Donostiako Aste Nagusia dela eta, autobus zerbitzu bereziak izango dira eskualdean

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 5a

Lurraldebusen autobus bat.

Hilaren 8tik 14a bitartean, beste hainbat bidaia egingo dituzte Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa zeharkatzen dituen UK01 eta Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik pasatzen den UK49G lineetako autobusek. 

Larunbatean hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta astebetez festa izango da nagusi Gipuzkoako hiriburuan. Hori dela eta, ohiko legez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departametuak autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Urola Kostako herrietan ere izango dira Lurraldebusen zerbitzu berezi horiek. 

Ohiko zerbitzuak mantenduta, hilaren 8tik 14a bitartean, beste hainbat bidaia egingo dituzte Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa zeharkatzen dituen UK01 eta Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik pasatzen den UK49G lineetako autobusek. 

Hain zuzen ere, UK01 lineak ohi baino bidaia bat gehiago egingo du Donostiara; 23:45ean aterako da Azkoititik, eta 00:00etan Azpeitian eta 00:12ean Zestoan geratuta, 00:55ean helduko da Donostiara. Hamar minutura egingo du bueltako bidea: 01:05ean irtengo da Donostiatik, eta 02:15ean helduko da Azkoitiara, tartean Zestoan eta Azpeitian geldituta.

UK49G lineak, berriz, hainbat bidaia egingo ditu: Donostiatik 00:15ean eta 02:15ean irtengo dira autobusak, eta Usurbilen geldialdiak egin ondoren, 00:50ean eta 02:50ean Oriora, 01:00etan eta 03:00etan Zarautzera, 01:05ean eta 03:05ean Getariara eta 01:15ean eta 03:15ean iritsiko da Zumaiara. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide