Ibai Otaegi: "Mendian gero eta gauza zailagoak egiteko segurtasuna edukitzea nahi dut"

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 27a

Ibai Otaegi, Peruko Shaqsha Sur mendian. (Utzitakoa)

Euskal Mendi Federazioaren Alpinismo Talderako hautatuetako bat da Otaegi. Federazioak iaz ireki zuen teknifikazio zikloa, eta Euskal Herri osoko 40 hautagaitatik sei kirolari soilik aukeratu zituzten formakuntza jasotzeko. Horietako bat da Otaegi. Askotariko jakintzetan trebatzeko eta espezializatzeko aukera izaten ari da, eta oso gustura dago ikasitakoarekin. Aurrera begirako erronkak ere ez zaizkio falta errezildarrari. 

Betitik atsegin izan du kirola Ibai Otaegik (Errezil, 1999), eta ikasketak ere arlo horri lotuta egin zituen. Hain zuzen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi zuen Gasteizen, baina unibertsitateko ikasketak amaituta, askotariko formakuntzekin jarraitu du. Euskal Mendi Federazioak (EMF) sustatutako teknifikazio eskolarako hautatu zuten iaz. Euskal Herri osoko 40 hautagaitatik sei soilik izan dira aukeratuak, eta horietako bat da Otaegi. "Pozik eta oso gustura" dago orain arte ikasitakoarekin.

Euskal Mendi Federazioak prestakuntza eta jarduera ziklo berria ireki zuen iaz alpinista arituei zuzenduta. Aukeratutako kideen artean zinen zu. Nola jaso zenuen berria? 

Hautaketa prozesua nahiko zorrotza izaten da, eta pozez hartu nuen berria. Aurrena, kirolarien curriculumak eskatzen ditu federazioak, hortik hautaketa egiten dute, eta, ondoren, sarrera froga igaro behar izaten da. Sarrera frogarako nahiko lasai nengoen; izan ere, azken deialdian, duela hiru urtekoan, zalantzan egon nintzen aurkeztu edo ez, baina eskaladan nahikoa trebatuta ez nengoela pentsatuta, azkenerako ez nintzen aurkeztu. Iaz, ordea, azken aukera nuen, orain arte 25 urtera arteko kideak soilik aukeratzen baitzituzten teknifikazio eskolarako. Beraz, ahalik eta ondoen prestatu nintzen, eta oso gustura egin nituen probak. Esperantza nuen, eta lortu nuela jakitean, poz handia sentitu nuen. 

Orotara, 40 curriculum jaso zituzten, eta galbahea pasatuta, sei kide izan zineten hautatutakoak. Zer hartzen dute kontuan hautaketa egiterakoan? 

Aurrena, aurkeztutako kirolari bakoitzaren kirol curriculuma ikuskatzen dute. Bertan jasotzen dira, besteak beste, ordura artean egindako edo osatutako eskalada bideak, esperientzia profesionalak eta norbanakoaren maila teknikoa. Hori, ordea, ezin izaten dute guztiz justifikatu. Beraz, curriculum horietatik batzuk aukeratzen dituzte, ondoren proban jarri ahal izateko. Horretarako egiten dituzte sarrera froga fisikoak, eta bertan hainbat proba egiten dituzte: izotz eskaladako proba bat, eski trabesiako beste bat eta paretako eskaladako bat. Proba horien tartean, egun bat hartzen dute elkarrizketak egiteko banaka-banaka, kirolariaren nortasuna eta jarrera ezagutzeko. Izan ere, Alpinismo Taldea osatzen dute, eta kideen arteko oreka edo elkar osagarritzea ere bilatzen dute; hau da, elkarlanerako jarrera eta aukera edukiko duen taldea sortzea. 

Bereziki prestatu al zinen sarrerako probarako?

Probarako baino, aurrez prestatu nintzen, batez ere eskalada arloan. Aipatu bezala, duela hiru urteko deialdirako kirol horretan nengoen hanka-motz nire iritziz; beraz, iaz konfiantzazko lagun batekin aritu nintzen prestaketan, eskaladan hobetzeko helburuarekin. Gainerakoan, egunerokoan ibiltzen naiz alpinismoari lotutako kirolak praktikatzen, eta jarduteak ematen du esperientzia eta maila handiena.   

Zein da teknifikazio eskolaren helburua?

Gurea bezalako teknifikazio taldeak Euskal Herrian eta Katalunian ez ezik, Espainiako Estatuko autonomia erkidego askotan daude, tartean, Aragoin edo Asturiasen. Orokorragoa den beste bat ere badago, elitera gehiago gerturatzen dena, Espainia mailakoa. Horien helburua ez da titulua ematea, gazte arituek formakuntza jasotzea, horiek espezializatzea eta goi mendizaletasuna sustatzea dira xede nagusiak. Euskal Herrian, esaterako, bilatzen duguna da alpinismo arloan aritzen garen kirolariak horretara bideratzea, formakuntza aldetik gaitasunak lortzea eta modu horretan kirola sustatzea. 

Alpinismo Taldea, izotz eskaladako saio batean, Dolomitetan (Utzitakoa)

Formakuntza hori jasotzeko askotariko irteerak egin dituzue, Euskal Herrian, Espainian nahiz Europan. Zertan trebatu zarete orain arte?

Irteera horietara goi mendiko gida batekin joaten gara, eta harekin alpinismoaren askotariko ertzak aztertzen ditugu. Finean, irteera bakoitza formakuntza sakon eta mamitsua izaten da. Hilean irteera bat egin dugu, gehienetan asteburu pasa formatuan. Gure kasuan, gehienbat Pirinioetan edo Euskal Herriko txokoetan ibili gara. Dolomitetara (Italia) ere egin genuen irteera bat. Formakuntzari dagokionez, izotz eskalada, alpinismoa elurretan, eski trabesia eta eskalada izan dira orain arte landutakoak. Arlo horietako bakoitzean ertz desberdinak landu ditugu. Eskaladan, esaterako, erreskaterako formakuntza jaso dugu, baita mendiko lehen sorospenetarako formakuntza ere. Gehienbat gaitasun praktikoak lortzen ditugu, nahiz eta horiek teoriatik ere badaukaten. Izen handiko kideen eskutik ere jaso ditugu azalpenak. Dolomitetan, adibidez, hamar eguneko formakuntza jasotzeko aukera izan genuen, eta Santi Prados izan genuen bidelagun. 

Sei kidek osatzen duzue Alpinismo Taldea. Aipatu duzu lehen: federazioak alpinisten arteko talde izaerari garrantzia dezente ematen dio. Zer moduz moldatu zarete talde gisa? Zer profiletako jendea zaudete? 

Oso ondo moldatu gara. Bi gipuzkoar, bi bizkaitar eta bi arabar elkartu gara, hiru neska eta hiru mutil. Aurten ez dute adin mugarik jarri, eta ni naiz taldeko gazteena nahiz eta izatez guztiok garen gazteak. Gainerakoan, euskaldun giro jatorra izan dugu kideon artean, eta horrek, niri behintzat, asko lagundu dit. Izan ere, erderaz ere moldatzen gara, baina alde ederra dago euskaraz arituta [barreak]. Kontuak kontu, oso giro ederra sortu dugu gure artean, baita gure gidarekin ere. Federazioak talde izaera bazuen helburu, lortu du. Gainera, uste dut teknifikazio zikloa amaitutakoan elkartuko garela mendi irteerak egiten jarraitzeko.

Udan bukatuko duzue formakuntza. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Oso esperientzia positiboa izan da. Alpinismoan aritzen garenok beti gabiltza ikasten, baina esperientzia honek asko laguntzen du. Egunerokoan ere gauza asko ikasten diren arren, kasu honetan, maila antzekoa daukagun kirolari taldea izanik eta gu baino askoz gehiago dakien gida batekin arituta, oso saio emankorrak egin ditugu; fruitu asko ematen dituen formakuntza da, jakintza handia barneratzeko eta praktikan jartzeko aukera ematen duena. Gainera, mendian aritzeko segurtasuna eskuratzen da, eta hori da nire helburuetako bat: gero eta gauza zailagoak egiteko segurtasuna edukitzea. 

Mugarik jartzen ez duen horietakoa al zara, ala? 

Ez, jartzen dizkiot limiteak nire buruari. Esango nuke ondo dakidala zertarako gai naizen eta zertarako ez. Uste dut ondo neurtzen dudala nire gorputza. Inguruko jendeak esaten dit lasai hartzeko, eta horretan saiatzen naiz. Iritsi behar direnean iritsiko dira marka edo erronka berriak. Oraingoz, egunean egunekoa bizi, eta aurrera.

Zure profil mendizalea hartu dugu elkarrizketarako aitzaki, baina aurrez beste kirol batzuetan ere ibilitakoa zara, tartean, eskaladan. Etorkizunera begira, berriz, zer asmo dituzu? 

Txikitatik asko joan izan naiz mendira, familia oso mendizalea baitut. Gaztetan futbolean aritu nintzen Ikasberri kirol elkartean. Behin futbola utzitakoan, aukera izan nuen eski trabesiako Euskal Selekzioan sartzeko. Orduan ez zegoen kirol hori praktikatzen zuen jende asko, eta proposamena luzatu zidaten. Eski trabesian aritu nintzen lauzpabost urte, eta unibertsitate sasoian eskalatzen hasi nintzen. Dena den, beti jarraitu dut mendiari lotuta. Orain denetarik egiten dut, Azpeitian aukera zabala baitaukagu kirolerako. Sokaitz eskalada taldeko kide naiz, eta eskalatzeko lokalak aukera asko eskaintzen dizkigu. Tira, eta familiaz aparte, zorte handia izan dut tokatu zaidan inguruagatik. Azpeitiko lagunekin ez ezik, oraindik elkartzen naiz unibertsitate garaiko kideekin, eta egiten ditugu irteerak, tarteka.

Etorkizunera begira jarrita, ikusiko da. Iaz uda sasoian bidaia berezia egin genuen Perura, eta hainbat tontor igo genituen. Aurten ez dut halakorik egiteko asmorik, urtero ezin baita horrelako bidaia bat ordaindu. Formakuntzan jarraituko dut, kiroletako ikaskuntza publikoan mendiko gida izateko ikasten ari naiz eta eskaladako tekniko titulua eta mendi ertaineko titulua ateratzea da xedea. Dena ondo bidean, etorkizunean ere mendia presente egongo da nire bizitzan. 

Otaegi, kostaldeko pareta bat eskalatzen. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide