Mendizaleek Antonioren Bordaz gozatzeko aukera dute berriz

Aroa Zamora 2026ko martxoaren 25a

Antonioren Borda, joan den abenduan. (Ane Olaizola)

Joan den asteburuan zabaldu zituzten berriro Zelatungo Antonioren Bordako ateak. Txabolaren jabetza duen Aldalur familiako bi ahizpen esku dago orain negozioa.

Berriro ireki dituzte Zelatungo Antonioren Bordako ateak. Izan ere, hiru hilabetez itxita egon ondoren, joan den larunbatean eman zioten atzera berriro hasiera negozioari. Aldalur sendiarena izan da bordaren jabetza betidanik, eta, orain, Goretti eta Arantxa Aldalurren –Antonio Aldalur jabearen bi alaben– esku geratu da Herniora edo inguruetara doazen mendizaleei pintxoak, errazioak, salda, ogitartekoak edota plater konbinatuak eskaintzea. 

Jose Mari Ugartemendiaren eta Maria Jesus Etxeberriaren ardurapean egon zen tabernaren kudeaketa hamabost urtez, harik eta iazko abenduan erretiroa hartzea erabaki zuten arte. Borda betiko ixteko arriskuaren aurrean, erabaki bat hartu behar izan zuten Aldalur familiako kideek. "Erabaki zaila zen. Bi aukera zeuden: itxi edo erronkari eutsi eta geuk, familiak, ardura hartu. Gaiari buelta asko eman ondoren, saiatzea erabaki genuen", adierazi du Goretti Aldalurrek, bordaren arduradun berrietako batek. Urte hasieratik taberna egokitzen eta txukuntzen aritu dira. Izan ere, egitura aldetik aldaketarik gauzatu ez duten arren, "lantxo" batzuk egin dituzte txabolan: hormak margotu dituzte eta elektrizitate instalazioa aldatu dute, esaterako. Behin egokitzapen guztiak eginda, irekiera xumea prestatu zuten Aldalur ahizpek larunbaterako, trikitilaririk edo bestelako ospakizunik antolatzeko asmo handirik gabe. Izan ere, erlojuaren kontra ibili dira lanean, eta azken astean hartu zuten joan den larunbatean ateak zabaltzeko erabakia. Bordaren esentzia mantentzeko, ordea, txorizo pintxoak eta salda prestatu zituzten hurbildu ziren guztientzat.

Loturak tiraka

Bordaren ardura hartzeko erabakia "familiarra eta guztiz emozionala" izan zela esaten du Aldalurrek; txabolarekin duten lotura sendoak bultzatu ditu pauso hori ematera: "Gu han hazi eta hezi ginen, eta beti pentsatu izan dut bizipen haiek gabe ez ginatekeela garen bezalakoak izango". Kontziente dira negozioak esfortzu handia eskatuko diela, bi ahizpek beste lanbide batzuk dituztelako, besteak beste. "Hala ere, mendian jendea oso esker onekoa da, eta horrek sentiarazten digu ahaleginak merezi duela".

Printzipioz, borda asteburuetan eta jaiegunetan soilik irekitzeko asmoa dute, astean zehar beste lan batzuk dituztelako. Udan egunero irekitzea gustatuko litzaieke, baina lantaldearen eta mendizaleen araberakoa izango da erabaki hori. 

Mendietan halako bordak bizirik mantentzea ez da lan erraza. "Gaur egungo bizimoduaren kontra doala esango nuke, toki hauetan dena baita zailagoa", azaldu du Aldalurrek. Butano bonbonak, jan-edana eta beharrezkoa den guztia gora igotzea "lan neketsua" da, haren arabera. "Elurra egiten duenean, errepideak ez dira egokienak, sorgailuak behar dira argindarra izateko... Mendiak eskaintzen dituen azpiegiturak direnak dira, eta aurrera egin behar da horiekin. Gainera, eguraldiak agintzen du. Eguraldi onarekin paradisua da Zelatun ingurua, baina txarrarekin infernu bihurtzen da". Hala ere, paraje horretan aritzeak, Herniora begira lan egiteak, hain zuzen, "oinak lurrean jartzen eta gauzak erlatibizatzen" laguntzen die.  

Mendiak dituen bi aurpegi horiek, ordea, badute beren xarma, eta Aldalur ahizpentzat beti izan da toki berezia Zelatun. Pozik daude apustu hori egin izanaz, eta, momentuz, ez dute damurik. Proiektuari hasiera eman izana positibotzat dute, baina, aldi berean, bizkarrean daramaten zama eta ardura areagotu egin zaizkie: "Ateak zabaltzea lortu dugu, eta, orain, proiektuari eutsi behar diogu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide