Carmen Garcia eta Oihane Arozena: "Diegori buruz ditudan oroitzapen denetan barrez ari da"

Aroa Zamora 2026ko martxoaren 20a

Oihane Arozena eta Carmen Garcia. (Aroa Zamora)

Bihar jokatuko duten Azkoitia-Azpeitia proban bezala, familiaren bihotzean ere iltzatuta jarraitzen du Diego Garciaren oroimenak. Mende laurden beteko da atleta hil zela.

Aurten 25 urte beteko dira Diego Garcia atleta azkoitiarra hil zela; Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako prestatzen ari zela, bihotzekoak jota hil zen 2001eko martxoaren 31n, Loiolan. Atleta zein pertsona "bikaina" zen Garcia, eta horrelaxe gogoratzen dute bere arreba Carmen Garciak (Azkoitia, 1963) eta iloba Oihane Arozenak (Azkoitia, 1993). Bihar jokatuko dute haren omenezko 33. Azkoitia Azpeitia nazioarteko maratoi erdia. 

Nolakoa zen Diego Garcia lehiatzeko orduan?

Carmen Garcia: Hark beti begiratzen zuen laguna gertu ote zuen hari laguntzeko, elkarrekin helmugara sartzeko; adiskidetasuna atsegin zuen. Ez zeukan besteei irabazteko grina hori, ez zitzaion axola bigarren geratzea ere, berdin-berdin ospatzen zuen Diegok. Helsinkin [Finlandia], Espainiako taldeko hiru korrikalariak helmugan sartzeko zirenean, atzera begira geratu zen Diego, Alberto [Juzdado] laguna atzetik zuen ikusteko, eta erritmoa pixka bat jaitsi zuen haren zain egoteko.

"Ez zitzaion axola bigarren geratzea ere, berdin-berdin ospatzen zuen Diegok"

Eta pertsona gisa?

C.G.: Nire anaia oso pertsona ona izan zen. Hil ondoren jakin genuen korrika egitea oso gustuko zuen Azkoitiko ume bati laguntzen aritu zela; haurraren gurasoak langabezian zeudenez, ezin zioten haurrari zapatilarik erosi. Umearen amak kontatu zigun lagundu egin ziela, material guztia erosten. Ekonomikoki ondo zeudenean ere, urtero ekipamendu berri bat oparitzen zion.

Zein dira hari buruz dituzuen oroitzapen nabarmenenak?

Oihane Arozena: Hil zenean ni oso txikia nintzen, baina hari buruz ditudan oroitzapen guztietan barrez ageri da. Txabolan egoten ginen uneez asko gogoratzen naiz; asko hitz egiten zuen eta beti ibiltzen zen jendearekin barrezka. Gehiago gogoratzen dut pertsona gisa, atleta gisa baino.

C.G.: Egun asko igarotzen genituen Ipintzako txabolan, eta anaiak auzoan zehar entrenatzen zituen nire seme-alabak. Gogoratzen dut seme zaharrenak ez zuela entrenatu nahi izaten; Diegok Oihaneri "Miss Euskadi" deitzen zion, eta semea jeloskor jartzen zen.

Hainbeste leku desberdinetan lehiatuta, anekdota ugari izango zituen, ezta?

C.G.: 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetara Azkoititik autobus bat edo bi atera ziren, eta han joan ginen gu ere. Gogoratzen dut hiruzpalau hilabete neramatzala haurdun, Oihane baineraman sabelean, baina ez nion inori ezer esan, Bartzelonara joandakoan alde batetik bestera korrika ibili beharko genukeelako. Gure beste anaiarekin joan nintzen Diego ikustera; eta bitartean, gurasoak nire seme zaharrenarekin Extremadurara [Espainia] joan ziren oporretan. Lehiaketa amaitu zenean, amari telefonoz deitu genioen eta anaiaren kuadrilla osoa berarekin hitz egiten egon zen: "Hori da semea erditu duzuna!" eta halakoak esaten zizkioten. Izugarrizko oihuak bota genituen Bartzelonan, eta nire baitan pentsatzen nuen: "Jainko maitea, erotuta daude!". 

Kirol ibilbide osoan herrialde ugaritan ibili zen korrika Garcia. Nola moldatzen zen hizkuntzekin?

C.G.: Ez oso ondo. Ez zekien ingelesez, baina mundu guztiak ulertzen zion. Ez dakit nola egiten zuen. Gainera, mundu osoarekin primeran konpontzen zen. Japonian egon zirenean, atletei gidak jarri zizkieten, eta Diegok "Antonio" deitzen zion bere gida japoniarrari. "Antonio, etor zaitez hona, leporik gabe geratuko zara eta!", esaten zion, atletak aurretik pasatzen ziren bakoitzean burua makurtuz agurtu behar baitzituzten; erregeak bezala tratatzen zituzten atletak Fukuokan. Gainera, Diegok denetik kontatzen zion bere gidari, eta azkenean, hitzen bat edo beste egiten zuen japonieraz. Euskaraz askoz hobeto moldatzen zen bere burua adierazteko orduan. Gurasoek bizitza osoa gaztelaniaz eman arren, nire etxean beti euskaraz hitz egiten zen, nik izan ezik. Besteek beti egiten zuten euskaraz, eta gainera, Azkoitiko euskaran. Diego ez zen ezerekin lotsatzen. 

Erabakimen handikoa eta ausarta al zen?

O.A.: Bai, ETBko Sorginen Laratza telebista saiora joan zen momentuaz asko oroitzen naiz. Bertso bat bota zuen, euskaraz zein bertsolaritzaz asko jakin gabe. 

C.G.: Xabier Euzkitzerekin apustu bat egin zuen: berak saioan bertso bat botatzen bazuen, Xabierrek hurrengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartu beharko zuen. Bertsoa bota zuenean barre asko egin genuen, bertsozale amorratua izan arren, ez zitzaiolako batere ondo ematen. Sebastian Lizasoren eta Andoni Egañaren lagun mina zen Diego, eta Egañak askotan esaten zuen: "Nik korrika gaizki egingo dut, baina hark a ze gaizki egiten duen bertsotan!". Nire anaia hil zenean, Xabierrek lasterketan parte hartu zuen, apustua galdu baitzuen. 

"Oso hunkigarria da Diegoren eskulturaren ondotik pasatzen den jendeak hari eskua nola ukitzen dion ikustea"

Bere oroimenean egindako estatua ere lagun handi batek egin zion, ezta?

C.G.: Xebas Larrañaga eskultorea ere Diegoren lagun mina zen, eta uste dut bera izan zela estatua egiteko proiektua udalari proposatu ziona. Estatua lehen aldiz ikusi nuenean, lehen inpresioa beldurgarria izan zen: tamaina errealekoa zen; nire anaiaren esku berdin-berdinak zituen, oso esku markatuak baitzituen Diegok… Xebasek mimo handiz egin zuen, eta asko kostatu zitzaion, bera oso sentikorra baita, eta asko sufritzen baitzuen Diego gogoratzean. Oraindik ere, bere ondotik pasatzen den jendeak eskua nola ukitzen dion ikustea oso hunkigarria da. 

Diego hain pertsona maitatua izanik, zein da bere lagunekin duzuen harremana? 

C.G.: Diego mundu guztiaren lagun egiten zen. Hil zenean, telegramak eta mezuak mundu osotik iritsi zitzaizkigun. Eta oraindik ere, gaur-gaurkoz, Azkoitia-Azpeitia egiten denean, horietako asko urtero etxera etorri eta lotan geratzen dira. Etengabe gaude harremanetan, beste familia bat bezalakoa da. Asko babesten gaituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide