Hamabost urte eta gero, datorren asteburuan automobilismo zaleek "aspalditik" duten ametsa gauzatuko du Ardatz motorsport klubak Erniope rallysprinta eginda. Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz artean jokatuko dute auto lasterketa larunbatean, 10:00etan hasita. "Poz handia dugu, aurten pausoa ematera animatu garelako, eta gure nahia egi bihurtuko dugulako Azpeitiko, Errezilgo eta Bidania-Goiatzko udalei, Euskadiko Automobilismo Federazioari, babesleei, Errezilgo herritarrei eta lasterketa antolatzen lagunduko diguten hainbat boluntariori esker", adierazi du Gurutz Agirretxe Ardatz klubeko kideak. Proba berreskuratu izanaz pozik agertu da Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea ere.
Ikusmin handia sortu du Erniope auto lasterketak, eta Errezilen egindako aurkezpenera jende asko bildu zen atzo arratsaldean. Ardatz klubekoak nahiz parte hartuko duten gidariak gogoz azaldu dira larunbateko proban irteteko. 46 auto gidarik, eta haiekin batera beste hainbeste kopilotuk eman dute auto lasterketarako izena. "Gidari gehiago espero genituen, baina garai honetan lasterketa asko daude, eta 50 partaidera gerturatu gara eta gustura gaude. Gainera, gidari garrantzitsuek parte hartuko dute".
Erdiak eskualdekoak
Erniope auto lasterketaren lehen edizioan parte hartzeko izena emandako gidari eta kopilotuen erdiak eskualdekoak dira, Anne Berasategi Ardatz motorsport klubeko kideak zehaztu duenez. Larunbateko auto lasterketan parte hartuko dutenak honakoak izango dira, besteak beste: Aitzol Apalantzarekin kopilotu Aritz Uzkudun lasaotarrak parte hartuko du Hyundai 120N Rally 2 autoarekin; Iraitz Olariaga eta Ion Zubiaurre azkoitiarrek elkarrekin irtengo dute Honda Civic autoarekin; Iñaki Alberdi azpeitiarrak Izar Aranguren zumaiarra izango du kopilotua, Porsche 997 GT3 Cup autoan; Gurutz Agirretxek Mikel Labaka errezildarra izango du kopilotua, BMW 1M autoan; Iker Zinkunegik ere Denis Astigarraga herrikidea izango du aldameneko eserlekuan, BMW M3 E36 autoan. Enaitz Etxeberria urrestildarrak Aitor Arregi azpeitiarra izango du kopilotua, BMW E36 M3-an. Azpeitiarrek osatutako bikoteak ere ugari izango dira Erniope proban: Aratz Buldain eta Irati Intxausti, Ioritz Buldain eta Mikel Zubizarreta, Eneko Alkorta eta Maren Zelarain, Garikoitz Zubizarreta eta Eneko Olaizola, Iñigo Larrañaga eta Jose Miguel Zendoia. Gidari ariko diren emakumeen artean, berriz, Maria Aranberri nuarbetarra dago; Eneritz Urzuriaga kopilotu duela BMW E36 328I autoarekin parte hartuko du.

Larunbateko proban parte hartuko duten gidarietatik lau izango dira errezildarrak: Aitzol Apalantza, Gurutz Agirretxe, Iker Zinkunegi eta Amets Irulegi. Errezildik parte hartze hori izatea "garrantzitsua" da Ardatzekoen ustez. Gainera, Apalantza da proba irabazteko faboritoetako bat, baina haren hitzetan "Iñaki Alberdi" da faboritoa. "Pentsatzen dut bost bat ibiliko garela txapela irabazteko borrokan, eta izen nagusi bezala Iñaki Alberdi aipatuko nuke. Orain dela 17 urte elkarren kontra ibili ginen, ni anaiaren [Gorka] ondoko eserlekuan, eta orain nik neuk bolantea eskuetan dudala lehiatuko dut haren kontra. Aurkari gogorra izango da, aitona eginda dago, baina erritmoa ez du galdu", esan du Apalantzak. Gogotsu dago gidaria larunbateko rallysprinta jokatzeko.
Eskarmentua du Apalantzak auto lasterketetan, baina Amets Irulegik debuta egingo du larunbateko proban. 21 urte ditu Irulegik, eta Citroen Saxo autoarekin, eta Jon Eizmendi errezildarra kopilotu duela irtengo du. Aurreneko proba izanda, bukatuta gustura geldituko dela dio Irulegik. Bidea ondo ezagutzen duen arren, goitik beherakoak errespetua ematen diola esan du: "Batik bat, Irurena inguru horrek ematen dit goitik beherakoan errespetu gehiena; toki hori labaina ere bada, eta euria baldin bada... Nik nahiago eguraldi lehorra bada". Aurreneko lasterketa izanda "urduri" sentitzen dela ere adierazi du gidari gazteak.
Lau txanda
2011n jokatu zuten azkena Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz artean rallysprinta. Lapatxeko zabortegiaren aurrean izango du irteera eta Bidania-Goiatzen helmuga. 13,7 kilometroko ibilbidea da, eta lau txanda egingo dituzte, goizean bi goranzka eta arratsaldean bi beheraka.
Probaren bezperan, ostiralean, egiaztapen teknikoak eta autoen aurkezpenak Azpeitiko Perez Arregi plazan –Etxe Zuri tabernaren aurrean– egingo dituzte, 17:00etatik 20:00etara. Ordu horretan, banan-banan autoek irtengo dute Betharrametako atarira joateko, eta han egongo dira aparkatuta probaren irteera arte.
Larunbatean 10:00etan hasiko da auto lasterketa, baina 09:00etan itxiko dute Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidea, eta 18:30-19:00 aldera irekitzea aurreikusita dute. Bitarte horretan larrialdi kasuren bat izanez gero, auto lasterketa gelditzeko arazorik ez dela izango ziurtatu dute Ardatz klubekoek. "Aurrena herritarrak izango dira eta gero lasterketa", nabarmendu du Agirretxek.
Ehun pertsonatik gora ariko dira probaren egunean boluntario lanean, ibilbidea, bidegurutzeak eta inguruak zaintzen. "Bidegurutze asko dira itxi beharrekoak, eta jende asko behar dugu. Lortu ditugu antolaketan lagunduko dutenak, eta ea orain denon artean dena txukun ateratzen den", azpimarratu du Agirretxek. Haren arabera, boluntarioen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango Erniope rallysprinta antolatzea, eta Ardatz klubaren izenean "bihotzez" eskertu ditu.
Helburu nagusia "herritarren segurtasuna eta herriaren garbitasuna bermatzea" dela adierazi du Agirretxek, eta horregatik bertaratzen diren guztiei segurtasun arauak betetzeko eta ingurunea zaintzeko eskatu diete, baita komisarioei kasu egiteko ere.
Egitaraua:
Apirilak 24, ostirala
- 17:00-20:00. Egiaztapenak eta autoen aurkezpenak, Azpeitian Perez Arregi plazan.
Apirilak 25, larunbata
- 09:00. Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidea itxiko dute.
- 10:00. Lehen txandaren irteera, Lapatxetik.
- 12:00. Bigarren txandaren irteera, Lapatxetik.
- 15:00. Hirugarren txandaren irteera, Bidania-Goiatzetik.
- 17:00. Laugarren txandaren irteera, Bidania-Goiatzetik.
- 20:00. Sari banaketa, Azpeitian Perez Arregi plazan.