Ikusgai da 'Urola Erdia ispiluaren aurrean' kanpainako bigarren bideoa

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 8a

Bigarren spotak ere autoaren gehiegizko erabilera jarri dute agerian Xanti Agirrezabala, Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreek. Kanpaina horren bidez, Urola Erdiko herritarrek egunerokoan hartzen dituzten erabakiek etorkizunean zer eragin izan dezaketen nahi dute azaleratzea.

Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina aurkeztu zuten abenduaren erdian Urola Erdiko sei udalerriek –Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal–. Kanpaina horren bidez, eskualdeko herritarrak erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatzea dute xede erakundeak.

Kaleko panelen, esku-orrien eta ikus-entzunezkoen edo spoten bidez ari dira sei herrietako udalak kanpaina zabaltzen, eta horretarako, bost ardatz hartu dituzte aintzat: energia eta klima; mugikortasuna; lehen sektorea eta tokiko ekonomia; paisaia eta biodibertsitatea; eta eguneroko erabakiak nahiz komunitatea.

Joan den asteazkenean, abenduak 31, zabaldu zuten kanpainaren aurreneko bideoa, eta gaur, osteguna, kaleratu dute bigarren bideoa. Lehen spotean bezala, bigarrenean ere autoaren gehiegizko erabileran jarri dute arreta. Azpeitiko igerilekuaren atarian ikus daitezke Xanti Agirrezabala, Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreak, eta herriz herri majo zabalduta dagoen joera bat erakutsi dute haiek: kirola egiteko guneetara autoz joaten da jendea. Horren aurrean, kiroldegietara oinez edo bizikletan joateko deia zabaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide