Miren Illarramendi: "Makinek lagun dezakete, baina pertsonak ere zaindu egin behar dira"

Kris Fernandez 2026ko uztailaren 13a

Título 2045774

Industria 4.0ak fabrikak digitalizatu zituen; industria 5.0ak, berriz, pertsonak berriz ere erdigunean jarri nahi ditu. Adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika gero eta presenteago dauden testuinguruan, jasangarritasuna, erresilientzia eta gizakien ongizatea bihurtu dira industria eredu berriaren ardatz nagusiak. Horri buruz hitz egin du Gukak Miren Illarramendi (Zestoa, 1977) Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariarekin.

Nola definituko zenuke industria 5.0?

Industria 4.0ren garapena dela esango nuke, hau da, egin behar zen hurrengo pausoa. Industria 4.0 digitalizazio prozesu bat izan zen, batik bat, gauza zehatzak edota puntualak hobetzeko egindakoa. Industria 5.0k, aldiz, maila orokorreko hobekuntzak bilatzen ditu. Ikuspuntu orokorragoa du, eta gizakiak jartzen ditu erdigunean. Digitalizazioak utzitako testuinguru horretan, jasangarritasuna eta erabakiak hartzeko orokortasuna ditu oinarrian. Lehen gauza zehatzetan lan egiten zen, eta orain, orokorragoetan, gizarteko arazo batzuk eta gizakiak kontutan hartuta egin nahi da lana.

Orokortasuna eta gizakiak aipatu dituzu aro berriaren oinarri gisa. Horiek dira industria 4.0rekin alderatuta dituen desberdintasun nagusiak?

Bi horiekin batera, erresilientzia aipatuko nuke. Lehen gauza puntualak hobetzen genekien; orain, testuinguru aldakor batean bizi garenez, eta guztiak eragina izan dezakeenez, enpresek erresiliente eta malgu izan beharra dute. Inguruko baldintzak, gudak, lehengaien eskasia, atzerapenak... askotan espero ez diren momentuetan etortzen dira, eta enpresek azkar aldatu behar izaten dituzte estrategiak. Aldaketa horien aurrean, erresilientzia beharrezkoa da. Moldatzeko gaitasuna izan behar dute enpresek, eta ez enpresa barrura begira bakarrik, kanpora begira ere beharrezkoa dute erresilientzia.

Adimen artifizalaren eta makinen garaian gaude, baina pertsona jarriko da industria ereduaren erdigunean. Zergatik gertatuko da aldaketa hori?

Azken hamarkadan, edo agian lehenagotik ere bai, digitalizazioaren ikerketan aurrerapausoak egin dira, eta horiei esker, gauza ugari hobetzea lortu da. Baina pertsonak ez dira testuinguru horretan jarri: robotak jarri ditugu era askotako lanak egiteko, eta automatizazioak izan duen bilakaeraren ondorioz, makinak lantegietan txertatu dira, pertsonak alde batera utzita. Ahalegin bat egin behar da hor; izan ere, giza itxurako makinak alboan badituzu, lankide gisa, beharrezkoa da langile horien ikuspuntua kontuan izatea: humanoidearekin nola harremandu behar duten, zer estres sor diezaioketen horrek... Etikoki ere landu egin behar da hori, giza itxurako makinekin lan egitean, pertsonak eta haien duintasuna babestu eta ziurtatu egin behar ditugu. Humanoideekin lan egitea hotza izan daiteke, baina lanpostu batzuetan, ikaragarri lagun dezakete, eta baita gizakion ongizatea bermatu ere; esaterako, lan fisiko astunak ekidinez, ingurune arriskutsuetan ordezkatuz eta abar. Horrek guztiak, gainera, langileek baja gutxiago hartzea ekar dezake. Gauza onak badituzte adimen artifizialak eta makinek, baina pertsonak ere zaindu egin behar dira, eta Europako legedia zentzu horretan bideratu dute.

Etorkizuneko lantegietan gaitasun berriak beharko al dituzte langileek?

Langileek gaitasuna izan beharko dute mundu digitalarekin harremantzeko, edo gutxienez, ulertzeko. Makinek hainbat eratako lanak egingo dituzte, eta operarioek edo langileek jakin beharko dute sistema digital horiek proposatzen dietenaren inguruan erabakiak hartzen. Teknologia ulertzen, teknologiarekin harremantzen eta inguru horretan mugitzen jakin beharko dute. Era berean, horrek guztiak lanpostu mota berriak sortzea ekarriko duela uste dut; adibidez, gailu horientzako sistemak sortzen. Hor ere badago lana, alegia, sistema digital horiek modu erraz batean martxan jarri, birprogramatu edo konfiguratu ahal izateko sistemak sortzen, adituak ez diren langileentzako ingurune ulergarriak eta errazak sortzen, gero horiek modu intuitiboan, seguruan eta errazean egunero erabili ahal izateko.

"Enpresek derrigorrezkoa izango dute erakundeen eta administrazioen laguntza"

Hezkuntza sisteman ere aldaketa ekarriko du horrek?

Noski. Horrek eskatzen duena da lanbide heziketan edota unibertsitatean gradu berriak sortzea edota dauden ikasketen plangintza berriak egitea. Oinarria ikasi beharra dago, baina hortik harago, ondo ikasi behar dute erreminta horiek erabiltzen. Azkenean, aldaketak arlo ugaritan ekarriko ditu.

Zer harreman dago industria 5.0ren eta jasangarritasunaren artean?

Jasangarritasunaren kasuan, adibidez, industria 4.0rekin alderatuta, ondustria 5.0k badu desberdintasun nagusi bat. iIndustria 4.0n, produkzio kate bateko puntu edo operazio konkretu batean energia kontsumoa optimizatzea bilatzen zen arren, ez zen kontuan hartzen prozesu osoa. Horrela, puntu zehatz bat optimizatu arren, eragin negatibo bat sor genezakeen prozesu osoan. Industria 5.0n, aldiz, bizi ziklo guztia hartzen da kontuan, eta ekonomia zirkularra sartzen da ekuazioan: lehengaiak nondik datozen, produktuaren bizitza amaitzen denean nola birziklatu daitekeen hori, nola berrerabili... Ikuspuntu orokorragoa du. Industria 4.0n gehiago bilatzen zen optimizazioa, automatizazioa eta digitalizazioa; orain, aldiz, kate guztia hartzen da kontuan, eta puntu zehatzetan zerbait aldatu behar bada osotasuna hobeto joan dadin, egin egiten da.

Euskal enpresa txikiak eta ertainak prest al daude industria 5.0ra jauzi egiteko ala arrakala handia dago horien eta enpresa handien artean?

Euskal Herrian izugarrizko garrantzia du industria txikiak, izan ere, handiak hornitzen dituzte, eta ezinbestean egon beharra daukate mugimendu berrian, zer gertatzen ari den jakiteko behintzat. Ahalegin handia egin da industria 4.0ra iristeko, batzuk iritsi dira eta beste batzuk oraindik bidean dira, baina denak ez daude maila edo egoera berean. Ezinezkoa da gainera. Digitalizazioaren arloan, adibidez, pixkanaka-pixkanaka ari dira. Hala ere, esango nuke industria 5.0ra iristeko oraindik falta zaiela; are gehiago, enpresa handiak ere ez dira iritsi oraindik. Baina garrantzitsua iruditzen zait hor egotea, zer gertatzen ari den edo zer etorriko den jakitea, eta salto hori egiteko prestatzen joatea.

Enpresa bakoitzak bere erritmoa eramango duen arren, eraldaketa horretan administrazioen laguntza beharrezkoa izango al dute?

Enpresek derrigorrezkoa izango dute erakundeen eta administrazioen laguntza. Euskal Herria beti izan da herrialde industriala, eta ez badugu galdu nahi orain arte izan dugun lekua galtzea, behar-beharrezkoa da administrazio publikoen aldetik laguntza jasotzea, estrategia finkatzea eta ibilbide bat markatzea. Ahalmen badugula uste dut, enpresa asko ditugulako. Badaude programak eta diru laguntzak, bai Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak, Europako Batzordeak ematen dituenak zein Espainiako Gobernuak, nahiz eta agian, azken horiek guretzat lortzeko zailagoak izan. Normalean, gainera, Euskal Herriko administrazioak saiatzen dira Europakoarekin bat egiten eta diru laguntza iturriak sortzen. Askotan, ordea, enpresa txikiek zailtasunak izaten dituzte diru laguntza horietara iristeko, eta bide horretan ere lagundu egin behar izaten zaie: zer diru laguntza diren ondo azaldu, zer behar dituzten argitu... Laguntza eman, laguntzak eskatzeko. Horrek ekarriko du inbertsioak egiteko, langileei formazioa emateko edota gailu berriak erosteko gaitasuna.

Nolakoak izango dira gure inguruko fabrikak hemendik hamar edo hamabost urtera?

Ez dakit, baina gaur egun automozio enpresetara joanez gero, leku oso garbiak dira, isilak eta dena sinkronizatuta izaten dute. Hemengo enpresek oraindik ez dute itxura hori, baina joera hori izango dela uste dut. Leku ilunak, grisak, zatarrak, oliotsuak eta zaratatsuak izatetik, ospitale itxura hartzera igaroko dira: garbiak, isilak, makinak eta pertsonak elkarrekin lanean... Baina urte asko beharko dira horretarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide