EH Bildu agintean den udalek mota guztietako harremanak etengo dituzte Israelekin

Julene Frantzesena 2025ko urr. 20a, 09:21

EH Bilduko alkate hainbat herenegun Arrasaten egindako agerraldian. (EH Bildu)

EH Bilduko alkate hainbatek egin zuten erabakiaren berri emateko agerraldia larunbatean Arrasaten. Koalizioak gobernatzen dituen udalek bere horretan utziko dituzte Israelekin dituzten harremanak. Palestina babesteko "biderik eraginkorrena" Israel bakartzea dela uste dute. Agerraldian izan ziren, besteak beste, Azpeitiko, Errezilgo, Aizarnazabalgo, Zumaiako eta Orioko alkateak.

EH Bilduko hainbat alkate elkartu ziren herenegun, larunbatez, Arrasaten, eta horiek adostu dute aginteak diren udalek mota guztietako harremanak etengo dituztela Israelekin. Ondorioz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan gobernatzen dituzten udalek Israelekin dituzten hartu-eman guztiak bere horretan utziko dituzte.

Atzoko agerraldian izan ziren, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Koldo Arzallus Errezilgoa, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgoa, Iñaki Ostolaza Zumaiakoa eta Anuska Esnal Oriokoa, eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak hartu zuen hitza hartutako erabakiaren berri emateko. Hark esan zuen alkateek ekimena hartu eta ahotsa altxatu behar dutela, eta haren hitzetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Palestinari elkartasuna adieraztea.

Palestina babesteko "biderik eraginkorrena" Israel bakartzea dela esan zuen: "Israelekin dauden harreman komertzialak, ekonomikoak, diplomatikoak eta politikoak eten behar dira genozidioak irauten duen bitartean". Horrenbestez, udalek aztertu egingo dute gaur egun zer lotura dituzten Israelekin, eta harremanen bat baldin badute, bertan behera utziko dutela jakinarazi dute. "Gaurdanik hasiko gara administrazio horiek Israelekin dituzten harreman eta loturak aztertzen, eta dagozkion urratsak emanten, erabaki hau ahalik eta gehien inplementatu dadin".

Izan ere, genozidioaren aurrean, EH Bilduk ezin duela ekidistantziaz jokatu esan dute: "Palestinaren alde jokatzen segituko dugu". Euskal Herria eta Palestina historikoki adiskideak izan diren bi herri direla ere azpimarratu zuen hark, eta gogora ekarri zuen biak "herri zapalduak" direla. Bermeoko alkatearen arabera, konpromisoak hartzeko garaia da eta Palestina "babestu" beharra dago: "Palestina entzun behar dugu, eta gure esku dagoen hori egitea dagokigu Palestina berreraikitzen eta biziberritzen laguntzeko eta Israel isolatzeko. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu, Palestinan gertatu denaren erantzuleak epaituak izan arte ez baita justiziarik izango".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide