Biele ISBren porrota, Inveready Askatuak Gipuzkoaren aurkako lagunartekoan

Andoni Elduaien

Oier Indar joko antolatzailea, atzo, Azkoitian. (Mikel Amenabar 'Otola')

Biele ISBk azken laurdenari zazpi puntuko errentarekin ekin bazion ere, Inveready Askatuak Gipuzkoa taldeak lehia irauli zuen. Gorka Atxalandabasoren taldeak Espainiako Kopako partidak jokatuko ditu orain, igandean hasita. Azpeitiko kiroldegian dute lehen hitzordua, igandean. 

Biele ISB eta Inveready Askatuak Gipuzkoa saskibaloi taldeek denboraldi-aurreko lagunarteko partida jokatu zuten atzo, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean. Donostiako taldea nagusitu zen azkenean, 92-95 hartu zuen-eta mendean Gorka Atxalandabaso entrenatzaileak zuzendutako taldea. 

Lehen laurdenean, Biele ISB gehiago izan zen, eta aurretik amaitu zuen markagailuan (23-21). Dena den, atsedenaldirako lehia irauli zuen Donostiako taldeak, eta 43-46 markagailuarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek. Hirugarren laurdenean, baina, Atxalandabasoren gizonek nagusitasuna erakutsi zuten kantxan, eta puntu kopuru handia lortuta, partidako alderik handiena eskuratu zuten (70-63). Azken laurdenean, berriro, bisitariek maila bat goragoko taldea direla erakutsi zuten; asko asmatu zuten hiruko lerrotik, eta garaipena lortu zuten (92-95). 

Lagunarteko partidak atzean utzita, Biele ISBk Espainiako Kopako hiru neurketa jokatuko ditu orain, ligari ekin aurretik: datorren igandean, Logrobasket Logi7 taldearen aurka arituko dira Atxalandabasoren gizonak, Azpeitian (18:00); hilaren 20an, Logroñon, Reina Proteinas Clavijoren aurka jokatu beharko dute (12:00); eta hilaren 26an, Azpeitian, Lobe Huesca La Magia taldea jasoko dute otsoek (18:00).

Emakumeak, datorren astean

Domusa Teknik ISBk, berriz, lagunarteko bat eta Euskal Kopako partidak ditu jomugan ligari ekin aurretik. Irailaren 17an, Bergaran (Gipuzkoa), IDK Gipuzkoarekin neurtuko ditu indarrak Larrañagaren taldeak, eta irailaren 25etik 27ra bitartean Euskal Kopako partidak jokatuko ditu, Galdakaon (Bizkaia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide