Nola eta zergatik sortu zen Amak Tribuan egitasmoa?
Bizi esperientziatik sortu zen. 2020an ama izan nintzen, pandemia betean, eta erditze ondorena nahiko gogorra egin zitzaidan. Orduan ohartu nintzen zenbat behar nituen bidelagunak, komunitatea, babesa eta habia. Ingurukoekin partekatu nuen gertatzen zitzaidana, eta bazirudien ez zela soilik nire kontua. Hortik sortu zen beste amekin amatasuna partekatzeko eta sostengu sare bat eraikitzeko beharra. Elkar entzuteko, bizipenak partekatzeko eta norbere burua eta elkarrena zaintzeko espazio bat sortu nahi nuen. Ez ama perfektuak izateko, benetako amak izateko baizik, alde ederrarekin eta zailarekin.
Zergatik da garrantzitsua amatasunaz hitz egiteko "tribu" bat izatea?
Ama izatea ez da, historikoki nahiz hainbat kulturatan, bakarka egin izan den zerbait. Beste emakume batzuekin, belaunaldiekin eta komunitatearekin partekatutako esperientzia izan da. Gaur egun, ordea, gero eta gizarte indibidualagoan bizi gara, eta gizarteak geure kabuz moldatzea eskatzen digu, baita amatasunean ere.
Tribuak ez du esan nahi denok berdin pentsatu edo gauza bera egin behar dugunik, ezta gainezka eginda edo desesperatuta dagoen ama talde bat garela ere. Bakoitzak bere bizipenak, indarguneak eta zalantzak ekartzen ditu taldera, eta horrek beste bati ere zerbaitetan lagun diezaioke. Batzuetan, nahikoa da norbaitek esatea "niri ere gertatzen zait", bakarrik ez gaudela sentitzeko. Hor dago, niretzat, komunitatearen indarra.
Bakardadea aipatu duzu. Nola laguntzen du proiektuak bakardadeari aurre egiten?
Oro har, gero eta gizarte bakartiago batean bizi garela esango nuke. Eta bakardade fisikoaz gain, bakardade emozionalaz ere hitz egingo nuke. Jendez inguratuta egon gaitezke eta, hala ere, oso bakarrik sentitu. Egitasmoak konexio hori errazteko aukera eskaintzen du: beste ama batzuk ezagutzea, antzeko egoerak bizi dituztenekin hitz egitea eta norberak bizi duena partekatzea. Matreszentziaren begiradatik, ama izatea ez da soilik haur baten jaiotzarekin lotzen; emakumeak izaten duen eraldaketa sakon bat ere bada, eta horri tokia egitea garrantzitsua da.
Proiektuak 5 urte arteko umeen amak ahalduntzea du helburu. Zer esan nahi du ama bat ahalduntzeak gaur egun?
Niretzat, ahalduntzea ez da ama bati dena egiteko gai dela esatea, horrek presio handiagoa sor diezaiokelako. Ahalduntzea norbere konfiantza berreskuratzea da, norberaren sena entzutea eta norberak zer behar duen konturatzea, ama izateko modu propioa eraikiz. Eta ahalduntze hori taldean eta komunitatean bizitzeak beste indar bat hartzen du.
Zer-nolako espazioa aurkitzen dute amek saioetan? Zer egiten duzue horietan?
Espazio lasaia, segurua eta konfidentziala sortzen dugu, epaituak sentitu gabe hitz egiteko eta egoteko. Eguneroko zurrunbilotik irten eta arnasa hartzeko tartea da. Bakoitzak bere modura parte hartzen du, bere erritmoa eta bere lekua errespetatuz, eta tribu bakoitzaren beharren arabera joaten gara ibilbidea eraikitzen, ez baitago bide bakarra.
Hitz egiteaz gain, gorputzak ere badu bere lekua. Izan ere, amatasunean asko bizi dugu gorputzetik: aldaketak, nekea, tentsioak, emozioak… Horregatik, gorputza lantzeko ariketak eta kontzientzia lantzeko proposamenak erabiltzen ditugu, bizitzen ari garen horri beste leku batetik begiratzeko.
Zeintzuk dira amek saioetara ekartzen dituzten kezka edo beldur nagusiak?
Askotarikoak dira, baina badago behin eta berriz agertzen den galdera bat: "Ondo ari al naiz?". Norbere buruarekiko zorroztasuna oso presente egoten da, eta dena kontrolpean izateko beharra ere bai. Errua ere agertzen da, eta nekea ere bai. Askotan, haurrei lasaitasuna transmititu nahi izaten diegu hitzez, baina gure gorputzak beste zerbait transmititzen du. Horregatik, batzuetan, gelditu eta ni nola nagoen eta zer behar dudan galdetzea beharrezkoa da.
Zer eskatzen diote amek gizarteari edo inguruari babestuago sentitzeko?
Nire ustez, ama garenok ez dizkiogu gizarteari hainbeste aholku eskatzen, entzunak eta sostengatuak izatea baino ez dugu behar. Amari ez dago zertan beti esan zer egin behar duen; batzuetan nahikoa da ondoan egotea eta "ulertzen dut", "hemen nago" edo "atseden hartu" esatea. Bestetik, zaintza kolektiboa izatea behar da, zaintzaren ardura gehiago indibidualizatzen delako, eta amaren lana, denbora eta nekea askotan ikusezin egiten direlako.
Ezin dugu beti zain egon; sareak behar ditugu, berdinen arteko sareak, elkarzaintza, sostengua eta konpainia. Niretzat, horixe da Amak Tribuanen ekarpena: daukagun errealitatean arrakala txikiak sortzea eta beste modu batzuk elkarrekin eraikitzea.
Saioetan, umeen hazkuntzaz gain, amaren ongizate emozionalaz ere hitz egiten al da?
Bai, eta hori da Amak Tribuanen oinarrietako bat. Saioetan ez gara haurren hazkuntzatik abiatzen, amaren bizipenetik baizik. Amatasunak emakumeari dakarzkion aldaketei begiratzen diegu: zer ari den bizitzen, zer mugitzen zaion barruan, gorputzean zer gertatzen zaion, harremanetan zer aldatzen den... eta bera nola dagoen ere bai.
Uste dut ama bera askotan ahazten dela, amatasunaren inguruan arreta ia guztia haurrarengan jartzen dugulako. Ama zaintzaile gisa ikusten dugu, baina ahaztu egiten zaigu bera ere prozesu handi baten erdian dagoela.
Ikasturte berriarekin batera, saio berriak izango dituzue.
Udazkenean Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian izango da aukera. Zarautzen eta Zumaian Emakumeen Etxean eman behar da izena: Zarautzen hilaren 15a baino lehen, eta Zumaian hilaren 17a baino lehen. Azpeitian, berriz, hilaren 30era arte eman daiteke izena, hezkuntza@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-25 50 06 telefonora deituta. Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, 747 41 86 44 telefono zenbakira dei dezakete. Hamabostean behin elkartuko gara, talde txikietan, eta talde bakoitzak bere espazioa eta erritmoa izango ditu. Zortzi saioko egitasmoa da.
Zer mezu emango zenioke saio horietara joateko zalantzan dagoen ama bati?
Barruak eskatzen badio, etor dadila. Eman diezaiola bere buruari aukera bat. Ez du ezer jakin behar, ezta aurrez ezer prestatu ere. Amatasunak mugitzen diguna lantzeko magala da Amak Tribuan. Ez diogu inori ezer erakutsi behar; geu izan gaitezke.