Goiz eta arratsaldez jokatuko dira bihar, larunbata, I. Erniope rallysprintaren lau txandak Lapatx zabortegiaren paretik irtenda, Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidean. 46 uto gidarik parte hartuko dute auto lasterketan, eta gaur arratsaldean egiaztapenak eta aurkezpena egin dituzte Azpeitiko Perez Arregi plazan. Ikusmiran jende asko ibili da, eta autoak gertu-gertutik ikusteko eta auto gidariekin hitz egiteko aukera izan dute bertan bildutako autozaleek.
Bihar, 10:00etan hasiko da auto lasterketaren goranzko lehen txanda, eta 09:00etan itxiko dute errepidea; 18:30-19:00 alderako, proba bukatuta, berriro bidea irekitzea aurreikusita dute antolatzaileek. Ardatz motorsport klubak antolatu du auto lasterketa, Azpeitiko, Errezilgo eta Bidania-Goiazko udalen laguntzarekin. Bigarren txanda ere goranzkoa izango da, 12:00etan hasita. Arratsaldean, berriz, beheranzko bi txandak izango dira, Bidania-Goiaztik Lapatx zabortegira artean, 15:00etan eta 17:00etan hasita.