldu dutenez, lehendik existitzen diren eta hutsik diren plazak behin betiko izaerarekin bete nahi dituzte, "jarraikortasuna eta gertutasuna" bermatzeko xedez.
Prozesuan zehar, gainera, kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusita dagoela ere esan zuten deialdiaren berri eman zutenean, eta halaxe izan da. Azpeitian, esaterako, "barne promozio bitartez", lehen mailako agenteen lau postu beteko dituzte. Gainera, lanpostuak betetzeaz gain, prozesuari esker lan poltsa eratuko dute, hiru herrietan aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko.