Zer egoera bizi du Gipuzkoako ekonomiak? Zein dira indarguneak eta zein kezka nagusiak?
Gipuzkoako ekonomiak une konplexu baina sendoa bizi duela esango nuke. Askotan hitz egiten dugu koiuntura ekonomikoaz, baina gaur egun, koiunturaz baino etengabeko olatuen aroari buruz hitz egin beharko genuke. Nazioarteko ziurgabetasuna, gatazka geopolitikoak, energia kostuen gorabeherak edo eraldaketa digitala bezalako erronkek baldintzatu egiten dute enpresen egunerokoa. Hala ere, oinarri sendoa izatea da Gipuzkoako indargune nagusia, eta sendotasun horrek bere horretan jarraitzen du. Gipuzkoak industria lehiakorra eta espezializatua du, kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditu, eta, batez ere, egoera berrietara egokitzeko gaitasun handia duten enpresariak eta profesionalak. Orain arte bezala, espezializazioa, berrikuntza eta gure balio diferentziala indartzen jarraitu behar dugu, olatu horiei lehiakortasunez aurre egiteko. Laburbilduz, ziurgabetasuna errealitatea den arren, konfiantzarako arrazoi sendoak ere badaude; Gipuzkoak gaitasuna du etortzen diren erronkei aurre egiteko eta aukera berriak sortzen jarraitzeko.
Industria eta ETE sare sendoa izan ditu historikoki Gipuzkoak. Gaur egungo nazioarteko lehiaren testuinguruan, zer behar dute lurraldeko enpresek lehiakor izaten jarraitzeko?
Gipuzkoako industria eta ETE sare sendoa dira lehiakortasunaren oinarri nagusia. Nazioarteko lehia gero eta zorrotzagoa den honetan, ezinbestekoa da enpresek beren balio diferentziala indartzen jarraitzea, espezializazioan, berrikuntzan eta kalitatean sakonduz eta etengabeko egokitzapenerako gaitasuna sendotuz. Merkatuen ziurgabetasuna, teknologiaren eraldaketa eta talentuaren erronka bezalako faktoreen aurrean, funtsezkoa izango da teknologian, prestakuntzan eta pertsonetan inbertitzen jarraitzea. Testuinguru ekonomiko ezegonkorra aldatzea ez dago gure esku, baina bai enpresei behar duten babesa ematea: elkarlanerako sare sendoa eratzea eta gertuko administrazioak laguntza eskaintzea. Horixe da Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa. Argi dugu gure egitekoa, bereziki, enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna babestea eta indartzea dela. Horregatik, aurten 32 milioi euroko laguntza programa jarri dugu martxan, lurraldeko enpresa sarearen eraldaketa eta sendotzea sustatzeko. Izan ere, 2025ean emandako laguntzen %90 ETEei zuzendu zitzaizkien, haiek direlako gure ekonomiaren benetako bizkarrezurra.
Gero eta gehiago aipatzen dira talentu falta eta belaunaldien arteko erreleboa. Gipuzkoako enpresentzat arazo estruktural bihurtzen ari al dira horiek?
Argi dago talentuaren falta eta belaunaldien arteko erreleboa direla gaur egun Gipuzkoako enpresek dituzten erronka estrategiko nagusietako bi. Gaur egungo lehiakortasuna gero eta gehiago da pertsonen gaitasunen, ezagutzaren eta konpromisoaren araberakoa. Horregatik, erronka ez da soilik talentua sortzea edo erakartzea; talentua bertan atxikitzea eta lan inguruneak belaunaldi berrien beharretara eta itxaropenetara egokitzea ere bada. Azken finean, pertsonak dira gure enpresen aktiborik baliotsuena, eta ezinbestekoa da horiek zaintzea eta etorkizunerako prestatzea. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat programa jarri ditu martxan: Talentua Ernatu (650.000 euro) eta Pertsonen Enpresa Kultura (700.000 euro) programak, talentua garatzeko eta enpresetan txertatzea sustatzeko; eta, aldi berean, belaunaldien erreleboa eta enpresen jarraipena bermatzeko Jarraipena izeneko 700.000 euroko laguntza lerroa. Dena den, diru laguntzez haratago, tokian tokirako erantzunak eta ikuspegi berriak behar ditugu. Horregatik, lurraldeko garapen agentziekin batera proiektu pilotuak bultzatzen ari gara, talentua atxikitzeko estrategia berriak garatzeko.
Bizimodua Gipuzkoan finkatzeko zailtasun gisa etxebizitza, soldatak edo egonkortasun falta aipatzen dituzte gazte askok. Horrek arriskuan jar al dezake ekonomiaren etorkizuna?
Erronka handia da, eta etorkizun ekonomikoarekin zuzenean lotuta dago. Gazteek Gipuzkoan bizitzeko eta beren bizi proiektua garatzeko zailtasunak baldin badituzte, talentua galtzeko arriskua hor dago. Horregatik, Gipuzkoak erakargarria izan behar du, bereziki, gazteentzat: lurraldean geratzeko eta bertan etorkizuna eraikitzeko benetako aukerak eskaini behar dizkiegu. Horretarako, funtsezkoa da balio handiko eta kalitatezko enplegua sortzea, eta bide horretan, rol erabakigarria izango dute bultzatzen ari garen proiektu estrategikoek: mugikortasun jasangarria eta adimenduna, biozientziak, teknologia kuantikoak edo industria tradizionalaren digitalizazioa gisako sektoreek aukera berriak sortzen dituzte. Gainera, sektore estrategiko horien garapenak ez du proiektu zehatzetan bakarrik eragiten; izan ere, balio kate osoan sortzen ditu kalitatezko enplegua eta aukera berriak. Horrez gain, ekintzailetzaren aldeko apustu sendoa ari gara egiten, gazteei beren ideiak eta proiektuak Gipuzkoan bertan garatzeko bideak eskainiz. Azken batean, etorkizuneko ekonomia eraikitzea da helburua: gazteek hemen bizitzeko, lan egiteko eta etorkizuna irudikatzeko moduko lurralde bat izatea.
"Aurten 32 milioi euroko laguntza programa jarri dugu martxan, lurraldeko enpresa sarearen eraldaketa eta sendotzea sustatzeko"
Zer pisu eta garrantzi estrategiko du Urola Kostak Gipuzkoako ekonomian?
Urola Kostak pisu estrategikoa du Gipuzkoako ekonomian, bereziki, enpresa egituragatik eta tokiko merkataritzaren indarragatik. Badakigu eskualdeko enpresen %90a ETEak, mikroenpresak eta autonomoak direla, eta horregatik, haien lehiakortasuna babesteak du lehentasuna guretzat. Izan ere, haiek dira eskualdeko ekonomiaren benetako motorra; enplegua sortzen dute eta lurraldeari dinamismoa ematen diote. Testuinguru horretan, bereziki azpimarratu nahi nuke tokiko merkataritzaren garrantzi estrategikoa. Merkataritza txikiak ez ditu soilik jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen; gure herriei eta auzoei bizitza ematen die, komunitatea kohesionatzen du, eta funtsezko pieza da tokiko ehun ekonomikoa eta soziala artikulatzeko. Gizarte gisa, balio hori aitortu behar diogu tokiko merkataritzari, horretaz kontziente izan behar dugu. Badakigu, gainera, eguneroko 'pertsiana igotze' horren atzean erronka handiak daudela: kontsumo ohituren aldaketa, digitalizazioaren beharra, eraldaketa prozesu azkarrak nahiz gero eta globalagoa den lehia. Gipuzkoako Foru Aldundiak gertutik jarraitzen ditu aldaketa horiek, eta benetan baloratzen dugu sektorea egokitzeko eta aurrera egiteko egiten ari den ahalegina.
Urola Kostako herrietara begira, zein dira Gipuzkoako Aldundiak martxan dituen edo martxan jartzea aurreikusten duen proiektu estrategiko nagusiak?
Urola Kostako herriek tokiko beharrei eta eskualdearen garapenari erantzuteko lau lan ildo nagusi zehaztuta dituzte plan estrategikoan. Foru Aldundiak bat egiten du lehentasun horiekin; izan ere, horiek erabat uztartzen dira Gipuzkoako Aldundia, garapen agentziekin elkarlanean, lurraldearen lehiakortasuna sustatzeko bultzatzen ari den jardun ildoekin. Lehenengoa digitalizazioa da, gaur egun enpresen eraldaketarako funtsezko tresna: negozioen kudeaketa eraldatzen du, lehiakortasuna hobetzeko aukera berriak irekitzen ditu, aldaketetara egokitzeko gaitasuna handitzen eta balio erantsi berria sortzen laguntzen du. Bigarren ardatza eraldaketa soziodemografikoa da, bereziki biztanleriaren zahartzeak gure gizartean eta ekonomian izango duen eraginari lotuta. Erronka handia da, eta horri aurrea hartzea ezinbestekoa izango da lurraldearen ongizatea eta lehiakortasuna bermatzeko. Hirugarrenik, garapen jasangarrirako eredu ekonomikoa eta soziala sustatzen ari gara, hazkunde ekonomikoa eta ingurumenarekiko zein gizartearekiko erantzukizuna uztartuko dituen ikuspegitik. Bestalde, eskualde bakoitzaren tokiko izaerari eta baliabide endogenoei balioa ematen dieten proiektuak bultzatzen ditugu. Urola Kostaren kasuan, ekonomia urdina, sektore tradizionalen eraldaketa eta turismo jasangarria gisako arlo estrategikoetan aukera berriak garatzea esan nahi du horrek. Azken batean, helburua argia da: Urola Kostaren indarguneak baliatuz, eskualde lehiakorragoa, jasangarriagoa eta etorkizuneko erronketarako prestatuagoa eraikitzea.
Digitalizazioa, adimen artifiziala eta ekonomia berdea aukera handitzat hartzen dira aspalditxon. Gipuzkoako enpresa txikiak eta ertainak prest ikusten al dituzu trantsizio horretarako?
Digitalizazioa, adimen artifiziala eta ekonomia berdea aukera handiak dira Gipuzkoako enpresentzat, baina, batez ere, horiek ezinbesteko trantsizioa dira etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko. Egia da ETEen artean egoera oso desberdinak daudela: batzuk eraldaketa prozesu horietan aurreratuta daude, eta beste batzuk, lehen urratsak ematen hasi dira. Dena den, argi dago bide hori guztiek egin beharko dutela, lehenago edo beranduago. Gure helburua da trantsizio horiek modu eraginkorrean eta errealitate bakoitzera egokituta txertatzea Gipuzkoako industria sarean, bereziki enpresa txikietan eta ertainetan. Horretarako, hainbat programa eta tresna jarri ditugu martxan, hala nola ETEen berrikuntza teknologikoa eta gaitasun digitala indartzeko BeTEK, teknologia kuantikoek eskaintzen dituzten aukerak gure enpresa sarera hurbiltzeko Gipuzkoa Quantum edota ETEek efizientzia handiagoa duten ekipamenduetan inbertitzeko Enpresak Berritzen: Ekonomia Berdea. Azken batean, trantsizioa ez da aukera huts bat, behar estrategiko bat baizik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa argia da: enpresei aldaketa horiei arrakastaz aurre egiten laguntzea, lehiakorragoak, berritzaileagoak eta etorkizunerako prestatuagoak izan daitezen.
Gaur egungo egoera geopolitikoak –AEBen politika ekonomikoak, Iranen inguruko tentsioak edo Israelgo gatazkak– kezkatzen al zaitu? Zer eragin izan dezake horrek Gipuzkoako ekonomian eta enpresetan?
Zalantzarik gabe, testuinguru geopolitikoa kezkagarria da, eta arreta handiz ari gara jarraitzen. AEBetako politika ekonomikoek, Ekialde Hurbileko tentsioek edo gatazka militarrek nazioarteko merkatuetan ziurgabetasuna handitu egiten dute, eta horrek zuzenean eragiten die esportazioetan oinarritutako ekonomiei, hala nola Gipuzkoakoari. Eragin nagusia ez da soilik zuzenekoa, baita zeharkakoa ere: energia kostuen gorabeherak, hornidura kateen eten posibleak edo finantza merkatuetako ezegonkortasuna lurraldeko enpresen eguneroko jarduerara iritsi egiten dira, nahiz eta gatazka horiek urrun gertatu. Hala ere, Gipuzkoako enpresek ingurune aldakorretara egokitzeko esperientzia eta gaitasun handia dute. Gure industria sendoa, dibertsifikatua eta nazioartekotua izateak erresilientzia ematen digu. Horregatik, ziurgabetasunaren aurrean, argia da gure estrategia: lehiakortasuna indartzea, merkatuak dibertsifikatzea eta balio erantsi handiko sektoreetan posizionatzen jarraitzea.
Nolako Gipuzkoa irudikatzen duzu hamar urte barru eta zer rol izan beharko luke Urola Kostak etorkizun horretan?
Hamar urte barrurako, Gipuzkoa lehiakorra, berritzailea eta kohesionatua irudikatzen dut, kalitatezko enpleguan eta balio erantsi handiko ekonomian oinarritua. Industria sendoa mantenduko duen lurraldea, baina aldi berean, digitalizazioan, ekonomia berdean eta ezagutzan gehiago sakonduta etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna izango duena. Garrantzitsua izango da, halaber, lurralde orekatua izatea; hau da, herri eta eskualde guztiek garapen aukerak izatea eta talentua bertan errotzea. Testuinguru horretan, Urola Kostak rol garrantzitsua izan behar du: industria sareari eta ekintzailetza gaitasunari eutsi behar die, baina berrikuntzan eta trantsizio ekonomikoan pauso sendoak eman ere bai. Eskualdeak baditu indarra, gertutasuna zein enpresa txikien eta ertainen sarea, eta horiek funtsezkoak izango dira Gipuzkoa osoaren garapen orekatua bermatzeko.