Bizitzan behin ikus daitekeen fenomeno astronomikoa izango da datorren asteazkenean

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 6a

Eklipse bat. (Pixabay)

Eklipsea 19:30 inguruan hasiko da, eta une ikusgarriena 20:27an izango da. Eskualdeko hainbat lekutatik behatu ahal izango da fenomenoa; batez ere, mendebaldera begira ikuspegi garbia duten toki altuetatik. Eguzkiari zuzenean begiratzea arriskutsua dela eta kalteak konponezinak izan daitezkeela ohartarazi dute. Fenomenoaz zenbait azalpen eman ditu Arkamurka natura taldeko Ander Gonzalez de Txabarrik.

Datorren asteazkenean, abuztuaren 12an, azken urteetan izan den fenomeno astronomiko ikusgarrienetako bat izango da ikusgai Euskal Herrian. Eguzki eklipseak milaka lagun erakarriko ditu batera eta bestera, eta Urola Kostan eklipsea ia osorik bizitzeko aukera izango da. Izan ere, eguzkia ez da erabat ezkutatuko, baina ilargiak haren %99,8a estaliko du. Ander Gonzalez de Txabarri Zarauzko Arkamurka natura taldeko kideak azaldu duenez, "bizitzan behin gertatzen den fenomenoa" ikusteko aukera izango da, hurrengoa gutxi gorabehera ehun urte barru iritsiko baita.

Bi eklipse mota daudela azaldu du Gonzalez de Txabarrik: ilargi eklipsea eta eguzki eklipsea. Lehenengoan, lurra kokatzen da eguzkiaren eta ilargiaren artean; abuztuaren 12an gertatuko denean, ordea, ilargia jarriko da eguzkiaren eta lurraren artean, eta haren itzalak eguzkia estaliko du. Fenomeno hori ez da egunero gertatzen den zerbait. Lurraren eta ilargiaren orbitak urtean bitan lerrokatzen dira, eta une horretan, ilargiaren itzala lurraren gainean jartzen da. "Oraingo honetan guri tokatu zaigu itzal horren pean egotea", azaldu du Gonzalez de Txabarrik.

Ikusleentzat, fenomenoa pixkanaka garatuko da; izan ere, eguzkiaren diskoari hozkada egingo baliote bezala ikusiko dela esan du. Hasieran, eguzkiaren zati txiki bat estaltzen hasiko da, eta minutuak igaro ahala gero eta handiagoa izango da estalitako zatia. Une gorena igarotakoan, ilargiak bere bidea jarraituko du, eta eguzkia berriro agertzen joango da.

Urola Kostan eklipsea 19:30 inguruan hasiko da. Une ikusgarriena edota gorenena 20:27an izango da, eta 21:15 aldera amaituko da. Zarauzko kanpina hartu du erreferentziatzat Gonzalez de Txabarrik ordutegiak azaltzeko, baina nabarmendu du Gipuzkoako gainerako herrietan alde txikiak baino ez direla egongo.

Eklipsea ikusteko leku onenak

Urola Kostan ez da erabateko eklipserik izango, baina gertaera astronomikoaz gozatzeko beta izango da han eta hemen. Eskualdeko herriguneetatik ikusteko zailtasunak izango dira –ezingo da ikusi herri askotatik–, eta horren aurrean, Arkamurkako kideak nabarmendu du fenomenoa behatzeko lekurik onenak mendebaldera begira ikuspegi garbia duten toki altuak izango direla. 

Eskualdeko hainbat garaieradun leku zerrendatu ditu hark, eklipsea ikusteko leku egokiak izan daitezkeela eta. Esaterako, Aian, hilerriaren ingurua; Orion, Kukuarri, barraren bukaera eta labarrak; Zarautzen, Talaimendi, kanpin ingurua eta Astiko zelaiak gomendatu ditu; Zumaian, Itzurun hondartza, Artadi auzoa eta flyscharen ingurua; Getarian, San Anton mendia; Aizarnazabalen, Indamendi edota Mugitza; Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian, Izarraitz mendikatea; Azpeitian, halaber, Elosiaga auzoa eta Oñatz magala; Errezilen, Zelatungo bidea; eta Beizaman Illaun edo Urraki.

Eusko Jaurlaritzak herriguneetan geratzeko gomendioa egin badu ere, Gonzalez de Txabarrik ez du bat egiten horrekin. Haren ustez, horrelako fenomeno bat bizitzeko aukera "bizitzan behin" izaten da, eta ahal duenak Arabara edo Arrasate ingurura jo behar lukeela uste du; izan ere, Arrasatetik beheraka eklipse osoaz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta Gasteizen, Agurainen edota Duranan eguzkia guztiz ezkutatuko da.

Hala ere, ohartarazi du herritarrek lekuz mugitu behar baldin badute, aurrez antolatuta egin behar dutela. "Europatik eta munduko beste hainbat lekutatik etorritako milioika lagun espero dira gurean, eta errepideak kolapsatzeko arriskua nahiko erreala da", azpimarratu du Gonzalez de Txabarrik. Horregatik, egun bat edo bi lehenago bertaratzea gomendatu du.

Bidaiatzea posible ez dutenentzat ere badu aholkurik Arkamurkako kideak. Mendira edo muino batera arratsalde pasa joatea gomendatu du, betiere mendebaldera ikuspegi garbia duen tokiren batera: izan ere, eklipsea erabatekoa ez bada ere, %99,8ean ikusiko den hori ere oso ikusgarria izango da haren ustez. "Adituek diote erabateko eklipseak magia eta xarma berezia dituela", esan du. Izan ere, eklipse oso batean eguna gau bihurtzen da une batez. Urola Kostan ez da hori gertatuko, baina argitasunari dagokionez, aldaketa nabarmena izango da.

Begiak babestea, ezinbestekoa

Bereziki azpimarratu du segurtasun neurriak hartzearen garrantzia. Eguzkiari zuzenean begiratzea arriskutsua dela eta babeserako eguzkitako betaurreko arruntek ez dutela balio gogorarazi du. "Mesedez, betaurreko homologatuekin bakarrik begiratu eklipsea", irmo ohartarazi du. Betaurreko berezi horiek bi eta bost euro artean balio dute, homologazio zenbakia dute eta begiak babesteko diseinatuta daude. Betaurreko homologatuak ez erabiltzearen kalteak konponezinak eta larriak izan daitezkeela esan du. 

Salbuespen bakarra eklipse osoa ikusiko den lekuetan izango da, eta une labur horretan bakarrik kendu ahal izango dira betaurrekoak. Gainera, eklipsea zuzenean ikusi nahi ez dutenentzat beste aukera batzuk ere badaudela azaldu du. Arkamurka taldeak, Aranzadik eta beste hainbat elkartek ekipamendu bereziak erabiliko dituzte eklipsea gainazal batean proiektatzeko eta modu seguruan behatzeko.

Eta hurrengoa noiz?

Lurraren eta ilargiaren lerrokatzea urtean bitan gertatzen bada ere, ez da toki berean izaten. Horregatik, Euskal Herritik horrelako eklipse bat ikusteko aukera izatea oso ezohikoa da. "Datorren urtean beste eklipse bat izango da, Afrika iparraldean eta penintsularen hegoaldean. Euskal Herrian, berriz, hurrengoa hemendik ehundik gora urtera izango da, eta ez gara hemen ibiliko", esan du irribarrez.

Abuztuaren 12ko eklipsea gerturatu ahala, fenomenoari buruzko informazioa kaleratzen ari da Eusko Jaurlaritza. Webgune horretan ikus daitezke ordutegiak, behaketa guneak eta hartu beharreko segurtasun neurrien zerrenda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide