Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso azpeitiarrek osatutako Zaharrak Berri taldea nagusitu zen atzo Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren Urola Erdiko aurreneko finalaurrekoan. Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe azkoitiarrek osatutako Astuk Alineaute taldea izan zuten kantulagun eta aurkari. Hamabi puntu lortu zituen Azpeitiko taldeak, eta bederatzi Azkoitikoak, eta horrenbestez, txapelketa utziko dute Astuk Alineaute taldekoek. Zaharrak Berri, berriz, eskualdeko finalean ariko da, martxoaren 13an, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango den saioan.
Bertsolariak kantuan hasterako, afaritarako elkartu ziren 80 lagun baino gehiagok berotu zuten plaza bilakatu zen Borondegi jatetxea. Bi taldeak saiatu ziren saioa lekura eramaten, eta Kupela taldearen Errezil kantuaren doinuarekin hasi zituzten agurrak. Publikoak eskertu zuen bertakoekiko eginiko keinu sorta, eta gogotsu txalotu eta abestu zituzten Zaharrak Berri taldeak Ranroberra kantuaren doinuan ekarritakoak.
Giro hartan hasi zen saioa, eta Txibilterri zein Lizasori egokitu zitzaien ekitea, librean. Nolabait, hantxe jarri zuten saiorako oinarria: bertsolagunak duen garratziari abestu baitzioten, besteak beste. Txibilterrek gogora ekarri zion Lizasorekin berarekin egin zuela jendaurreko aurreneko bertso saioa, eta pozik agertu ziren biak elkarrekin aritzeaz. Hala esan zuen Txibilterrek: "Gaur bi bandotan egonagatik / elkarlana baita xede".
Eta halaxe, elkarlanean osatu zuten saioa sei bertsolariek, Aitor Zabalak eta Ane Iriondok prestatu eta azken horrek aurkeztutako gaiekin. Zortziko txikian elkarri mokoka aritu ziren Ostolaza eta Tolosa bizilagunak. 10eko txikian, berriz, santa eskearen gainbehera edo izan zuten hizketagai Arretxek eta Urangak. Horrela bota zuen Urangak bertsoetako batean: "Ohitura zaharrik ez da gazteetan zabaltzen / euskara ere horrelaxe ari zaigu galtzen".
Puntutan Ostolaza eta Tolosa aritu ziren berriro, elkarri eztena sartzen. Taxilaria aurrena, eta Tolosa, berriz, mozkortuta taxira sartu ondoren etxea non zuen ere ez zekien bezeroa. Bakarkakoei ekin zieten gero; Artetxe eta Uranga izan ziren lan horretan. Itxi behar duten zinema aretoko langilearen larruan jarri zuten Artetxe, laneko azken egunean: "Baina lanpostu hau ez da hemen / galtzera doan bakarra".
Talde bakoitzetik batek beste taldekoei kantatuz segitu zuten, eta jarraitu zuten, koplatan. Saio umoretsuak eginda, plaza bero-bero amaitu zituzten saio puntuagarriak. Astuk Alineaute taldeko Ugaitz Beristain, Zaharrak Berri taldeko Oihana Aranguren eta Txemaizterrak taldeko Miren Ezama izan ziren puntuak banatzen. Emaitza entzunda, pozik ziren bi taldeak. Batzuk egindako lanarekin aseta, eta besteak gehiago egiteko gogoz, eta nerbioz. Hala bota zuen Urangak: "Barrabilak lepoan hor dabizkit tinko / Behintzat beste hiru astean ez dira jaitsiko".
Bigarren finalista, datorren ostiralean
Martxoaren 13an erabakiko da Urola Erditik zein taldek segituko duen aurrera Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Bi talde arituko dira saio horretan, Charles Chaplinen. Atzo nagusitutako Zaharrak Berri izango da finalean ariko den taldeetako bat, eta datorren astean erabakiko da bigarrena, Aizpurutxon jokatuko den finalaurrekoan. Azpeitiko Txemaizterrak eta Zestoako Erraila taldea izango dira han, nor baino nor. Bertso afari formatua izango du saio horrek ere, eta dagoeneko itxita dago izen ematea, txartel denak saldu baitituzte.
(Argazkiak: Utzitakoak)