Gutuna

Ibai Eder: A arrisku motako presak zaintzarik gabe jarraitzen du

Ione Otaegi Imaz (Kaltetutako baserriaren jabekidea)

Ibai Eder urtegia goitik ikusita.

Ione Otaegi Imazek honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora, Ibai Eder presak A arrisku kategoria duela eta eremua erabat utzita dagoela salatzeko. Gainera, eskumena duten erakundeek ez diotela gaiari aterabiderik ematen esan du.

Beizamako Ibai-Eder presak, Urola bailarako udalerriak urez hornitzen dituenak, A arrisku kategoria du (gorengo maila). Eusko Jaurlaritzak agindutako 2003ko azterketa batek ohartarazi zuen presaren ondoan dagoen mendi hegia bat  poliki-poliki mugitzen ari dela. Hau da, mendiko harkaitz handiak behera begira makurtzen ari dira (toppling izenez ezagutzen da), eta horiek urtegira erortzeko eta olatu handi bat sortzeko arriskua dute, Italiako Vajonten gertatu zen bezala, bi mila hildako eraginez. Esandako 2003ko azterketa hark etenik gabeko ikuskapen lana gomendatzen zuen. Gainera, falla bat aurkitu zuten inguru horretan bertan.

Abenduaren 22ko 264/2021 Errege Dekretuak (Presen Segurtasunerako Araudiak) zaintza, auskultazio eta ikuskapen jarraitua betetzera behartzen du. Hala ere, eremua erabat utzitako egoeran dago: luizi handi batek bidea blokeatzen du, berrogeitaka urteko sasiak lurra estaltzen du eta ez dakigu ezer mugitzen ari den. Horrez gain, hurbileko baserri baten ondoan eraikitako horma (presaren lanek eragindako bi luiziren ostean etxea babesteko jarri zutena) ez dira inondik inora aztertzen ari. Teorian hori guztia Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren ardura da, baina presaren obraren eraginez desjabetutako eremu bat ez dela bere ardura dio idatziz, harro.

​Nahiz eta desjabetze aktek lur publikoak direla dioten, erakundeek erantzukizuna saihesten dute. Eusko Jaurlaritzarena da presa (URA kudeatzailea besterik ez da), baina URAk salaketa artxibatu zuen informazio eskaera soil gisa tratatuta, eta ondoren, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Demografia Erronkarako ministerioak erantzukizuna hara bideratu du idazki baten arabera.

​Nor ari da gaur egun araudia betetzen eta bizilagunon segurtasuna zaintzen? Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu, presaren jabe eta arduradun nagusi gisa, bere gain har dezala berehala eremu honen erabateko zaintza eta konponketa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide