Mendiko uraren erabilera, eztabaidagai

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 22a

Ibon Errazu eta Naroa Irure, Azkoitiko Urrategi auzoko iturrian. (Iraia Oteiza)

Ura agentziak mendiko uraren erabilerarako ezarri nahi duen kontrol sistemak baserritarren haserrea piztu du. Eurek sortutako iturrietan ur kontagailuak jartzeko, horiek mantentzeko eta kanon bat ordaintzeko eskatzen diete, hutsaren trukean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baserri eta etxe askotan kezka, haserrea eta ezinegona nagusitu dira azken hilabeteotan. Uraren Euskal Agentzia mendiko ura erabiltzen duten etxebizitzei kontrol eta baldintza berriak ezartzen hasi da, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzaldiko Errege Dekretua eta Eusko Jaurlaritzaren 2017ko apirilaren 24ko agindua aplikatuz.

Araudi horren arabera, mendiko ura erabiltzen duten etxeek eta baserriek hainbat betebehar dituzte: ur kontagailu indibidualak instalatzea eta mantentzea, kontsumoen irakurketak egitea eta Ura agentziari bidaltzea, uraren osasun kontrolak eta txostenak egitea, eta, gainera, uraren erabileragatik kanon bat ordaintzea. Baserritar askorentzat, ordea, neurri horiek "gehiegizkoak" eta "bidegabeak" dira. Izan ere, gogorarazten dute mendiko iturrietatik ura etxeetara eramateko azpiegitura guztiak beraiek edo aurreko belaunaldiek egin dituztela urteetan zehar, inolako laguntza ekonomikorik gabe eta lan karga oro beren gain hartuz.

"Jendea oso minduta, erreta eta nazkatuta dago", dio Naroa Irurek, Gipuzkoako EHNE sindikatuko koordinatzaileak. "Azken finean, lehen sektoreari ematen zaion beste ostikada bat da". Baserritarrek behin eta berriz errepikatzen duten ideia bera da: ura ez die administrazioak etxeraino eraman. "Baserrietan orokorrean ura daukate beraiek egin dutelako obra guztia", azaldu du Irurek. "Depositua jarri, zuloa egin, hodia sartu, mantenua egin… hori guztia beraiek egin dute. Hori egin izan ez balute, ez zuketen urik izango etxean". Lan horiek, gainera, dirutza kostatu direla azpimarratu du. "Inolako laguntzarik jaso gabe egin dute gehienek".

Egoera ikusita, Errezilgo iturrien erabiltzaileen artean hasi zen protesta antolatuena, baina Azkoitira, Azpeitira eta inguruko beste hainbat auzotara ere zabaldu da kezka. Ibon Errazu Azkoitiko Ubitetxo baserrikoa da, eta egoerak zuzenean eragiten dio. Inguruko hainbat baserritarren izenean hitz egin du Gukarekin. Errazuren ustez, administrazioak ez du kontuan hartu baserritarrek urteetan egindako lana. "Ura agentziak erreka izena dutenak ditu bereak, beste ezer ere ez du berea hemen”, dio haserre. “Ur horiek dauden bezala daude baserritarrek egindako lanarengatik".

Europako araudia

Arazoaren jatorria 2001eko Europako araudi batean dagoela azaldu du EHNEko koordinatzaileak. Testu horrek uraren erabilera kontrolatzeko marko orokorra ezarri zuen, lehorteen eta klima aldaketaren testuinguruan. "Europak jakin nahi du zenbat ur dagoen, zenbat erabiltzen den eta nork erabiltzen duen", dio Irurek. "Baina lege horrek ez du esaten kontagailuak jarri behar direnik, eta ezta jarri beharko balirake nork ordaindu beharko lituzkeen ere".

Ondoren, Espainiako araudiak bere interpretazioa egin zuen, eta 2006an sortu zen Ura agentzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urak kontrolatzeko. Irureren arabera, 2017ko Eusko Jaurlaritzaren aginduan aipatzen dira lehen aldiz kontagailuak modu zehatzagoan. "Baserrietan urtean behin irakurketa egiten duten kontadoreak jarri nahi dituzte", azaldu du. "Kontua da baserritarrek eurek ordaindu behar dituztela kontagailuak, eurek mantendu behar dituztela eta eurek bidali behar dituztela irakurketak. Eta, zertarako? Baserritarrak horren trukean ez du ezertxo ere jasotzen". Horrez gain, mendiko ur sistemetan kontagailuek dituzten arazo teknikoak ere aipatzen dituzte. "Kontadoreak presio jakin batekin funtzionatzeko prestatuta daude", azaldu du Errazuk. "Presio egokia ez badago, ez dute ondo funtzionatzen. Eta zikintzen direnean beste arazo bat dira guretzat".

Baserritarrek diote mendiko urak askotan lokatza, hostoak edo bestelako hondarrak eramaten dituela, eta horrek aparatuak hondatu edo blokeatu ditzakeela. "Batzuetan ura pasatzen uzten dute baina gaizki neurtzen dute; beste batzuetan, zuzenean, ura moztu egiten dute", gaineratu du Errazuk. Gainera, kontagailuak jatorritik datorren ur guztia zenbatzen duela salatzen dute, nahiz eta ur horren emari handi bat berriro naturara itzuli. "Zenbatzen dutena ez da benetan baserrian erabiltzen den ura", dio EHNEko ordezkariak. "Eta gainera, ateratzen den ur horren guztiaren gainean ezarri nahi dute kanona".

Kezka handia dago, gainera, kontagailuen mantentze lanekin. "Lehen depositura urtean sei aldiz joan behar banuen, orain hamabost aldiz joan beharko dut", dio Errazuk. "Lan karga handia da". Errazuk etorkizuneko egoera ere irudikatzen du. "Demagun kontagailua jartzen dudala eta bost urteren buruan hondatu egiten dela. Nik ordaindu behar al dut berria? Eta kentzen badut, zigorrak etorriko al dira?".

Halaber, EHNEk salatu du Ura agentzia gutunak bidaltzen ari dela baserrietara, kontagailuak jartzeko epeak eta ondorio posibleak zehaztuz. "Gutun mehatxagarriak dira. Esaten dute ur kontagailua jartzen ez badute isunak jasoko dituztela". Sindikatuaren arabera, horrek "beldur handia" sortu du eta Ura agentzia "beldur horrekin jokatzen" ari dela sentitzen dute. Hala, baserritar gutxi batzuk dagoeneko jarri dituzte kontagailuak. "Aurrez aipatutako arazoak ikusi ahal izan ditugu kontagailua jarri duten horiei esker, tartean, uraren presio falta".

Errezilgo mugimendua

Errezilen piztu zen lehen protesta antolatua. Herriko baserritarrek sinadura bilketak egin zituzten eta handik zabaldu da mugimendua inguruko herrietara. "Errezilen lurralde osoan zabaldu beharko genukeen talde dinamika bat sortu dute", azaldu du Irurek. "Eta Azkoitiko eta Azpeitiko baserritarrak ere batu dira".

Ura agentziako ordezkariekin bilerak ere egin dituzte. Lehenengo topaketa Donostiako Intxaurrondon izan zen, agentziak ez zuelako Errezilera joan nahi izan. "Eskatu genien bertatik bertara egoera ezagutzera etortzeko", gogoratu du Irurek.

Azkenean Errezilen egin zen bilera batean, Ura agentziako teknikariek azaldu zuten indarrean dagoen legea bete behar dutela, eta ez ziren adostasun batera iritsi. "Esaten zuten beraiek teknikariak direla eta legea aplikatu behar dutela; bestela inputatu egin ditzaketela", gogoratu du Irurek. Baserritarrek, ordea, administrazioaren jarrera hotza salatzen dute. "Laguntzeko prest daudela diote, baina beraien bulegora joaten bazara bakarrik", dio Errazuk. "Beraiek ez dira baserrietara etortzen gure kasuak ezagutzera".

Alternatiba bila

EHNE eta hainbat baserritar irtenbide juridiko posibleak aztertzen ari dira. Irureren arabera, Eusko Jaurlaritzaren araudiak aukera ematen du, zenbait kasutan, kontagailuen ordez beste sistema batzuk erabiltzeko. "Abokatuarekin aztertzen ari gara ea hortik tiraka zerbait egin daitekeen", azaldu du. Horregatik, datorren asteetan bilera irekiak egingo dituzte herriz herri. "Mendiko uren erabiltzaileei informazioa eman nahi diegu, legeak zer interpretazio aukera ematen dituen ikusi eta alternatibak aurkitu". Irureren ustez, auzia ez da soilik teknikoa. "Gizartea kontzientziatu behar da", dio. "Borrokatu egin behar dugu honen aurka, elkarrekin".

Azken batean, mendiko uraren auziak agerian utzi du landa eremuaren eta administrazioaren arteko arrakala. Baserritar askok sentitzen dute burokrazia gero eta handiagoa dela, eta euren bizimodua gero eta zailago bihurtzen ari dela. "Baserriak etorkizun tristea bazuen, honekin are tristeagoa dauka", dio Errazuk.

Mendiko isiltasunean, ura etengabe doa hodietan barrena. Baina oraingoan, urarekin batera, haserrea eta nekea ere ari dira zabaltzen baserriz baserri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide