Espainiako Kongresuaren kasuan, D'Hondt sistema erabiltzen da alderdi bakoitzari zenbat eserleku dagozkion ebazteko. Victor D'Hondtek asmatu zuen bere izena daraman sistema, XIX. mendearen amaieran. Sistema horrekin, eserlekuak ez dira lortutako botoen arabera proportzionalki banatzen, baina ariketa sinple bat eginda uler daiteke nola egiten den. Badaude beste sistema batzuk ere, baina Espainian eta beste zenbait herrialdetan D'Hondtena erabiltzen dute; besteak beste, Argentinan, Frantzian, Belgikan, Finlandian, Israelen eta Japonian.
Lurralde batean eserlekuak nola banatuko diren kalkulatzeko, lehenik eta behin bi datu izan behar dira esku artean: alderdi bakoitzak jasotako boto kopurua eta lurralde horretan banatuko den eserleku kopurua. Espainian, emandako botoen %3 lortu ez dituzten hautagaitzak banaketa horretatik kanpo geratzen dira zuzenean. Beraz, egin beharreko lehen ariketa %3 hori gainditzen duten hautagaitzen boto kopurua hartzea da. Ondoren, alderdi bakoitzaren boto kopurua zatitu egin behar da lurralde horretan banatzekoak diren eserleku kopuruarengatik, hainbat bider.
Demagun probintzia batean bost eserleku banatu behar direla, eta hiru hautagaitzak lortzen dutela botoen %3 baino gehiago: A alderdiak, 80.000 boto; B alderdiak, 65.000 boto, eta C alderdiak, 23.000 boto. Kopuru horiek bost aldiz zatitu behar dira: zati bat, zati bi, zati hiru, zati lau eta zati bost.
A alderdia: 80.000 (zati 1) / 40.000 (zati 2) / 26.666 (zati 3) / 20.000 (zati 4) / 16.000 (zati 5)
B alderdia: 65.000 (1) / 32.500 (2) / 21.666 (3) / 16.250 (4) / 13.000 (5)
C alderdia: 23.000 (1) / 11.500 (2) / 7.666 (3) / 5.750 (4) / 4.600 (5)
Bost emaitza handienentzat izango dira probintzia horretako eserlekuak. Adibidean, A alderdiarentzat izango litzateke lehenengoa, 80.000 botorekin; B-rentzat bigarrena, 65.000rekin; A-rentzat hirugarrena, 40.000rekin; B-rentzat laugarrena, 32.500ekin; eta A-rentzat bosgarrena, 26.666rekin. C alderdiak, boto gutxi batzuengatik (3.667) galduko luke azken eserleku hori.