Partaidetza jardunaldia egingo dute energiaz, elikaduraz eta garraioaz hausnartzeko, hilaren 28an

Andoni Elduaien

Zestoako kiroldegiko eguzki plakak. (Zestoako Udala)

Urola Erdiko sei udalek sustatutako Urola Erdia Ispiluaren Aurrean egitasmoaren barruan egingo dute jardunaldia. Egun horretan, herritarrak eta askotariko eragileak Azpeitiko Basazabal jauregian elkartuko dira, eskualdearen etorkizuna definitzeen jarraitzeko asmoz. Hitzordu horretan energiaren, elikaduraren eta garraioaren arloko erronkei aurre egiteko lehentasunezko lan ildoak adostea izango dute helburu.

Urola Erdia Ispiluaren Aurrean prozesuaren barruan, partaidetza jardunaldi bat egingo dute hilaren 28an, asteazkenez, Azpeitiko Basazabal jauregian. Energiaren, elikaduraren eta garraioaren arloko erronkei erantzuteko estrategiak zehaztuko dituzte egun horretan eragileek eta herritarrek. 09:00etan hasita, 12:30era bitartean arituko dira Basazabal jauregian gai horien inguruan hausnartzen. 

Iaz abiatu zuten Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalek egitasmo hori. Udaberrian herritarrei zuzendutako hitzaldi zikloa egin zuten, eta ondoren, parte hartze saioak antolatu zituzten herri horietan. Trantsizio ekosozialari begirako lehentasunak adostu zituzten orduan herritarrek eta gizarte eragileek, eta orain, "hurrengo urratsa" egitea egokitzen dela adierazi dute sei udalek. Hori hala, energiaren, elikaduraren eta garraioaren esparruan "aurrera egiteko lehentasunezko lan ildoak" identifikatzea izango dute helburu hilaren 28ko jardunaldian. 

Hainbat sektoretako eragileek parte hartuko dute saio horretan, hala nola industria, hezkuntza, merkataritza, ekintzailetza, turismoa, administrazioa eta gizarte eragileak. Nolanahi ere, egitasmoa sustatzen dihardutenek interesa duten herritarrak ere gonbidatu dituzte hitzordura. Inork saio horretan parte hartzeko asmoa baldin badu, honako lotura honetan eman beharko du izena. 

Energiaren, elikaduraren eta garraioaren arloko erronkei erantzuteko, hilaren 28an egingo duten jardunaldiaren lehen zatian hiru adituk "esperientzia inspiratzaileak" aurkeztuko dituzte. Elikaduraren arloan, Mikel Romanek Tokixan Debagoienako Elikadura Estrategiaren esperientzia aurkeztuko du. Tokiko elikadura sistema indartzeko administrazioaren, lehen sektorearen, enpresen eta gainerako eragileen arteko lankidetza dute han oinarri. Garraioaren arloan, berriz, Intrako Diego Gomezek Urola Erdiko garraioaren ekintza planaren aurrerapena aurkeztuko du. Adituak Urola Erdiko mugikortasunaren diagnostikoa egingo du, eta garraioaren alorrean egin beharreko urrats nagusiak zein diren azalduko du. Energiaren arloko azalpenak emateko, azkenik, Goienerreko Eider Murgoitio izango da Azpeitian. Energia trantsizioak eskualde bati planteatzen dizkion erronkak eta horiei komunitatetik erantzuteko dauden aukerak azalduko ditu hark, betiere tokiko ikuspegitik eta azken urteetan metatu duten esperientziatik abiatuta. 

Talde lanean oinarrituta

Adituen aurkezpenak entzun eta gero, parte hartzaileek lan mahaietan jardungo dute. Energiaren, garraioaren eta elikaduraren arloa bereizita landuko dituzte, baina guztientzat baliagarria izango den galdera baten inguruan hausnartu beharko dute Basazabalen bildutakoek: "Zer egin nahi dugu Urola Erdian datozen urteetan, arlo bakoitzean aurrera egiteko?". Lan mahai bakoitzak erronka nagusiak kontrastatu beharko ditu, eskualdean martxan jar daitezkeen proiektuak aztertu eta lehentasunezko lan ildoak identifikatu.

Saioaren amaieran, berriz, talde bakoitzak jaso duen hori partekatu beharko du gainerakoen aurrean, eskualde osorako ikuspegi bateratua osatzeko. "Helburua hurrengo urratsak zehaztea da: zer egin, zer lehenetsi eta zer eragileren arteko lankidetza behar den identifikatzea", azaldu dute antolatzaileek. Gogoetaren ondoren, luntxa eskainiko dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide